Hegan klusterraren kongresu baten atarira eraman dute armagintzaren aurkako protesta. Kluster horretan parte hartzen duten enpresa batzuk —ITP, Sener, SK-10, Aeroteam, SAPA eta Fibertecnic— industria militarrean aritzen direla salatu zuten atzo Kakitzat eta KEM Kontzientzia-Eragozpen Mugimendua talde antimilitaristek. Bizkaian, Barakaldoko BECen, egin zuten kongresua, eta atarian jarri ziren talde antimilitaristetako kideak.
Antzerkia eginez, dozena bat lagunek irudikatu zituzten industria militarrak eragiten dituen ondorioak, BEC barruan kongresua egiten ari ziren bitartean. Trajez jantzitako pertsona batek dirua kobratzen zuen bitartean militar batek eraso egin eta sarri zibilak hiltzen dituztela adierazi zuten. Lurrean maindire zuriekin estalita jarri ziren protesta egile batzuk. Aldamenean, Murrizketen eta langabeziaren aurka; gastu militarrik ez idatzia zuen pankartarekin jarri ziren beste antimilitarista batzuk.
Hegan klusterrean parte hartzen duten enpresa horiek eta beste batzuek Espainiako Defentsa Ministerioak sustaturiko hamar armagintza proiektu nagusietan parte hartzen dutela oroitarazi zuten. Eurofighter gerra hegazkina, A400M militarrak garraiatzeko hegazkina, F-100 fragata, Leopard tankea, Tigre helikopteroa eta Pizarro blindatua eraikitzeko proiektuetan ari dira lanean, esaterako.
Euskal Herriko industria militarrak salmenta «makabroak» egiten dituzte, protesta egileen hitzetan. Amerikako Estatu Batuetara, Argentinara, Brasilera, Egiptora, Ingalaterrara, Israelera, Libiara, Marokora eta Mexikora saltzen dute beren ekoizpena, besteak beste. Antimilitaristek gogora ekarri dute Eusko Legebiltzarrak armagintzaren ekoizpena ez sustatzea eta diruz ez laguntzea erabaki zuela 2007an.
Industria militarra salatu dute kongresu baten atarian
Iaz 600 milioi euroren irabazia eskuratu zuten armagintzan ari diren enpresek, salmentak %15 handituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu