Duela astebete inguru jakinarazi zen albistea. Uztailaren 7an bost ur lagin hartu ziren Uribarri-Ganboan, eta horietatik lau laginetan zebra muskuiluaren larbak antzeman zituen Ebroko Konfederazio Hidrologikoak (EKH). Emaitza apur bat ustekabean heldu dela onartu du Tomas Epalza EAEko Uraren Agentziako zuzendariak, ekainaren 21ean egindako azterketan ez baitzen larbarik sumatu. Dena den, larbak aurkitzearen arriskua bertan egon dela gogorarazi du. «Prebentzioan lan egin dugun arren, jakin bagenekien uneren batean emaitza hauek izango genituela».
Bihar bertan zebra muskuiluaren jarraipena egiten duen EAEko batzordea bilduko dela jakinarazi du Epalzak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundietako, EKHko, Uraren Agentziako, Euskal Herriko Unibertsitateko eta beste hainbat arlotako ordezkariek informazio gehiago pilatuko dute: zenbat lagin hartu ziren, nongoak diren larbak zituzten laginak... Informazio guztia biltzean hemendik aurrera hartu beharreko neurriak zehaztuko dituzte bertan dauden guztien artean.
Oraingoz ez da neurri zehatzik hartu Uribarri-Ganboako urtegian nabigazioari dagokionez, baina epe laburrean egingo zaion azterketan larbak antzematen badituzte zebra muskuiluaren presentzia baieztatuta duten urtegien zerrendan sartuko litzateke
Arabako ur biltegi handiena
Uribarri-Ganboako urtegian zebra muskuilua ezartzearen arriskua are handiagoa dela azpimarratu dute elkarte ekologistek albistearen berri izan orduko. Arabako ur biltegi handiena da, eta bertako ura Bilbo Handian edaten da, besteak beste. Epalzak berak arrazoia eman die, besteak beste, Kantauri isurialdeko ibaietara jauzi egin dezakeelako zebra muskuiluak. «Beste bektore bat dela ezin da ahaztu». Isurialde horretan ez da kutsatutako urtegirik edo ibairik antzeman, orain arte. Dena den, Epalzak gogorarazi du Ribarrojatik (Herrialde Katalanak) Sobronera arteko ur mugimendurik ez dagoen arren bertara ere heldu dela zebra muskuilua.
Zebra muskuiluaren hedatze lanean gizakiaren esku hartzea erabakigarria dela gogorazten dute adituek. Muskuilu horrek ez du bere kabuz ibaian gora egiteko ahalmenik, eta bestelako bideen bitartez lortzen du. Ontziak, ur kirolak egiteko erabiltzen diren tresnak, arrantzarako tresneria... Zebra muskuilua duten edozein urtegitan edo ibaitan tresna horiek erabiltzen badira, larbak oharkabean garraiatzeko gai dira. Uribarri-Ganboako urtegiaren berezitasunen ondorioz -ur hornitzaile handia da, eta arroaren buruan dago- «babestutako urtegia» izendatu zen prebentzio lanak indartzeko. Horren ondorioz ontziak konfiskatzeko eskumena zuten bertan zaindariek, eta ontziak desinfektatzeko gune berezi bat egokitu zuten, besteak beste.
Uribarri-Ganboan aurkitutako larben jarraipenak urtegiaren benetako egoera argitu bitartean prebentzioaren garrantzia azpimarratu du Epalzak. Behin muskuilua ezartzen denean zaila da horren kontrako neurririk hartzea, batez ere ibai eta urtegietan.
Nafarroan, aurreratuago
EAEko instituzioak haien lana bizkortzen eta egokitzen ari dira gaur egun. Nafarroako instituzioek, bitartean, hilabete asko daramatzate izurri honen kontra borrokan. Zebra muskuilua azkar hedatu da Nafarroatik igarotzen den Ebroren zatian, eta hainbat herri kaltetzen hasi da dagoeneko, Corella, Cintruenigo, Tutera edo Mendabia kasu. Ebro ingurua gainditzeko keinua ere egin zuen zebra muskuiluak. 2006ko azaroan Arga ibaiak Huarte inguruan larbak zituela ikusi zuten, baina 2008 hasieran arriskua urrundu dela jakinarazi dute.«Dena den «lasaitzeko aukerarik ez dago», jakinarazi du Jokin Larrunbe Nafarroako Gobernuko Habitat Arloko arduradunak.
Ebro ibaiak Nafarroa ondoan egiten duen zatian sortu dituen kalteak agerian gelditzen hasi dira. Nabarmenenak ureztatze azpiegituran izan dira. Landareengan ez du zertan eraginik izan behar, baina ureztatzen sisteman eragin zuzena du. Tutuen barruan hazten da muskuilua, eta tutuen diametroa hogei zentimetro murritz dezake azkenean. Kaltetutako hori aldatzea garestia da, eta muskuilua hil dadin hodia bi astez lehortzen utziz gero landatutakoa gal daiteke.
Kalte horiek Ebroko ura hartzen duten industriara ere heldu dira, eta egoera horri aurre egiteko modua aztertzen ari dira. Kontuan hartu behar da, baldintza onetan, metro koadroko 18 kilo zebra muskuilu pila daitezkeela, Imanol Zia Anhidra ingurumen aholkularitza enpresako adituak argitu bezala. Enpresatan baldintza horiek ematen ez badira ere, kalte handiak sor ditzake.
Europako hainbat herrialdetan denbora luzea daramate zebra muskuiluarekin elkarbizitzen. Ameriketako Estatu Batuetan dirutza ematen dute enpresa batzuk izurriteari aurre egiteko. Ontario Power Generation enpresak, esate baterako, 30 milioi dolar ematen ditu muskuiluaren aurka borrokatu eta kontrolpean izateko. Alemaniara duela 200 urte baino gehiago heldu zen zebra muskuilua, eta lantegietako ur sistemak horren arabera moldatu dituzte; ur azpiegiturak huts ditzakete, eta noizean behin bertako ur guztia kentzen dute hamabost egunez muskuilua hil dadin. Iragazki bereziak ere asmatu dituzte zebra muskuiluari aurre egiteko, baina hiru milioi euro inguru balio dute.
Ur lasaien laguna
Zebra muskuiluak baldintza askotara egokitzeko gaitasuna duen arren, ur masa lasai eta epelak ditu gustukoen. Baldintza horietan azkar ezar daiteke, eta denbora gutxian modu adierazgarrian hedatu. Hori dela eta, urtegiak dira orain arte kalte gehien sumatu dutenak Euskal Herrian. Baldintza horiek apur bat mugatu egiten dute muskuiluek hainbat ibaitara jauzi egiteko arriskua. Izan ere, Euskal herrian badaude ibai asko tenperatura baxuak dituztenak, ura azkar daramatenak, eta, unezehatzetan, neguan izozten direnak.
Zebra muskuilua heda dezaketenen artean higiene ohitura egokiak zabaltzearen alde daudegaia landu duten denak, mehatxuak ibaian gora egin ez dezan.
Zer da zebra muskuilua?
Maskor biko muskuilua da. Ur gezatan bizi den arren, ur gazikaran ere bizi daiteke. Heldua denean hiru zentimetro luze izan daiteke, eta maskorra triangelu formakoa du. Marra argiak eta ilunak ditu maskorrean, sigi-saga egiten, eta bertatik datorkio zebra muskuilu izena. Bere izen zientifikoa Dreissena polymorpha da.Espezie inbaditzaileak ohikoak
Karramarro gorri amerikarra: 1974an sartu zen ibaiak birpopulatzeko, baina bertako karramarroa poliki-poliki desagerrarazi du. Ibaien ertzetan egoten da, eta egiten dituen zulatze lanen bidez ibai ertzen jatorrizko izaera aldatzen du.Lutxoa: 1949. urtean Espainiara eraman zuten, eta ordutik Iberiar Penintsulako ibai eta urtegi askotara heldu da. Animali jatuna da, eta bertako arrain mota askoren populazioen beherakada eragin du.
Floridako dortoka: Ur gezatako animali hau 1987 aldera asko inportatu zen maskota moduan. Askatu zituztenean bertako dortokei gailendu zitzaizkien. Haragijaleak dira, eta bertako arrain txikiak jaten dituzte.
Bisoi amerikarra: Larrugintzan diharduten enpresetan erabiltzen den bisoi mota da. Enpresa horietatik alde egin duten bisoiak bertako bisoia baztertzen ari dira, eta desagerrarazteko bidean utzi. Handiagoa eta erasokorragoa da.
200.000
Baccharis Halimifoliaren aurka. 2008an 200.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Urdaibai inguruan kalteak sortu dituen landare inbaditzaile horrekin bukatzeko.Nola heldu da Euskal Herrira?
Izatez Kaspiar itsasokoa eta Itsaso Beltzekoa da espezie hau, baina herrialde askotara zabaldu da, gizakiaren jardunaren ondorioz kasurik gehienetan. Ebro ibaiaren bukaeran, Xertatik Ribarrojara(Herrialde Katalanak), 2001. urtean aurkitu zuten. 2006. urtean lehen zebra muskuilu helduak aurkitu zituzten Nafarroan.Imanol Zia Abaurre Mendi Ingeniaritzako doktorea
Gizakiaren ostean gehien ikertu den espeziea zebra muskuilua dela diote adituek; Imanol Ziak baieztapen hori egia izan daitekeela dio, kalte handiak eragiteko gai baita muskuilua.
«Ez dute zebra muskuilu helduek agertu behar kezkatzen hasteko»
J.R. GasteizZebra muskuiluaren inguruan tesiaren egin zuen Imanol Zia Abaurrek (1967, Azpirotz). Mendi Ingeniaritzan doktorea da, eta iaz Lareoko urtegian muskuilu horren larbak -gerora ezarri ez zirenak- aurkitu zituen adituetako bat da. Anhidra ingurumen aholkularitza enpresan egiten du lan, eta Espainiako konfederazio hidrografikoek hartutako laginak aztertzen dituzte bertan.
Nola baloratzen duzu Uribarri-Ganboako urtegian zebra muskuilu larbak agertu izana?
Oso garrantzitsua iruditzen zait albiste hori. Beste tokitan agertu dira, baina gehienak Ebro inguruan izan dira. Dena den, oraindik badaude argitu beharreko gauza batzuk, larben dentsitatea kasu. Urtegi batean larba bakar bat agertzea kezkatzekoa da, baina badago nolabaiteko muga. Litro bakoitzeko 0,05 larba da muga; hortik aurrera larben presentzia arriskutsutzat hartzen da.
Uda larben gorakadarako une egokia da, ezta?
Zebra muskuiluak uraren tenperaturaren araberako jokabide eredua du, neurri batean. Uraren tenperatura gora doanean zebra muskuiluaren ugalketak gora egin ohi du. Behar dituen tenperaturak ez dira urtegi guztietan ematen, ordea.
Larbak agertzea muskuiluak bertan ezarriko diren seinale al da?
Aukera asko ditu, baina ez da beti gertatzen. Toki bat kutsatzeko ale asko sartu behar dira, eta nolabaiteko maiztasunez. Larbek hilkortasun tasa handia dute, eta agian ez da ezartzen.
Lehengo urtean Lareon horixe gertatu zen, ezta?
Lareon hori gertatu zela esan daiteke. Lehen laginak positibo eman zuen, eta arduradunari jakinarazi genion. Oharra eman ostean egoera apur bat nahastu egin zen. Gerora egindako azterketetan positiboa emanez gero bigarren laginera arte itxoitea aholkatu dut, positiboa dela konfirmatzeko.
Muskuilu helduak agertzea mugarritzat hartuko litzateke muskuiluaren bilakaeran?
Ez dute zebra muskuilu helduak agertu behar kezkatzen hasteko. Uribarri-Ganboan lagin berriak hartu eta larbak ikusiko balituzte kezkatzekoa litzateke, ezar daitekeela sumatzen baita horren bidez. Muskuilu helduak agertzean esan daiteke izurritea ezarrita dagoela.
Zein puntura arte baldintzatzen du zebra muskuiluak ingurumena?
Espezie honek dentsitate ikaragarriak har dezake. Ebro ibaiaren bukaeran dagoen Ribarroja urtegian 18 kilo muskuilu pilatu izan da metro koadro batean. Esaten da zebra muskuiluak egunean litro eta erdi ur iragazten duela. Milioika ale dauden tokietan ura arazten dute, garbiagoa bihurtzen da, horrek landare zehatzen sorrera errazten du hondoan, eta, horrekin batera, ingurumena aldatzen dute. Euli beltza agertzea beste ondoriotako bat dela diote. Ebro ibaian egindako azterketa batzuetan parasito espezie ezberdinak ekarri dituela ikusi da, eta horrek bestelako ondorio batzuk ekartzen ditu luzera begira.
Esparru ekonomikoan, esate baterako?
Agertu zenetik kalte handiak eragin ditu. Adibide bat jartzeagatik Garoñako zentral nuklearrak 540.000 euro inguru eman ditu zebra muskuilu kontrolatzeko. Udalerriren batean uraren banaketa aldatu behar izan zuten zebra muskuilura egokitzeko, adibidez. 2025. urtera arte 40 milioi euroko galera ekonomikoak sortuko dituela aurreikusten da. Ura ibaietatik hartzen duten enpresetan eragina du, ureztatze elkarteetan, itsasontzien trafikoan...
Prebentzio neurriei buruz hitz egiten da.Eraginkorrak al dira?
Prebentzio neurriak ezartzea da egin daitekeen onena. Dena den, neurri horiek zehaztea oso erraza bada ere egitea ez da horren erraza. Ontzi bat urtegi batean sartu aurretik desinfektatu egin behar da, baina zaila da hori egitea bi zaindari badago 500 kilometroko gunea zaintzeko. Prebentzio neurriak eginez gero -ontziak desinfektatu, arrantzaleen kontrola, motorrak desinfektatzea...- ez legoke arazo handiegirik. Prebentzioa da egin daitekeen onena, muskuilua ezartzen denean oso zaila baita kontrolatzea.
Muskuilua ezartzeanelkarbizitza bideak tapatu beharko direla esan da noizbait...
Egin behar den azken gauza elkarrekin bizitzera ohitzea da. Oraingoz ez dugu horretan pentsatu behar. Nire ustez, Uribarri-Ganboako urtegian larbak daudela berrestu beharko litzateke. Hori frogatzean urpekari profesionalak kontratatu beharko lirateke, eta larbak sortu dituzten muskuilu helduak topatu. AEBetan hori gertatu zen, eta helduak oso esparru mugatuan zeudenez ehun berezi batekin estali zituzten, eta oxigenoaren degradazioaren ondorioz muskuiluak hil ziren.