PASAIAKO KANPO KAIA. INGURUMEN IRAUNKORTASUNERAKO TXOSTENA

Ingurumenean «ondorio kritikoak» izango ditu Pasaiako kanpoko kaiak

Portu Agintaritzak 34 neurri proposatu ditu ondorio «kritikoak» arintzeko; baina, hala ere, «larriak» izango lirateke. Ehun hektareako kanpoko kaiaren alde dago oraindik Miguel Buen

ainara arratibel gascon
Pasaia
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
«Pasaiako kanpo kaiak hainbat eragin kritiko izango ditu ingurumenean; nahiz eta, aplikatuko ditugun neurri zuzentzaileei esker, eragin horiek arindu eta larriak izatea lortuko dugun». Hala aitortu du Miguel Buenek, Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak. Portu Agintaritzako Administrazio Kontseiluak atzo onartu zuen Ingurumen Iraunkortasunerako Txostena. Txostenak 600 orrialde ditu, eta60 orriko laburpen bat. Bertan, 100 hektareako kanpoko kai txikiagoaren alde egin du Portu Agintaritzak. «Halako azpiegitura bat eraikitzerakoan kontuan hartu behar diren aldagaiak egokien bateratzen dituena da», nabarmendu dute txostenean. Portu Agintaritzaren arabera, «ekonomikoki aukerarik bideragarriena da; Pasaiako badia biziberrituko du, eta egungo portuaren jarduera handitu».

Alor horretan eskumena duten erakundeei bidaliko diete txostena, eta jendaurrean ere jakinaraziko dute. 45 egunez helegiteak jartzeko aukera egongo da. Behin helegite eta proposamen horiek jasota, txostena berrituko du Portu Agintaritzak. Horrekin, Espainiako Ingurumen Ministerioarekin batera, Ingurumen Memoria egingo dute.

Kanpoko kai txikiagoak ingurumenean izango lituzkeen ondorioen artean, txostenean ondorengoak aipatu dituzte: kalteak itsasertzaren dinamikan; aldaketak uraren kalitatean; gorabeherak lurraren kalitatean; hondakin kopuruaren handitzea; kalteak ekosistema naturaletan, nahiz Azabaratzako hondartzan eta Jaizkibelgo itsaslabarretan; kalteak lurreko nahiz itsasoko fauna eta floran -itsasoko faunaren kasuan, kalte horiek «ez dute atzera bueltarik» -; eta gorabeherak paisaian.

Eragin edo ondorio «kritiko» horiek arintze aldera, 34 neurri zuzentzaile proposatu ditu Portu Agintaritzak txostenean. Hauek dira esanguratsuenak: Jaizkibel iparraldeko errekak bertakotzea edo naturalizatzea; kanpo kaiaren eraikuntzaren ondorioz kaltetutako udalerrietako gune degradatuak berritzeko neurriak hartzea; Azabaratzako hondartza desagertuko denez Kalaburtzakoa berritzea, jendeak erabili dezan; inguruko hondartzak onera ekartzea Azabaratzako hondarra erabilita; eta kaltetutako guneen ingurumena lehengoratzea. Proiekturako erabiliko duten diruaren %10 eta %15 inguru neurri horiek ezartzeko erabiliko dute, Buenek azaldu duenez. Neurri horiek aplikatuz, ondorio «kritiko» horiek «larriak» izango liratekeela nabarmendu du Buenek.

Ingurumenaren ikuspegitik, zentral termikoaren kokapena izan da beste eztabaidagaietako bat. Izan ere, hainbat taldek, elkartek eta alderdi politikok hura ixteko eskatu dute. Horri ere aipamena egin diote txostenean. Gogorarazi dute egungo zentralak 2022ra arte duela jarduteko baimena. «Kanpoko kaia eraiki zein ez». Gainera, kanpoko kaia eraikiz gero, bi aukera dituzte esku artean, energia sortzeko azpiegiturei lotuta: ziklo konbinatuko zentral bat eraikitzea edo zentral termiko bat egitea. Lehenak gasarekin funtzionatuko luke, eta besteak ikatzarekin. Ikatzaren kasuan, erre aurretik tratatu egingo lukete, hainbat gai kutsagarri kentzeko.

Baina kanpoko kai txikiagoak ingurumenean izango lituzkeen ondorio eta eraginak aipatzearekin batera, txostenean adierazi dute «ondorio ekonomiko positiboak» izango lituzkeela. Azpiegitura eraikitzea 765 milioi euro kostako da. Portuaren jarduera, gainera, igo egingo litzatekeela jaso dute. Hala, 2030erako salgaien joan-etorria 9 milioi tona ingurukoa izatea aurreikusi dute, egun baino 4 eta 5 milioi tona inguru gehiago. «Trafikoa gehiago handituko balitz, gainera, dike nagusia handitzeko aukera dago».

Beste aukerak

Beste lau aukera ere aztertu dituzte txostenean. Horietako bat 172 hektareako kanpoko kaia izan da. Hasiera batean horren alde egin zuen Portu Agintaritzak, baina ekainean 100 hektareakoaren alde egitea erabaki zuen. Egungo krisi ekonomiak eragindako murrizketen eta atzeraldiaren ondorioz egin zuten hori. «Hasierako proiektu horrek, gainera, eragin handiagoa du ingurumenean», adierazi dute txostenean aukera horren inguruan.

Egungo kaiari eusteko aukera aztertu dute. «Oraingo ingurumen ondorioak mantentzeaz gain, portuaren jarduera geratzea ekarriko luke. Pixkanaka-pixkanaka portua hiltzen joango litzateke». Hori dela eta, baztertu egin dute.

Egungoa mantendu bai, baina inguruko kaiekin-Bilbokoa eta Baionakoa, batez ere- lankidetza areagotzea da beste proposamenetako bat. Baina hori ere ez du begi onez ikusten Portu Agintaritzak. Txostenean jaso duenez: «Burdinak deskargatzeagatik sortzen diren soinuak eta partikulen emisioak murriztuko liratekeen arren, zentral termikoari lotutakoak mantenduko lirateke». Gainera, portuaren jarduera %50-%65 artean murriztuko litzatekeela nabarmendu du. «Alde horretatik, portua bere horretan uzteak baino eragin negatiboagoa izango luke inguruko portuekin lankidetza sustatzeak».

Txostenean aztertu duten azken aukera egungo portuarekin batera Lezo-Gaintxurizketan plataforma logistiko bat eraikitzea izan da. Aukera horrekin ere kritiko agertu da Portu Agintaritza: «Kasu honetan La Herrerako egoera hobetuko litzatekeen arren, Lezo, Errenteria, Pasai Antxo eta Altza kaltetuko lirateke, salgaien trafikoan egongo litzatekeen igoeraren ondorioz». Gainera, elikagaien, pastaren, paperaren, ongarrien eta produktu metalurgikoen garraioak egingo du gora, «ez salgai garrantzitsuenak». «Gainera, ez litzateke aukerarik izango kaira salgai berriak iristeko».



«Kanpoko kaiak hasieratik bikoiztuko dugaur egun dugunaren eraginkortasuna»

MIGUEL BUEN
Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea




Salgaien trafikoak %14,9 egin du gora Pasaiako kaian

2.455.839 tonakoa izan da salgaien trafikoa abuztura bitarte Pasaiako portuan; iaz baino %1,4 gehiago. «Oporren ondorioz, uztailean eta abuztuan jaitsiera txiki bat izan da, baina gainontzean emaitzak onak izan dira», adierazi du Portu Agintaritzako zuzendari nagusi Gregorio Irigoienek. Siderurgiari lotutako produktuen garraioak %30,1 egin du gora. Pasaiako portuko garraioaren %43,90 siderurgia produktuak dira. %11,91 hazi da, halaber, burdineriaren trafikoa. Ia antzeko igoera izan du autoen trafikoak: %11,06koa, hain zuzen ere. Arrainen trafikoaren hazkundea %18,1ekoa izan da urteko lehen zazpi hilabeteetan; abuztuan, haatik, igoera hori zertxobait handiagoa izan da: %23,4koa.





Zurriolako hondartzako lanak eskaini ditu Espainiak

Donostiako Zurriolako kai muturra konpontzeko modua aztertzeko eta hondartzan hondarra jartzeko lanak eskaini ditu Espainiako Itsas, Landagune eta Ingurumen Ministerioak. 300.000 euroko aurrekontua izango du, eta 11 hilabetean egin beharko dute. Hondartzaren arazoak ere aztertuko ditu ikerketak.





Ez dela bideragarria frogatu du, Jaizkibel Bizirik-en iritziz

Jaizkibel Bizirik-en irudiko, Pasaiako Portuko Agintaritzak egindako Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenean aitortu dute kanpoko portuak eragin kritikoak dituela Jaizkibelen. Kanpoko portuaren aurka dagoen erakunde horren iritziz, eragin kritiko bakar bat egoteak arrazoi nahikoa izan beharko luke proiektua atzera bota eta beste bat egiteko. «Izan ere, naturguneetan eragindako kaltea bueltarik gabekoa baita», adierazi du prentsa ohar batean. Jaizkibel Bizirik-en irudiko, ingurumen eragin handia ez ezik, «bideragarritasun ekonomiko falta» ere agerian utzi dute txostenean. Izan ere, kanpoko portuak 9,4 milioi tonako salgaien trafikoa aurreikusten du 2028rako. «Azken urteetako batzuetan sei milioi tonako trafikoa ere gainditu da». Jaizkibel Bizirik-en esanetan, Portuko Agintaritzak ez du aztertu nahi izan «alternatibarik bideragarriena». Alegia, egungo portua zama lanetarako instalazio berriekin egokitua, eta ingurumen kudeaketa bat ezarrita, portuaren jarduera eta ingurumena modu egokian bateratzeko. Aukera hori «nahita ahaztu» izana egotzi dio Portu Agintaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.