jon olano

«Ingeniaritza juridikoa»

2024ko urriaren 8a
18:30
Entzun

Espainiako 1870eko Zigor Kodean jasoa da: «Kondenaren gehienezko iraupenak ezingo du gainditu [zigortuari] ezarri zaion zigor larrienak irauten duena halako hiru [...]. Ezein kasutan ezingo du gainditu berrogei urteko muga». Zigor Kodeak, baita 1848koak ere, ja jasotzen baitzituen mekanismoak zigortutako herritarrek bete beharreko espetxealdiak nolabait mugatzeko. XIX. menderako, auzitegiek aurre egin behar baitzioten arazo bati: gizakiaren bizitza urteez harago zihoazen zigorrak ezartzen zirela eta, beraz, presoari inoiz kalera irteteko eta gizarteratzeko itxaropena erauzten zitzaiela. Hortik aurrerako zigor kodeetan hasi ziren kartzelan igaro beharreko urteei sabai bat jartzen. Eta, teorian, Espainiako 1978ko Konstituzioan jasotako gizarteratze printzipio horrek gidatu behar zituen espetxe arloko araudiak.

Logika horren barruan sartzen zen Europako Batasunak zigorrak batzeari buruz onartu zuen 2008/675 zuzentaraua eta hura Espainiako legerian txertatzeko beharra. Alegia: herritar batek herrialde batean espetxe zigor bat bete badu antzeko delitu batengatik beste herrialde batean jarritako zigorrari urte horiek kendu behar zaizkiola dioen araua. Baina Madrilek gainditu zuen horretarako epemuga, ETAk bere jarduera armatua behin betiko bukatu zuen 2011ko urriaren 20an, eta handik hilabetera iritsi zen PP Espainiako Gobernura, baina politika publikoek ez zieten erantzun ez Europatik zetozen legeei, ez bake testuinguru bati, ezta gizarteratzea goresten duten printzipio juridikoei ere. 

2014an taxutu zuen egokitzapen hori Espainiako Gobernuak, araua xedapen gehigarri bakar bihurrituta: «Ezingo zaie lege hau aplikatu 2010eko abuztuaren 15aren aurretik Europako Batasuneko estatu kide bateko auzitegi batek ezarritako zigorrei». Ad hoc egin zen xedapena, kolektibo jakin bati arerioaren zigor zuzenbidea aplikatzeko. Euskal preso batzuek eskatu zutenean Frantziako zigorrak aintzatesteko, epai kontrajarriak ematen hasi zen Auzitegi Nazionala, ebazpena ematen zuen aretoaren arabera. Zirt edo zart egin behar zuen Auzitegi Gorenak, Frantziako espetxealdiak kontuan hartu edo ez, eta bigarrenaren alde egin zuen. Manuel Marchenak, gerora buruzagi independentista katalanen aurkako epaimahaiburu gisa famatu zenak, hilabete eskas zeraman bigarren aretoko presidente karguan.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako orduko Barne ministroak, 2013an, Estrasburgoko auzitegiak Parot doktrina indargabetu aurreko egunetan, hau iragarri zuen: «ingeniaritza juridikoa» egingo zutela presoen kaleratzea oztopatzeko. Agindutako ingeniaritza juridikoak ez zuen eragotzi Parot doktrina bertan behera geratzea eta harekin dozenaka preso askatzea, baina legeen bihurritze hori gauzatu zuten 2014an, zigorrak batzea galarazteko, eta eraginkorra izan da hamar urtez. Salbuespenezko legeriak arkitektura oso bat izan du urteetan, eta aspaldi heldu zen hura piezaz pieza desegiteko garaia. Duela bi mendeko zigor kodeek ere esaten zuten hainbeste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.