Zornotzako hilerrian beste hamalau gudariren eta milizianoren gorpuzkiak aurkitu dituzte

Abenduan beste 54 pertsonaren arrastoak aurkitu zituzten hobi beraren beste parte batean. Frontean hildakoak dira, edo zaurien ondorioz herriko ospitalean zendutakoak. Desagertutako senideak dituztenak DNA laginak uztera deitu dituzte.

Lourdes Herrasti Aranzadiko kidea, gaur, Zornotzako hilerrian aurkitutako gorpuzkien alboan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Lourdes Herrasti Aranzadiko kidea, gaur, Zornotzako hilerrian aurkitutako gorpuzkien alboan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano, Gotzon Hermosilla
Zornotza
2024ko martxoaren 26a
10:00
Entzun

1936ko gerran hildako beste hamalau pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte Zornotzako hilerrian (Bizkaia). Aranzadi zientzia elkartea ari da indusketa lanez arduratzen: abenduan, lehen fasean, 54 pertsonaren arrastoak topatu zituzten; hobi beraren jarraipena aztertzeari ekin zioten atzo, bigarren fasean, eta segituan agertu ziren beste hamalau gorpu. Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak adierazi du denak direla gudariak edo milizianoak, eta hildakoen artean ez dagoela emakumerik, nahiz eta herrian bertan andrazkoen kartzela bat izan zen 1939tik aurrera. Era berean, segurutzat jo dute gorpuzki gehiago aurkituko dituztela; hala, Zornotzakoa Bizkaiko hobi handiena izan daitekeela uste dute.

Herrian aspalditik jakina zen gerran hildako hainbat lagun hilerrian lurperatu zituztela, baina joan den urtera arte ez zituzten abiatu bilatze lanak. «Eremua babestuta zegoen. Hemen belardi bat zegoen, eta erdian monumentu bat gurutzearekin, bazekitelako hemen zeudela gerra garaiko hildakoak», azaldu du Lourdes Herrastik, Aranzadiko kide eta indusketa lanen arduradunak. Hobiaren lehen partean 54 gorpuzki aurkitu zituzten abenduan, eta alboan lurperatuta zeuden beste hilotz batzuen arrastoak ikusi zituzten orduan. Izatez, atzo abiatu zuten bigarren fasea, eta gaur goizerako bistara zituzten hamalau gorpuak: «Bagenekien hemen zeudela».

Herrastiren arabera, borrokan hildakoak topatzen dituzte halako hobietan: «Beste leku batzuetan exekutatutakoak ere aurkitzen ditugu, baina Bizkaian, batez ere, gudulariak berreskuratu ditugu, hemen egon zirelako gerra fronte esanguratsuenak eta borroka gogorrenak». Hala da Zornotzako hilerrian ere. Batetik, herrian gerra garaian abiatutako erietxean hildako pertsonak hobiratu zituzten: «Hezurrak puskatuta dituzte, eta anputazioak. Borrokan egindako zauriak ezin zituzten ospitalean osatu». Eta bestetik, frontean hildakoak: «Soinean daramatzate botak eta arropak». Herrastik nabarmendu du batzuk eta besteak bereizita lurperatu zituztela: «Lurperatzaileak ordenaz aritu ziren, eta gorpuak ondo jarrita daude, ez zituzten bota».

Identifikatzeko probak

Abenduan bezala, bi geruzatan agertu dira gorpuak. Gainean jarritako hamalauak aztertu behar dituzte lehenik, baina badakite beste horrenbeste egon daitezkeela: «Gorpuzkietako baten azpian, beste baten besoa agertu da; badakigu gehiago daudela». Orain, ondo dokumentatu behar dute lehen geruzan agertutakoa, gorpuzkiak banan-banan erretiratu, eta ondoren segituko dute indusketarekin.

Geroago ekingo diote gorpuzkiak identifikatzeari, baina baikor mintzatu da Aintzane Ezenarro: «Dagoeneko 35 familiak utzi dute beren lagin genetikoa gure DNA bankuan; beraz, segur aski bat edo batzuk identifikatu ahal izango ditugu, eta gorpuzkiak familiei eman ahal izango dizkiegu». Hala, senideren bat inguru horretan desagertuta dutenei eskatu die DNA lagina eman dezaten, identifikazioak bideratzeko. Gorpuekin batera agertutako objektu batzuk ere lagungarri izan daitezkeela esplikatu du Aranzadiko kide Kepa Ganuzak: «Gudari eta miliziano guztiei ematen zieten identifikazio txapa bat. Abenduan halako batzuk agertu ziren, baina ia deseginda zeuden, zenbakiak ez ziren ikusten. Identifikazioa zaila izaten da, gero artxiboetan bilatu behar baita ea zenbakiak izenik duen, baina normalki aurkitzen ditugu».

Oro har, zaila da jakitea zein borrokatan zendu ziren edo zer batailoiko kide ziren hildakoak, baina badauzkate zantzu batzuk, garaiko agiriak zein datu historikoak kontuan hartuta. «Guk erabiltzen dugun dokumentazioaren arabera, pertsona batzuk 1936ko abendu hasieran lurperatu zituzten hemen, justu Legutioko batailan [Araba] borroka gogorrenak izan ziren egunetan. Beste agiri batzuek diote 1937ko apirilean eta maiatzean ere ekarri zituztela hildakoak, eta egun haietan borrokak izan ziren Saibigainen, Bizkargin, Ganzabalen eta Solluben. Ondoriozta dezakegu han hil zirela, baina oraingoz ezin dugu ziurtatu», esan du Ganuzak.

4.500 desagertu

1936ko gerran hildakoak bilatzeko lanetan aurrerapauso handiak egin dira azken urteotan, baina Ezenarrok gogora ekarri du oraindik 4.500 gudari eta miliziano daudela desagertuta. Ildo horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan identifikatuta dauden hobi gehienak aztertuta daude jada, beraz, informazio guztia «baliagarria» dela nabarmendu du Gogora-ko zuzendariak: «Ez dira bakarrik proba genetikoak edo historikoak; biak gurutzatzeak ere baditu emaitza onak. Adibidez, gorpuzki hauetako bat identifikatzeak, ikusita non dagoen eta zer batailoitakoa zen, zantzu batzuk emango dizkigu besteak ere identifikatzeko». Halere, ohartarazi du desagertu guztiak ez dituztela aurkituko, «baina batzuk aurkitzean denei egiten diegu oroimen ekitaldia, eta zor zaien duintasuna berreskuratzen dugu».

LEKUALDATZEA, ATZERATUTA

Bilboko hilerrian —Derion dago berez—, sei gudariren hilobia lekualdatu nahi dute, eta Bilboko panteoi batetik Elgoibarrera (Gipuzkoa) eraman. Senideak, baina, ez daude ados, eta sinadurak biltzeari eta erakundeekin batzartzeari ekin diote, gorpuzkiak Bilbon geratzeko eskabidea helarazteko. Naiz agerkariak jakinarazi duenez, senideek bilera egin dute Ezenarrorekin, maiatzaren 9an Bilboko Udaleko ordezkariekin batzartuko dira, eta konpromisoa lortu dute azken bilera hori egin arte behintzat atzeratu egingo dela hilobia lekualdatzeko erabakia.

Paulino Beraza Madariaga, Felipe Elorriaga Landeta, Blas Larrazabal Inunziaga, Juan Zabala Loza, Ambrosio Etxebarria Uriarte eta Jose Txintxurreta Zamakona gudariak Ibaizabal batailoiko Zubiaur konpainiako kideak ziren, eta Elgoibarren hil ziren, 1936ko irailaren 25ean, frankisten oldarraldiari eusteko borrokan. Panteoiaren kontzesioaren epemuga amaitu da, eta, hortaz, gorpuzkiak panteoitik atera eta Elgoibarko hilerriko hezurtegira eraman nahi dituzte, baina senideek uste dute Memoria Historikoaren Legeak babesten duela hilobia ez lekualdatzeko eskaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.