«Asko gara proiektu txikitzaileen aurkakoak, eta hori ikusteak indarra ematen digu abiadura handiko trena geldiarazteko». Bederatzi egunez, Bizkaia bizikleta gainean zeharkatu dute Mugitu mugimendukoek. Eta atzo amaitu zen AHTaren aurkako bizikleta martxa, Bilbon. Azken kilometroa, ordea, oinez egin zuten; Sabin Etxearen aurretik igaro ziren, energia, garraioa eta hondakinak «negozio» bihurtu direla salatzeko. «Bidean ikusi ditugun ingurumen eraso guztiek erantzuleak dituzte: kasta politiko ustela, horien adierazle nagusia EAJ delarik, eta kasta hori babesten duen enpresa eta finantza sarea».
Bigarren urtez antolatu dute martxa, eta pozik daude zenbatek parte hartu duten ikusita: egunero 50 lagun inguru ibili dira bizikleta gainean, baina orotara berrrehun pertsonak hartu dute parte, tartean Bizkaitik kanpo heldutakoak. Uztailaren 25ean abiatu zen bizikleta martxa, Durangotik, eta astebete luzean Atxondo, Zornotza, Dima, Galdakao, Gernika-Lumo, Bakio, Lemoiz, Getxo, Santurtzi, Muskiz, Barakaldo eta Basauritik igaro dira, besteak beste.
Herriotara AHTaren aurkako aldarrikapenak eraman dituzte, eta mobilizazioak egin dituzte; herenegun, esaterako, Bilboko erdigunean biluzi egin ziren. Tokian tokiko borroken lekuko ere izan dira. «Desarrollismoaren adibide argia da Bizkaia: industria suntsitzailearen biktima izan arren, egitasmo txikitzaile asko dauzkate aurreikusita: urbanizazioak, azpiegiturak, kutsadura... Baina, erasoon kontra, erantzun itxaropentsuak aurkitu ditugu».
Baikor dira, protesten emaitzak ikusi dituztelako. Adibide gisa,Getxoko lurralde plana jarri dute: «Geldituta dago, jendea aurka agertu delako. Herri askotan pertsona asko dago eredu sozioekonomiko honen aurka antolatuta. Tokiko borrokak dira, baina indarrak bildu behar ditugu». Tren lasterra gelditzeko itxaropena ez dute galdu, eta martxak mezu hori zabaltzeko balio izan duela diote. «AHTari aurka egiteko beharra eta grina piztu dugu, gogotsu ikusi gaituztelako».
Ingurumen erasoak «kasta politiko ustelari» egotzi dizkio Mugituk
Bilbon amaitu da AHTaren aurkako bizikleta martxa.Trena geratzeko itxaropena agertu dute: «Asko gara proiektu txikitzaileen aurkakoak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu