Hilabete pasatxo falta da Euskal Herriko II. Ekotopaketak egiteko, eta Jauzi Ekosozialak dagoeneko argitaratu du martxoaren 28 eta 30 arteko astebururako egitaraua. Arrasaten izango dira topaketak (Gipuzkoa), eta bertan egin dute asteburuaren nondik norakoen aurkezpena. Ostiral arratsaldean izango da harrera, 17:30ean, eta handik ordubetera izango dira eguneko hitzaldi bakarrak. Bi hitzaldietako batean zenbait antolakundetako ordezkarien arteko mahai inguru bat egingo dute: Jauzi Ekosozialeko, Arran Kataluniako antolakundeko eta Fridays for Futureko kide bana izango dira iraganeko eta oraingo borroka esperientziez hizketan. Bestean, Lurra landu, etorkizuna erein izeneko hitzaldian, nekazaritzaz arituko dira hiru kide.
Hitzaldien ostean, bertso afaria egingo dute; Ane Zuazubiskar eta Andoni Rekondo arituko dira bertsotan, eta Libe Goenagak jarriko dizkie bertsotarako gaiak. Hurrengo egunean, gosariaren ondoren, hiru jarduera izango dira aldi berean, 10:00etan: batetik, David Hoyos, Biziz Bizi eta Uxue Jauregizar «mugikortasun kapitalistaz» ariko dira; bestetik, industriari, desazkundeari eta langile mugimenduari buruz ariko dira Euskal Herria, Industria Herria? hitzaldian; tartean izango da Ortzi Akizu EHUko ikerlaria. Azken aukera ez da hitzaldia izango, mendi ibilaldia baizik: Porlanomania izenekoa.
Horiek amaitutakoan, eta bazkariaren aurretik, 12:30ean, turismoaren egungo ereduari eta horren «ondorio ekosozialei» buruz arituko dira Andaluziako (Espainia), Mallorcako (Herrialde Katalanak) eta Donostiako Bizilagunekin plataformako kideak. Bazkalostean izango da azkenengo hitzaldia, 17:30ean, antolakuntza ekologistari buruzkoa. Ondoren, 21:30etan hasita, Mikosis eta Ezezez taldeen kontzertuak izango dira, eta, horiek amaitzean, musika jartzaileak ariko dira oholtza gainean gau osoan zehar. Igandean, gosariaren ostean asanblada irekia egingo dute, eta hori izango da Ekotopaketetako azken jarduera.
Lau gune nagusi izango dira: Uarkape pilotalekua, Arrasateko gaztetxea, Monterron parkea eta informazio gunea. Iragarri dutenez, otorduetarako eta lo egiteko lekua jarriko dute frontoian. Gogorarazi dute lo zakua eta antzekoak eramateko, baita edalontzi berrerabilgarri bat ere.