Gizartea

Indiako Ozeanoan ontzien bahiketak babesteko asmoz lan taldea sortuko du Europako Batasunak

EBko estatuen behatze eta babes lanak koordinatuko ditu. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu dio armada bidal dezala berehala. Aurreko astean 'Playa de Antzoras' Bermeoko atunontzia bahitzen saiatu ziren piratak. Ontziak Seychelleetara joan dira, babes bila.

2008ko irailaren 15a
18:02
Entzun
Indiako Ozeanoan piratek ontziak bahitu ez ditzaten lan taldea sortzea erabaki du Europako Batasunak (EB) gaur. Lau lagunek osatuko dute taldea, eta EBko estatuek egiten dituzten behatze eta babes lanak koordinatuko ditu. EBko Kanpo Harremanetarako ministroen bileran hartu dute neurria, "kezka handia" dutelako. Horretaz gain, ez dute baztertzen EBk indar militarra erabiltzea Indiako Ozeanoan.

Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuak, berriz, Espainiako Defentsa Ministerioari eskatu dio berehala armada bidal dezala alde hartara -gauza bera galdegin dio Galiziako Gobernuak-, eta Espainiakoak gerrako ontzia bidaliko duela esan du.



Lehengo astean Playa de Antzoras Bermeoko (Bizkaia) atunontzia bahitzen saiatu ziren piratak Somaliako uretan eta Frantziako bati eraso egin zioten. Apirilean lortu zuten Playa de Bakio euskal ontzia atxikitzea, eta ustez dirua erdietsi zuten bertako arrantzaleak libre uzteagatik.

Azkeneko erasoak direla medio, han inguruan zeuden ontziak Seychelleetara joan dira, babes bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.