Iñigo Cabacasen auziarekin lotutako lehen epaiketa egin zuten atzo, Bilbon. Auzi saioaren helburua, ordea, ez zen izan argitzea nor den Basauriko gaztearen heriotzaren erantzulea. Ugarteko esaten dioten eta egun horretan operazioa koordinatu zuen ertzainak, Cabacas auzian argitaratutako hainbat informaziorengatik, auzitara eraman ditu Gara eta Naiz-eko zuzendari Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo kazetaria; baita Cabacas familiaren abokatu Jone Goirizelaia ere. Akusatuek informazio eskubidearen aldarria egin dute epaiketan.
Atzoko saioan, akusazioak salatu zuen auzipetutako hedabideek eta Goirizelaiak egindako adierazpenek eta argitaratutako informazioek, Ugarteko nor denezagutarazteaz gain, Cabacasen heriotzaren erantzule egin zutela. Ondorioz, abokatuak adierazi zuen Ugartekoren aurkako «epaiketa paraleloa» egin zutela, eta horrek osasun arazoak eragin dizkiola. Horren aurrean, defentsak interes sozial handiko gertakari baten inguruan informatzeko eskubidea aldarrikatu du. Identitatea argitaratzearen inguruan, gogoratu zuten beste hedabide bat izan zela lehena, eta beste hainbatek ere gauza bera egin zutela.
Akusazioak 250.000 euroko eskaerari eutsi dio, eta defentsak auzia bertan behera uzteko eskatu du. Fiskaltzak, berriz, epaiketako testigantza eta galdeketak bukatuta, jarrera aldatu du. Adierazi du audio grabazioak ez zirela manipulatu, baina uste du bi albistetan Ugartekoren ohore eskubidea urratu zela. 13.000 euroko kalte-ordainak eskatu dizkie Gara eta Naiz hedabideei eta Iñaki Sotori. Iñaki Iriondok idatzitako artikuluetan informazio eskubidea gailentzen zelako, eta Jone Goirizielaiak abokatu gisa duen defentsa eskubidea dela eta, bien aurkako akusazioa erretiratu du. Epaiaren zain geratu dira.
Operazioko audio grabaketekin abiatu zen epaiketa. Grabaketa horietan, Ugartekok gau horretan emandako aginduak aditzen dira.Akusazioak salatu zuen audioak manipulatuta zeudela, eta 133 grabaziotik soilik interesatzen zaizkienak argitaratu zituztela. Fiskaltzak, ordea, argudiatu zuen ez zela manipulaziorik izan, eta informazio eskubideak bermatzen ziela horiek argitaratzea. Sotok azaldu zuen informazioa jaso eta baieztatu ostean ateratzea erabaki zutela. Kode deontologikoari eutsi zion epaiketan, eta ez zituen beren iturriak salatu, baina azaldu zuen argitaratutako audioak ez zizkiola Gorizielaiak eman.
Auzipetuen galdeketan, akusazioak behin eta berriz aipatu zuen «epaiketa paraleloaren» gaia. Abokatuaren ustetan, Goirizelaiak eta Gara eta Naiz hedabideek «kausa-efektu lotura» bat ezarri zuten Ugartekoren aginduen eta Cabacasen hilketaren artean. Horren aurrean Goirizelaiak azaldu zuen bere adierazpenak prozesu judizialean garatzen ari ziren tesiaren balorazioa zirela: «Nire adierazpen guztien helburua gertatutakoa argitzea zen; ez zegoen inor iraintzeko edo gutxiesteko asmorik». Fiskaltzak berretsi zuen informazio eskubideak eta abokatu gisa duen defentsarako eskubideak bermatzen dituela adierazpenok.
Sotok, akusazio beraren aurrean, esan zuen hedabide moduan beren «eskubidea» zela gertatutakoa argitzea. «Hedabide gisa, argudiatu dugu erantzukizun bat dagoela aginte mailan, eta horren berri eman dugu». Iriondok berretsi zuen aginte katea zehaztea izan zela beren helburua. Argitaratutako informazio oro egiaztatu zutela azaldu dute kazetariek.
Identitatearen argitalpena
Salaketaren beste oinarrietako bat Ugartekoren identitatearen argitalpena izan zen. Akusazioak auzipetuak egin zituen horren erantzule. Sotok eta Iriondok gogoratu zioten beraiek ez zirela izan Ugarteko nor den ezagutarazi zuen lehen hedabidea. Iriondok berak azaldu zuen beste hedabide batek argitaratu zuela Ugartekoren plaka zenbakia, eta geroago Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzako agintarien izenak publikatu zituela. Edonola ere, argudiatu zuten garrantzi publikoko funtzionarioa zen heinean haren izena argitaratu behar zutela. Fiskaltzak argudioa berretsi zuen: «Kasu horretan, informaziorako eskubidea intimitate eskubideari gailentzen zaio».
Ugarteko ere izan zen atzo auzitegiko aretoan. Azaldu zuen audioak argitaratu ostean «behea jo» zuela. Hala ere, Gara eta Naiz egin zituen bere identitatea argitaratzeak ekarritako ondorioen errudun bakar. «Ez nuen El Correo-ren aurka egin, beraiek, beste batzuek ez bezala, ez dutelako nire aurkako kanpaina egin», adierazi zuen. Ordutik «estres handia» pairatu duela azaldu zuen, eta horrek aisialdian eta lanean eragin diola. Defentsako abokatuen galderen ostean, ordea, Ugartekok aitortu zuen ez zuela gaixo baimenik hartu 2013 eta 2014 artean, eta bere aisialdiko zaletasunei eutsi diela.
Osasunak noiz egin zion okerrera argitzeko asmoz abokatuek egindako galderari erantzunez, Ugartekok aipatu zuen «triste» sentitu zela 2012ko gertakarien ostean, baina grabazioen argitalpenak ekarri zuela bere osasunak okerrera egitea. Ugarteko artatu zuten psikologoak eta psikiatrak azaldu zuten «estresa eragiten zion nahasmendu bat» izan zuela, baina ez zela «larria» izan. Bi adituek baieztatu zuten 2014an eman ziotela sendagiria, eta ordutik ez dela bueltatu.
Auzipetuekiko elkartasuna
Cabacas auziarekin lotutako lehen epaiketa hedabideen eta Cabacas familiaren abokatuaren aurka izateak askoren gaitzespena ekarri zuen. Epaiketa hasi aurretik, Iñigo Gogoan plataformak elkarretaratzera deitu zuen Justizia Auzitegi aurrean. Ehun bat pertsona elkartu ziren, tartean hedabideetako eta kazetarien elkarteko ordezkariak. Besteak beste, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Jesus Coteron Euskal Autonomia Erkidegoko Kazetarien Elkarteko burua.
Akusazioaren eta fiskaltzaren eskariak jakinda, Sotok epaiketaren balorazioa egin zuen: «Arazo bat daukagu prentsa eta adierazpen askatasunarekin, gaur hemen epaitu baita polizia bati komeni ez zitzaion informazioa». Gaineratu zuen Eusko Jaurlaritzak arazo bat duela «bere poliziaren barruan dagoen kultura demokratiko eskasarekin». Aldarrikatu zuen Cabacas familiari «egia zor zaiola», eta«beren esku dagoen guztia» egiten jarraituko dutela.
Informazio eskubidea defendatu dute 'Gara' eta 'Naiz'-en aurkako saioan
Iñaki Soto 'Gara'-ko zuzendaria, Iñaki Iriondo kazetaria eta Jone Goirizelaia abokatua epaitu dituzte Ugarteko ertzainak jarritako salaketaren harira. Fiskaltzak 13.000 euroko kalte-ordaina eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu