Ingurumen arloan zer hobetu badagoela aitortu du Jaurlaritzak

'Ingurumenaren Egoera Euskadin 2020' txostenak «bilakaera ona» detektatu du ingurumen esparru guztietan, biodibertsitateari, hondakinei eta klima aldaketari dagokienetan izan ezik

Arantxa Tapia sailburuak atzoko Gobernu Kontseiluan eman zuen txostenaren puntu nagusien berri. EUSKO JAURLARITZA.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa 2002an hasi ziren ingurumenaren egoera adierazten duten aldagaiak monitorizatzen, eta ordutik hona izandako bilakaera islatzeko, Eusko Jaurlaritzak Ingurumenaren Egoera Euskadin 2020 izeneko txostena aurkeztu berri du. 87 orriko dokumentuak ingurumenari loturiko hamaika bektore errepasatzen ditu, eta, datuei erreparatuta, horietako gehienek «joera positiboa» agertzen dute. Dena den, zenbait arlotan «hobetu beharrekoak» ere daudela aitortu du Jaurlaritzak.

Txostenaren arabera, guztira zortzi dira 18 urteko tarte horretan bilakaera on bat izan duten esparruak, eta hiru, berriz, «hobetu beharreko joera» agertu dutenak. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak dokumentuan bildutako ondorio nagusien berri eman zuen atzo, astearteroko Gobernu Kontseiluan. Bilera Urdaibaiko Ekoetxean egin zuten, ekainaren 5eko Ingurumenaren Mundu Egunaren harira.

Bilakaera positiboa

Ikerketaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurpeko uren, bainatzeko uren eta kontsumorako uren egoera «ona» da, bertako biztanleen %98ak edaten duen ura «kalitate onekoa» den moduan.

Aireari dagokionez, kutsatzaile atmosferikoen emisioak «nabarmen» jaitsi dira 2003tik aurrera,eta, horrela, airearen kalitatea hobetzea ahalbidetu. Hain zuzen, datuen arabera, urteko egunen %91n airearen kalitatea «ona edo oso ona» izaten da, %6,3an «hobetzeko modukoa», eta %2,3an «txarra edo oso txarra».

Zaratari buruz, txostenak esaten du ingurune zarataren eraginpean dagoen biztanleria tasa Europakoa baino urriagoa dela, hiru lurraldeetako hiriburuek oraindik «zarata maila handiak» izan arren.

Baliabide materialei erreparatuta, etxeetako kontsumoa %21 murriztu da 2000tik 2017ra bitarte, «baliabideak aprobetxatuko dituen ekoizpen eta kontsumo eredu jasangarriago eta efizienteago bat lortzea posible dela pentsaraziz», Jaurlaritzaren arabera.

Lurzoruari dagokionez, kutsatuta egon litezkeen kokalekuen guztizko azalera %64 murriztu da 2010etik hona.

Ekonomia eta ingurumenaren arloan, berriz, txostenak azaltzen du barne produktu gordinaren eta ingurumen adierazle nagusien arteko «desakoplamendu nabarmena» ageri dela. Eta herritarren eta ingurumenaren arteko harremanari buruz, herritarrek ingurumena babestea «oso garrantzitsutzat» jotzen dutela dio ikerketak.

Azkenik, tokiko ingurumenari erreparatuta, Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak hiru lurraldeetako biztanleriaren %98 biltzen duela gogoratzen du txostenak.

Hobetu beharrekoak

Biodibertsitateari begiratuta, azterturiko hiru lurraldeetan, oro har, «hobetzeko modukoa» da interes komunitarioko espezieen kontserbazio egoera.

Hondakinei dagokienez ere, datuak ez dira onak; azken urteetan, hondakinen sorkuntza eta birziklatze tasa egonkortu egin baitira. Txostenaren arabera, ekoizpenetik eta kontsumotik eratorritako hondakinen birziklatze tasa %52koa da (meatzaritza alde batera utzita), EBko batez bestekoa baina %5 baxuagoa.

Klima aldaketaren arloan, azkenik, berotegi gasen (BEG) emisioak ere egonkortu egin direla egiaztatu du ikerketak, eta garraioak oraindik «emisio handiak» egiten dituela berretsi du. Dena den, 2005 urteaz geroztik, ekonomia %20 hazi den bitartean, BEGen emisioak %27 murriztu direla gogoratu du, ekonomia haztearekin batera emisioak murriztea «posible» dela azpimarratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.