Botere gehiegikerien aurrean, komunikabideek ezinbestekoa dute desobeditzea euren lana egiteko. Hala uste dute, behintzat, Imanol Murua Uria kazetari eta unibertsitate irakasleak eta Fermin Munarriz profesiokideak. «Kazetarion lanaren barruan zeregin garrantzitsuenetako bat da boterearen kontrola egitea: onartezina da horregatik zigortzea», azaldu du Muruak. Eta Munarrizek, gaia Euskal Herrira ekarrita: «Aurretik ere kazetari eta kazetari ez diren asko zigortu dituzte». Egoerak, baina, «okerrera» egin dezakeela uste dute biek: «Kezkagarria da prentsa askatasunak eta adierazpen askatasunak egun duten egoera», azpimarratu du Munarrizek.
Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak 600 euroko isuna jarri dio Axier Lopez Argia-ko kazetariari, atxiloketa baten argazkiak Twitterren jartzeagatik «inongo baimenik gabe». Iazko ekainean indarrean sartu zen Herritarren Segurtasunerako Legean —mozal legean— oinarrituta euskal kazetari bati ezarritako lehen zigorra da hori. Ez dutela ordainduko jakinarazi dute Lopezek eta aldizkariak. «Pentsatzen dugu lege horri aurre egiteko modurik onena dela desobeditzea. Guk hau onartuko bagenu, atea irekiko genuke. Kazetariok ezin dugu barneratu hau normala balitz bezala», azaldu du Lopezen lankide Lander Arbelaitzek.
Muruak, Munarrizek eta Arbelaitzek bezala, komunikazioaren alorreko hainbat profesionalek parte hartu zuten atzo Donostian eginiko elkarretaratzean; besteak beste, han izan ziren Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Estitxu Eizagirre Argia-koa, Gara-ko kazetari Mertxe Aizpurua, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendaria, Danele Sarriugarte idazle eta kazetaria eta Gari Garaialde argazkilaria. 200 lagun inguru. Lopezek eskerrak eman zizkien hara joandakoei eta bere kasua zabaltzen lagundu duten guztiei. Elkarretaratzearen ondoren, mahai ingurua egin zuten Argia-ko Arbelaitzek, Ahotsa.info-ko Sergio Labaienek—gobernuaren «abisua» jaso dute atari horretan—, Lahaine.org-eko Borok —sei urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak harentzat manifestazio batean poliziekin izandako ika- mika batengatik— eta sare sozialetan idatzitako mezuengatik auzipetutako @erreharria eta @jegurzegi txiolariak. Eleak-Libre dinamikak antolatutako mozal legearen aurkako astearen barruan egin dituzte ekitaldiak. Larunbatean giza katea egingo dute.
Hitzak ekintza
Mugarik Gabeko Erreportariak erakundeak ere elkartasuna agertu zion atzo Lopezi. Salatu du mozal legeak kazetari eta argazkilarien lanerako askatasuna mugatzen duela, eta nabarmendu du «autozentsura» eragin dezakeela. «Mozal legea gogor hasi dira ezartzen, informatzaileen askatasuna murriztuz», adierazi du Malen Aznarezek.
Lopezen kasuaz gain, Raul Capini argazkilariarena ere gogora ekarri du erakunde horrek. Otsailean epaitu zuten, Madrilen, eta 1.260 euroren isuna jarri diote, 2013an mobilizazio baten berri ematen ari zela polizia baten lana «oztopatzeagatik». Haren kasuan, fiskaltzak eskatu zuen Zigor Kodean eginiko aldaketetan oinarrituta bi urteko espetxe zigorra ere ezartzea: epaileak ez zuen onartu. Mozal legearekin loturiko kasuetan, auzitegiak isun ekonomikoak berrestekotan —kaltetuak jarri behar du helegitea—, ez luke ondorio penalik izango. Bai, ordea, Zigor Kodean oinarritutakoetan. Hori da, adibidez, atzo eginiko atxiloketen kasua.
Operazio horien eta Mariano Rajoyren gobernuak eginiko lege aldaketen aurkako iritzi eta ekinaldiak ugaritu egin dira azken hilabeteetan. Astelehenean, Nafarroako Parlamentuak legez besteko mozio bat onartu zuen; gauza bera, aurreko astean, Espainiako Kongresuak, PP ez beste guztien babesarekin. Eta, 2014an, Eusko Legebiltzarrak. «Hemengo gobernuei eskatzen diegu lege injustu horiek ez aplikatzeko. Hitzetatik ekintzetara salto egiteko», esan zuen atzo Lopezek.
Informatzeko, «desobeditu»
Komunikazioaren alorreko profesionalek babesa agertu diote 'mozal legean' oinarrituta zigortutako 'Argia'-ko kazetariari. Axier Lopez: «Legeak lege, kazetaritza ez da delitua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu