Alba Linares. Hegoa institutuko Ikerlaria

«Informazio sistema hobea izanik hobeto jardutea da helburua»

BERRIA.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Zientzia politikoetako doktorea da Alba Linares (Toledo, Espainia, 1985), eta nazioarteko lankidetzan gatazka armatuak, elikagaien segurtasuna eta bakearen eraikuntza ikertzen ditu. Hegoako kide gisa, institutuak aurkezturiko metodologia garatu duen ikerketa taldearen parte izan da.

Nondik dator metodologia hau sortzeko beharra?

Nazioartean kezka nagusitzen ari da gosea gerrarako arma gisara erabiltzearen inguruan. Elikadura segurtasunaren arloan, oro har, aurrerapausoak egon dira, baina gatazka armatuak daudenetan kontrakoa gertatu da.

Gerran gosea erabiltzeko praktika areagotzen ari da, hortaz?

Beti gertatu da. Erdi Aroan ere hiriak setiatzen ziren baliabiderik gabe uzteko. Baina barne gatazketan biztanleria zibila gero eta gehiago erabiltzen ari dira, herritar horiek zigortzea etsaia garaitzeko modu bat delako. Era berean, gerraren inguruko nazioarteko zuzenbide humanitarioak debekuak ezartzen ditu, asmoa delako dena ez onargarria izatea, eta kasu honetan ere egin da. Hortaz, ez da soilik praktika mota hori gero eta gehiago erabiltzen ari direla: gu ere sentsibilizatuago gaude halakoak ez baimentzeko ideiarekin.

Non ari da gertatzen?

Une honetan, landa lanean gabiltza, eta badira gainditu ezin ditugun marra gorri batzuk. Ezin dugu kasu zehatzez hitz egin, gure lana agerian utziko luke eta. Oraingoz leku batean gaude, eta laster beste batzuetan hasiko gara.

Noren eskuetan utzi nahi duzue zuen lana?

Printzipioz, nazioarteko erakunde humanitarioek erabiltzeko diseinatu dugu metodologia, eta bestelako aliantzak garatzen ari gara hura fintzeko. Helburua da erakunde horiek azkarrago eta, batik bat, modu eraginkorragoan ekiteko laguntza eskaintzea. Hau da, informazio sistema hobea izanik, hobeto jardutea. Baina bereziki garrantzitsua izango da etorkizunean alerta goiztiarrak sortzeko, gauzak gertatu aurretik prebenitzeko balio dezaketenak. Hondamendi naturalekin, esaterako, errazagoa da, gertatuko dena iragartzen duten hainbat parametro izan ohi direlako. Baina gizartea neurtzeko halako parametrorik ez dago. Momentuz, erantzun azkarrak eta egokiak eskaintzera mugatzen gara, baina helburua beste hori izan behar da.

Nola amaituko da hori?

Nazio Batuen ebazpenak debekatu egin zuen gosea arma gerra gisa erabiltzea, baina oraindik ere gertatzen da, eta gurearen gisako informazio sistemek errealitate horren inguruan sentsibiliza dezakete. Halere, nazioarteko erakundeei eta nazioarteko zigor auzitegiei dagokie gerra ekintzen inguruko neurri juridikoak hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.