«Inguruan duen komunitateak parte hartu behar du ikastetxean»

Ikastetxeetako ikasleen arrakasta elkarbizitzarekin lotuta dagoela defendatzen du Ramon Flecha adituak.

JON REJADO GASTEIZ
2008ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Eromena heldu da Gasteizko Aranbizkarra Ikastolara. Neurtutako eromena. Iragan asteazkenetik gaur arte egunerokotasuna errotik aldatu da. Ikastetxea ikasketa komunitate bihurtzeko sentiberatze astean murgilduta daude. Irakasleek horrek dakarren aldaketa ikasten dute aste batez, ikasleek borondatezko langileekin ematen dituzte eskolak... Nazioarteko zientzia komunitateak emandako aholkuak barneratzeko bideari ekin diote, ikasketa komunitate bihurtzeko bideari, alegia. Ramon Flecha, Bartzelonako Unibertsitateko Soziologia Katedraduna eta hezkuntza arloko adituak Aranbizkarrako irakasleekin bildu da aldaketak ekarriko duenari buruz hitz egiteko, eskolako hormak eraitsita nola irakats daitekeen azaltzeko.

Zerdira ikasketa komunitateak?

Haurrek eskolan arazorik izan ez dezaten, eskola porrotik egon ez dadin, lan ildo zehatzak proposatu ditu nazioarteko zientzia komunitateak. Lan ildo horiek ikastetxean ezartzean datza ikasketa komunitateen funtsa. Nolabait esateko, ospitale batera joanez gero gaixotasun batekin nazioarteko zientzia komunitateak zehazten duen sendabidea jarriko dizute, baina ikastetxeetan ez da berme hori ematen.

Aholku horiek nola mamitzen dira ikastetxeetan?

Ikasleak gai zehatzak indartzeko bereiztu beharrean elkartzera jo behar da. Hau da, ikasle guztiak klase berean biltzea da asmoa. Denak klase berean egonda, multzo heterogeneoetan, elkar laguntzeko aukera dute. Ohiko irakasleari beste irakasle batek lagun diezaioke ikasleek gehiago ikas dezaten, baina ez hori bakarrik. Guraso eta senideek ere lagun dezakete, borondatezko langileek, gizarte laguntzaileek...

Komunitate hitza argigarria da, esaten duzunaren arabera.

Ikasketa egokia gerta dadin eskolak auzora ireki behar du, herrira. Ikasleen guraso eta senideetara ireki behar dira ikastetxeak, baita bizilagunetara ere, elkarteetara, sindikatuetara... Herritarrei zabaldu behar zaie, eta herritarrek ikastetxe barruan gertatzen dena eztabaida dezatela.

Ikastetxea ingurutik apur bat bakartuta gelditu al da gaur egun?

Bai. Pentsa, LOGSE Espainiako Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legeak esan zuen, ikastetxe bakoitzeko curriculuma klaustroaren esku zegoela. Hori akats bat zen, eta nazioarteko komunitate zientifikoak ez zuen inoiz babestu erabaki hori, kontrakoa esaten baitu. Proiektua egiteko gaitasun hori ez da ikastetxe barrura mugatuta egon behar, inguruan duen komunitateak parte hartu behar duelako ikastetxean.

Zeintzuk dira ikasketa komunitateen oinarrizko ideiak?

Ideia garrantzitsuena ikasleak ez bereiztea da. Guraso eta senideen prestakuntza aintzakotzat hartzea ere garrantzitsua da. Esan nahi dudana da familien prestakuntza sustatu behar dela. Ikastetxeek, orokorrean, hori eskain dezakete. Gelak dituzte, informatika gelak dituzte... Horiek guraso senideei irekiz gero bigarren aldaketa garrantzitsua ematen da. Ikastetxeen ordutegia zabaltzea da hirugarren aldaketa. Horren programazioa klaustroaren, aisialdi elkarteen eta inguruan dauden kultur elkarteekin harremanetan egin behar da. Horrek egon daitezkeen banaketak apurtzen laguntzen du.

Eredu horrek aldaketa asko dakartza. Gizartea prest al dago?

Joaten garela joaten garela, ikastetxearen inguruko komunitateak oso ondo hartzen du aldaketa. Kasu guztietan hori gertatzen bada horrek esan nahi du gizartea prest dagoela aldaketa hasteko. Kasu batzuetan irakasleek aurre egiten diote aldaketari. Agian irakasleok ez dugu jaso aldaketa horretarako prestatzeko heziketa egokia unibertsitatean.

Unibertsitatean aldaketa beharrezkoa da, beraz?

Egun bizi dugun egoerak gutxi iraungo duela pentsatzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.