Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak duela bi aste aldatu zuen Kosta Legean ezarritako ingurumen babeserako maila. Horrek Urdaibaiko itsasertzaren babesa murriztea ekarri du, Muruetako ontziolen eremuan. Hartara, Urdaibaiko Guggenheim egiteko oztopo nagusia kendu dute, eta posible izango da bertan museoa eraikitzea. Izan ere, Kosta Legeak eragotzi egiten zuen Muruetako eremuan itsasertzetik 100 metro baino gutxiagora eraikitzea. Aldaketaren ostean, berriz, hogei metrora murriztu dute babes esparru hori. Erabakia hartu eta bi astera, Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dute babes esparru hori 150 metro baino ez dutela murriztu, bertan inguruarekin bateragarria izango den eta karbono neutraltasuna izango duen museo bat eraikitzeko.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak gogor kritikatu zuen erabakia: hilaren hasieran iragarri zuen auzitara eramango duela. Halaber, agintariek «naturaren inguruan erakutsitako mespretxua eta arduragabekeria» salatu zituzten: «Babes neurriak nahien arabera moldatzen badituzte, zertarako da ingurumen babesa?». Aldundiak adierazi du edozein proiektuk duela helegiteak jasotzeko aukera, eta proiektuaren beste aldagai bat izango dela.
Urdaibaiko Guggenheimek bi eraikin aurreikusi ditu: Muruetako ontziolan egongo da bata, eta Gernikako Dalia lantegiaren inguruan bestea. Horiek eraikitzen hasi baino lehen, ingurumenarekin lotutako hainbat jarduketa egingo ditu aldundiak. Izan ere, Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikoko Ministerioak eta aldundiak 40 milioi euroko diru laguntza emateko hitzarmen bat sinatu zuten uztailean. Bertan jaso zutenez, Espainiak emandako diru kopuru hori ingurumenarekin lotutako ekintzak egiteko baino ezingo da erabili. Zehazki, hamahiru jarduketa jaso dituzte hitzarmenean. Eta sei urteko epea ezarri dute horiek betetzeko.
Aldundiak baieztatu du bi eraikinak ingurunearekin bateragarriak izango direla, eta karbono neutraltasuna izango dutela –isurtzen duten bezainbeste karbono dioxido saihesteko gaitasuna izatea–. Hala ere, oraindik ezin dituzte zehaztu eraikinaren nondik norakoak, museoa sortzeko nazioarteko lehiaketa bat egingo baitute. Izan ere, museoa eraikitzen hastea urrun ikusten du oraindik aldundiak.
Muruetan museoa eraikitzeko, ontziolaren jarduna Erandioko lantegira lekualdatuko dute, eta eraikina eraitsi. Dalia lantegiak, berriz, aspaldi eten zuen bere jarduna: 1980ko hamarkadaren amaieran, hain zuzen. Orain, udalaren oniritziaren zain dago aldundia, hura eraisteko. Izan ere, maiatzean iragarri zuen Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak uda ostean egingo zutela —orduan, EAJren ahaldungaia zen–. Erabaki horren aurka agertu ziren hainbat eragile. Besteak beste, Zain Dezagun Urdaibai plataformak udalaren «gardentasun falta» kritikatu zuen irailean. Eta adierazi zuen lurzoru hori «hiri lurzoru» moduan sailkatuta dagoela: «Lantegia eraitsiz gero, lurraldearen kudeaketa arautzen duten arauek eragotzi egingo lukete hura berreraikitzea, uholde arrisku handieneko lursail batean dagoelako».
Kutsadura kentzea
Hitzarmenaren lehenengo bi jarduketetan, lurzoruko kutsadura kentzea izango da helburua. Alde batetik, Dalia lantegiko 21.186 metro koadro garbitu nahi dituzte, eta Muruetako ontziolaren inguruko 42.384 metro koadro. Azken horretan, gainera, 600 metro inguruko hargune elektrikoa lurperatu nahi dute.
Urdaibaiko itsasadarreko fluxu naturala lehengoratzea da beste helburuetako bat. Aldundiko iturrien arabera, Muruetako ontziolak itsasadarraren 2.000 metro koadro bereganatu ditu. Eta horrek eragotzi du itsasadarrak bere fluxuari eustea.
Muruetako eta Daliako museoak eraikitzeko, bertako lursailak eta berdeguneak egokitu nahi dituzte. Aldundiaren esanetan, Muruetako eremuaren %25 besterik ez dute erabiliko eraikina sortzeko. Egun, 40.000 metro koadro zabal da eremua. Horietatik 30.000 metro koadro berdeguneak eta lursailak egokitzeko erabiliko dituzte, baita birnaturalizaziorako ere. Daliako eremua 32.000 metro koadro zabal da, eta erdia erabiliko dute eraikinerako.
Museo batetik bestera joateko, bidegorria berritu nahi dute: lehendik sortuta zegoena egokituko dute, eta zati berria sortu. Hain zuzen, 3,5 kilometro inguru luzatuko dute. Bizikletaz ez ezik, museora jendea oinez ere ailegatzea da aldundiaren asmoa. Hori dela eta, oinezkoentzako bidezidor berria sortuko dute, eta lehendik dauden zatiak egokitu. Toki batzuetan egurrezko bidezidorrak sortuko dituzte. Aldundiaren iturriek jakinarazi dutenez, bidezidorrek bide emango diote ur gaziari paduraren hainbat hektareatara ailegatzeko eta bertan dauden espezie inbaditzaileak erauzteko. Hogei hektarea berreskuratu nahi dituzte horrela, eta espezie autoktonoak landatu.