Eusko Legebiltzarra

Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

EAJren eta PSE-EEren botoekin egin du aurrera legeak. Oposizioak aho batez arbuiatu du araua, eta bereziki kritikatu du EAJk eta PSE-EEk interes orokorreko proiektuak izendatzeko sortutako figura berria.

Arantxa Tapia Eusko Jaularitzako Ekonomia Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburua. DAVID AGUILAR/ EFE
edurne begiristain
2021eko abenduaren 9a
12:13
Entzun

Eusko Legebiltzarrak onetsi egin du Ingurumen Administrazioaren Legea, EAJren eta PSE-EEren botoei esker. Bi talde horiek baino ez dute babestu legea, aurka egin baitute oposizioko talde guztiek. Hala, aldeko 41 boto jaso ditu —EAJrenak eta PSE-EErenak— eta aurkako 32 —EH Bildu, PP-C's, Elkarrekin Podemos-IU eta Voxenak—.

Polemikoa izan da lege proiektuaren tramitazioa, EAJk zuzenketa bat aurkeztu ziolako —PSE-EEren babesarekin—, eta zuzenketa horren bitartez figura berri bat sortuko delako: interes orokorreko proiektua. Horren bidez, gobernuak eskumena izango du proiektu bat «interes orokorrekoa» dela baieztatzeko, eta, hala eginez gero, udalek ezin izango diote uko egin proiektu hori beren herrietan ezartzeari. Gaur ere zuzenketa hori izan da, nagusiki, legearen aurka egiteko oposizioko taldeek izan duten argudio nagusia.

EH Bilduk, PP-C`s-k eta Elkarrekin Podemos-IUk gaurko saioan salatu dute zuzenketaren bitartez Lurralde Antolamendurako Legea aldatu dela eta udalei eskumenak kenduko zaizkiela. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri eta PSE-EEri aurpegiratu die legearen eztabaida «istilutsua» bilakatzea, udalei ia edozer proiektu «inposatzeko» lege tresna sortu dutelako. Udalerri askok egin dute legearen aurka, baita EAJren eta PSE-EEren alkatetzak dituzten batzuek ere, eta horixe gogoratu die EAJri eta PSE-EEri Miren Gorrotxategi EP-IUko legebiltzarkideak. Interes orokorreko figura sortzeagatik ez ezik, legearen aurka egoteko bestelako arrazoiak ere badirela azpimarratu du Gorrotxategik. Hala nola, salatu du lege «laxoa» dela kutsatzen duten enpresentzat, aurreikusitako isunak oso txikiak direlako.

Bestalde, legearen defentsa egin du Arantxa Tapia Ekonomia Garapena, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, eta baztertu egin ditu zuzenketak sortutako «zaratak interesatuak eta manipulatuak». Halaber, «gezurretan» aritzea egotzi die oposizioko taldeei, eta lege berriak udalen eskumenak errespetatzen dituela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.