Ines Soria magistratuak ordezkatuko du Jaime Tapia espetxe kudeaketaren aholkulari gisa

PSE-EEk Justizia eta Giza Eskubideen arloko kargudun guztiak berritu ditu.

Jaime Tapia, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Jaime Tapia, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko uztailaren 10a
15:30
Entzun

Jaime Tapiak amaitu du bere ibilbidea espetxe kudeaketaren aholkularitzan. Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Ines Soria magistratua hautatu du Tapia ordezkatzeko. Eusko Jaurlaritzak 2021eko urrian jaso zituen espetxe eskumenak Espainiako Gobernutik. Espetxeen kudeaketa eredu berri bat abiatu zuten, eta abiapuntu horretan aritu zen Jaime Tapia aholkulari gisa, sailburuordetza bat betez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren azken legealdian.

Justizia Saila PSE-EEren eskuetara pasatzearekin batera, kargudun guztiak berritzen ari dira sozialistak, aurretik zeregin horietan ari zirenak kargugabetzearekin batera. Soriak datorren astean hartuko du kargua, horren aurretik Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatu behar baitu Soriaren ordezkoa.

Bilboko Lehen Instantziako Auzitegiko magistratua da Soria, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko gobernuko kidea. Demokraziarako Epaileak elkarteko kidea da. Justizia errestauratiboaren inguruko formakuntza egina du, baita buru osasunari, justizia terapeutikoari eta espetxeratzen dituzten baina babes berezia behar duten pertsona zaurgarriei buruzkoa ere. San Josek azaldu duenez, horrelako profila nahi zuten, botere judizialean dauden hainbat organotako harremanak ezagutzen dituelako.

Kargugabetzeak

Justizia eta Giza Eskubideen arloan goi karguetan aritu diren guztiak kargugabetzen ari dira, sail hori PSE-EEren esku geratu ostean. Atzoko gobernu bileran berretsi zituzten sail horretako beste kargugabetze batzuk, jada jakinak zirenak: Javier Mariano Justizia Digitaleko zuzendaria, Noemi Ostolaza Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaria, Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria, eta Karmele Arias zerbitzuko eta Iñigo Camino komunikazio zuzendaria, hain zuzen. Horiek badituzte ordezkoak: Duñike Agirrezabalak hartuko du Justizia Digitalaren ardura; Jagoba Alvarezek Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasunaren zuzendaritza; Alberto Alonsok Gogora-koa; Oscar Trobok zerbitzuetakoa; eta Silvia Fernandezek komunikaziokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.