Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ingurumena

Ingurumena. Panorama goitik behera astindu zuen lurrikara

Ingurumenarekin lotutako gaiek gero eta leku garrantzitsuagoa dute agenda politikoan, eta Zaldibarko hondakindegia amildu izanak are gehiago azkartu du prozesu hori; agerian utzi ditu alor horretako gabeziak eta konpondu beharreko arazoak. Hori nabaria da alderdi politikoen hauteskunde programetan.

Klima aldaketaren aurkako grebaren protesta, Bilbon, iaz. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Aspaldi honetan, ingurumenari loturiko gaiek lortu dute tokia egitea agenda politikoan klima larrialdia da horren adibiderik behinena, eta hauteskunde kanpainetan hizpideetako bat izaten dira. Ez nagusia, baina bai hizpideetako bat: gogoratu besterik ez dago 2015eko foru bozetan zaborren kudeaketak nolako pisua hartu zuen hauteskunde eztabaidetan. Iazko abenduan Madrilen egindako COP25 klima larrialdiaren inguruko goi bileraren emaitza apalen ostean, pentsatzekoa zen gaia, gutxi edo asko, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan ere egongo zela. Baina orduan, lurra amildu zen Zaldibarren (Bizkaia), eta geroztik ezer ez da berdin izan.

Egia da Zaldibarko auzia ez dela soilki ingurumenari lotutako hondamendia oraindik ere, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen gorpuek agertu gabe diraute, eta kudeatzeko modu oso bat jarri duela ezbaian otsailaren 5ean gertatutakoak. Baina, aldi berean, agerian utzi du hondakinena lehen mailako arazoa dela oraindik, eta soluzioak mahai gainean jarri behar direla.

Krisi ekologiko larria eragin zuen Zaldibarko hondamendiak. Hondakinen arloan instituzioek gizarteratutako diskurtso ofiziala alegia, Zubietako erraustegia lanean hasi ostean EAEk bazuela arazoari heltzeko azpiegitura osoa, auzia konpontzeko bidean zegoela eta, beraz, datozen urteetan birziklatze tasak apurka-apurka igotzea baino ez zela falta ezbaian jarri zuen gertatutakoak, eta arazoa bere gordinean azaleratu. Irregulartasunak, praxi txarrak eta kontrolen hutsuneak ere agerian gelditu ziren.

Ez hori bakarrik: aire kutsadurarekin lotutako arazo bat ere sortu zuten amiltzearen ostean hondakindegian piztutako suteek; dioxina eta furanoen emisioak asko igo ziren, eta horrek kezka eragin zuen inguruko herrietan.

Zalantzaz beteriko garai hauetan, eta hiru hilabeteko alarma egoeraren ostean, zaila da igartzea zein izango den hautesleen jokabidea, baina, seguru asko, oraingoan herritarrek arreta handiagoa jarriko dute ingurumenaren arloan eta bereziki zabortegi eta hondakinen kudeaketan alderdi bakoitzak proposatzen duenari. Alderdiek euren programetan eta kanpainaren orain arteko adierazpenetan gaiari emandako garrantziak erakusten du ingurumenak, behingoz, lortu duela agenda politikoan leku bat egitea.

Jaurlaritzaren jarduera

Zaldibarko hondakindegia amildu aurretik, klima larrialdia izan da kezka garrantzitsuena ingurumenaren arloan, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ere hori hartu du lan ildo nagusitzat. EAJk eta PSE-EEk gobernu hitzarmena sinatu zutenean, sozialisten esku gelditu zen saila Iñaki Arriola izan da sailburua, eta horrek aukera ematen zien arlo horretan aztarna uzteko.

Eusko Jaurlaritzak 2019ko uztailean plazaratu zuen larrialdi klimatikoaren adierazpena, eta joan den urtarrilean Ekonomia Zirkularraren 2030eko Estrategia onartu zuen. Ekonomia zirkularra sustatzea, berotegi gasen isuriak murriztea eta, oro har, trantsizio ekologikoaren oinarriak jartzea izan dira ezarritako xedeak.

Anbizio handiko helburuak agertzen dira aipatutako estrategian, baina elkarte eta erakunde ekologistek askotan salatu dute alferrikakoa dela asmo onak zerrendatzea zalantzan jarri barik AHT abiadura handiko trena, Bilboko hegoaldeko saihesbidearen handitzea, Zubietako erraustegia, Getxo eta Portugalete (Bizkaia) lotuko dituen lurpeko errepide berria eta, finean, klima larrialdiaren aurreko garaikoak diruditen egitasmoak.

Jarduera legegileari dagokionez, agintaldiaren balantzea gorabeheratsua da. Ingurumen arloko lege esanguratsu bakarra onartu du Eusko Legebiltzarrak, Jasangarritasun Energetikoari buruzkoa, 2019an. Ingurumen Administrazioaren Legearen eta Natura Ondarea Kontserbatzeko Legearen aurreproiektuak onartu zituen Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak, eta Klima Aldaketari Buruzko Legearen aurreproiektua ere landu dute, baina hiru egitasmo horiek ez dute jaso legebiltzarraren onespena, eta oraingoz aurreproiektuak dira, datorren agintaldian gainditu beharreko gai gisa.

Hauteskunde programak

Hain zuzen ere, hiru aurreproiektu horiek lege bilakatzea eta trantsizio energetikoari buruzko legea onartzea agertzen dira EAJren Euskadi zutik izeneko hauteskunde programaren konpromisoetan, datorren agintaldian garatu nahi dituzten beste 24 legeekin batera.

Programaren aurkezpenean, jeltzaleek bost ildo nagusi edo «herri konpromiso estrategiko» zehaztu zituzten datozen urteetarako, eta horietako bat klimari dagokio. 2020tik 2030era bitarteko hamarkada «ekologiaren hamarkada» izatea nahi du EAJk, eta, horretarako, zenbait xede ezarri dituzte: 2025. urterako berotegi gasen emisioa %30 murriztea, energia berriztagarriak azken energia kontsumoaren %20 izan daitezen lortzea, eta «Euskadi Europako lehen lau herrialdeen artean kokatzea efizientzia energetikoan».

Xede orokor horiek lortzeko, zenbait ekinbide proposatzen ditu EAJk bere hauteskunde programan. «Mugikortasun iraunkorra» lortzeko bidean, burdinbideari lehentasuna eman nahi diote, eta horretan AHTaren egitasmoa sartzen dute: Euskal Y abiadura handiko sarea burutzea, Irun, Donostia, Ezkio, Bilbo eta Gasteizko geltokiak eraikiz, eta hiru hiriburuen artean abiadura handiko «intercity zerbitzuak» kudeatzea eta prestatzea. Estrategia energetikoari, klimaren aldeko ekintzari eta ingurumen estrategiari buruzko arloetan ere ekinbide ugari proposatzen dituzte.

Hondakinei dagokienez, «ekonomia zirkularra» sustatzearen aldekoa da EAJ, hondakinen %60 baino gehiago birziklatzea xedetzat hartuta. Hondakin industrial ez-arriskutsuen biltegiratzea, egiaztapena eta balorizazioahori zen Zaldibarko hondakindegian jasotzen zutena egiteko kudeaketa publikoko zentro bat abiatzea proposatzen du. «Hondakin industrialen isurketaren gaineko kanon bat» ezarri nahi du, baina enpresei bi urteko moratoria bat emanda.

EH Bilduren programan, «gure garaiko erronka historiko» gisa definitzen dute klima larrialdia, eta horren kontra borrokatzeko hainbat neurri proposatzen dute: larrialdi klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren legea onartu, klima neurrien jarraipenerako departamentu arteko batzordea eratu, karbono neutraltasuna ahalik eta azkarren lortzeko itun politiko-soziala egin, baliabide fosilen desinbertsio plan integrala egin, energia berriztagarriak bultzatu erakunde baten bidez, eta abar.

Horretaz gain, proposamen ugari agertzen dira ingurumenaren, mugikortasun jasangarriaren eta natura ondarearen arloetan, berrogei inguru. Hartutako konpromisoen artean agertzen da ingurumen fiskalitateari buruzko legea onartzea, merkataritza gune handiak mugatzea, hondakinen lurralde antolamendua hobetzea eta garraio publikoko «sare moderno eta jasangarria» sortzea, besteak beste.

Elkarrekin Podemos koalizioarentzat, «ardatz berdea» da bere programaren harroinetako bat. «Industria jasangarriaren, energia trantsizioaren eta ekonomia zirkularraren aldeko euskal ituna» proposatzen dute, Bizkaiko hegoaldeko saihesbidearen eta erreka azpiko bidearen proiektuak «baztertzearen» alde egiten dute, eta berotegi gasen isurketa %60ra murriztu nahi dute 2030erako. Karbono neutraltasunari dagokionez, helburu hori 2040rako lortu nahi dute, eta %50 2030erako, gasa eta bestelako hidrokarburoak ateratzeko proiektu guztiak debekatuz.

Hondakinen arloan, berriz, Elkarrekin Podemosek hiri hondakinen %80 gaika jaso nahi ditu 2024rako, eta zergak ezarri hondakinak zabortegietara edo errauskailuetara eramateagatik.

PSE-EEk, berriz, hamazazpi helburu nagusi ekarri ditu bere hauteskunde programara, eta horietatik seik zuzeneko zerikusia dute ingurumenarekin. Energiaren arloan, karbono neutraltasuna 2050erako lortzea ezarri dute xedetzat, eta bidezko trantsiziorako plan estrategikoa egitea proposatzen dute. «Klima fiskalitatearen» alde ere egiten dute. Hondakinei dagokienez, lege bat onartzea proposatzen dute, «hiru herrialdeetarako xede komunak ezarriko dituena».

PP-Ciudadanos koalizioa, berriz, KLIMA 2050 klima aldaketaren kontrako euskal estrategia garatzearen alde agertzen da bere hauteskunde programan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.