Infernu betean

Servini de Cubria epaileak atxilotzeko agindu dituen frankismo garaiko poliziek torturatu egin zituztela salatu dute hainbat euskal herritarrek.

Amparo Arangoa, ospitalean, tortura arrasto agerikoekin. JAVIER YABEN.
ainara arratibel gascon
2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Atxilo hartu zuteneko arropa zeraman, atzamarkadez eta odolez zikinduta. Aurpegia ubeldurekin hazita zuen, eta besoak berdin. Ez zirudien gizakia ere. Ezin zen ezagutu. Irribarre maltzur batekin, Muñecasek hau esan zigun: 'Hau da gertatzen dena lagundu nahi ez digutenean'». Jon Arrizabalagak hala azaldu zituen, Maria Servini de Cubria epaile argentinarraren aurrean, bere anaia Andonik frankismo garaian jasandako torturak. Tortura horiek egin zizkionetako bat izan zen Jesus Muñecas Aguilar Guardia Zibileko kapitaina. Hain zuzen ere, Servinik berak Muñecas atxilotzeko nazioarteko agindua eman du orain. Arrizabalagaren anaiak «pozik» hartu du erabakia. «Anaiak bizi izan zuena oso gogorra izan zen, infernua». Muñecasi ez ezik, beste hiru inputatuei, Jose Antonio Gonzalez Pachecori, Jose Ignacio Giralteri eta Celso Galvani ere, egotzi diete Arrizabalagaren torturekin zerikusia izatea.

Hemendik aurrera gauza bakarra espero du Arrizabalagak: justizia egitea. «Badakigu ez dela erraza izango. Baina espero dugu Espainiako Gobernuak Argentinaren esku uztea. Beste kasu batzuk mugitzeko ere balio dezake».

Arrizabalaga 1964ko irailaren 1ean atxilotu zuten lehen aldiz. Bilboko Larrinagako espetxera eraman zuten. 21 egunez eduki zuten preso, eta irtetean agerikoak ziren jasandako tratu txarrak. Eskumuturrak zauriz beteak zituen, eta ia ezin zituen mugitu. Kontatu zuenez, eskuburdinetatik zintzilik eduki zuten. 1968an atxilotu zuten berriro. Zarauzko kuartelera eraman zuten, Gipuzkoan, eta han bainera, kirofanoa eta urkatze simulazioak egin zizkiotela kontatu zuen. Hainbat polizia etxe eta kartzelatan eduki zuten preso. Hain izan zen gogorra bizi izan zuena, zera aitortu baitzion Joseba Sarrionaindiari, Zeruko Argia-rako elkarrizketa batean: «Ziegan, bakarrik nengoenean sentitzen nintzen zoriontsu».

Arrizabalagaren testigantzan oinarritu zen Telesforo Monzon, Itziarren Semea abestia idazteko. Arrizabalagaren ama, Itziar Basterretxea, Paulo VI. aita santuarekin hitz egin zuten presoen amen artean egon zen. Haren beste hiru semek ere torturak salatu zituzten: Mikelek, Josek eta Jonek.

Auzi honetan egon ez arren, Amparo Arangoa Leitzako (Nafarroa) Sarrio paper fabrikako langileak ere salatu zuen Muñecasek torturatu zuela. 1976ko apirilean hartu zuten atxilo. Sindikalista zen. Zazpi-zortzi egunez eduki zuten Guardia Zibilaren Tolosako kuartelean. Irtetean, erietxera eraman zuten, hilzorian.

Medikuen txostenak hala zioen: «Hematoma oso zabalak zituen izterraren gainaldean, azpialdean eta ipurmasailetan; giltzurrun-blokeoa eta heste blokeoa». Mundu osoan ikusi ahal izan zituzten Arangoaren torturen argazkiak. Javier Yabenek atera zituen; Nafarroako Langileen Kontseiluko presidentea zen orduan Yaben. Manuel Fragak honela definitu zituen Arangoari emandako tratu txarrak, Venezuelako Radio Caracas Television katean egin zioten elkarrizketan: «Ipurdiko batzuk izan dira sorbaldak bere ohorezko izena galtzen duen tokian».

Servini de Cubria ikertzen ari den auzian beste kasu batzuk ere salatu dituzte: Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko hilketak, Burgosko prozesua eta Txiki eta Otaegiren fusilatzeak, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.