Erabakitzeko eskubidea. Munduko giza kateak

Independentziari kateatuta

Baltikoan 1989an egin zuten giza kate erraldoia, 1939ko «okupazio» itun bat salatzeko. Hango herrialdeen independentzia etorri zen berehala. Katalunian iaz egin zuten giza kate independentista.

Independentziari kateatuta.
enekoitz esnaola
2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Vicent Partal kazetari katalana giza kate subiranista historikoen lekuko izan da: 1989an, Baltikoan egindakoan egon zen, eta iaz, Kataluniakoan. Gaur zortzi Euskal Herriko giza katean egon nahiko lukeela dio, erabaki eskubidearen alde. «Baltikokoa ez zen ekinbide independentista izan, baizik eta justu 50 urte lehenago Alemaniak eta SESBek Europa ekialdeko herrialdeak banatzeko sinatutako itun sekretua indargabetzeko eskatzeko zen. Han ez zen independentzia lelorik izan, baina mobilizazio eta prozesu haren ondorioa Baltikoko hiru herrialdeen independentzia izan zen», dio Partalek». Kataluniakoa bai, independentziaren aldekoa izan zen.

TVEn egiten zuen lana orduan Partalek —egun Vilaweb webguneko zuzendaria da—, eta 1988-1992 artean SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko berriak emateko Estonian egon zen kazetari. Estonia, Letonia eta Lituaniako katea 1989ko abuztuaren 23an izan zen. SESBen «presioa eta kontrola» izan ziren, Partalek dioenez, «armada kalean egon baitzen».

Estonia, Letonia eta Lituaniako hiriburuak batu zituen kateak: Tallinn, Riga eta Vilnius. 600 kilometro pasan, milioi bat eta erdi lagun bildu ziren. Hiru herrialdeek zortzi milioi biztanle zeuzkaten orduan. Iazko irailaren 11n Katalunian —7,5 milioi biztanle— izandako giza katearen datuak antzekoak dira: 400 kilometro, 1,6 milioi lagun.

ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak urte erdi bat eman zuen giza katea prestatzen, mobilizazioaren koordinatzaile Ignasio Termesek gogora dakarrenez. «2012ko Diadan, Europan estatu berri bat izateko aldarrikatzeko manifestazio ezin hobea atera zitzaigun, eta herriak gehiago nahi zuen. Zerbait desberdina egin beharra zegoen. ANCra proposamenak bidaltzen hasi ziren, eta batzuek Baltikoko giza katea aipatu zuten. Ideia ona iruditu zitzaigun, nazioartean oihartzun handia lor genezakeelako. Jendaurrean Diada baino urte erdi bat lehenago esan genuen zertara gindoazen».

Erronka handiari egin zioten aurre bietan. Partalek esaten du Baltikokoek katalanen aldean zorte on bat zutela: 1989an ez zen sare sozialik eta, ibilbidean hutsuneak egonda ere, besterik gabe pasa zitekeen hura. Gainera, hedabideek jenderik gabeko tarteak topatu arren, buruhausteak izango zituzketen horren berri emateko, Partalen beraren esperientziaren arabera: «Moskuk hedabideei kontrol handia ezartzen zien. Neuk, adibidez, Madrilera TVEra irudiak bidaltzeko Estoniatik Moskura joan beharra izaten nuen. Telefono konexioa ere oso zaila zen, telefono deia berehala nekez ematen zuten...».

Katalunian hutsunerik txikiena batzuek porrot gisa jotzeko arriskua zuten. «Baina guk ibilbide osoa beteko genuen konfiantza geneukan, ANCren antolaketa eta babes sozialagatik», dio Termesek. El Pertus eta Alcanar herriak batu behar zituen kateak —Principat alderik alde—, 86 herri eta, hiruzpalautan salbu, ANCk guztietan zeuzkan batzordeak.

Nola antolatu, baina, 400 kilometroko katea? «Martxoan, ANCren urteko batzarrean, giza katea antolatuko genuela esan eta jendeak ondo hartu zuen, baina gu arriskatu egin ginen, ez genekielako igerilekuan urik ba zen. Ez genuen ezer zehatzik, eta zehazten hasi beharra zegoen. Hala, 800 eremutan banatu genuen ibilbidea, 500na metroko zatietan, eta zati bakoitza talde baten ardurapean geratuko zen. 400 kilometro antolatzea baino errazagoa zen 500 metroko 800 zati antolatzea. Herri, eskualde eta nazio osoko antolaketa eratu genuen. Uztailean eman genituen xehetasunak, Diada baino bi hilabete lehenago: ibilbidea, weba, izen emateko moduak...».

Giza katearen egunean, Baltikoan nahiz Katalunian ehunka herritarrek autobusean kilometroak egin behar izan zituzten lekurik zailenak betetzeko eta etenik ez egoteko. Estonian-eta, ordea, langile askok arazoak izan zituzten eguna libre hartzeko —asteazkena zen—, enpresariek ez zietelako jai egiteko baimenik eman. Katalunian jaiegun ofiziala izaten da Diada; gainera, antolatzaileek aldez aurretik bazekiten zati guztiak jendez beteta egongo zirela. Batzuk gainezka ere izan ziren azkenean; Bartzelonako hiriburuan, adibidez, 500.000 lagun pasa batu ziren, Udaltzaingoak jakinarazi zuenez.

Irratien garrantzia

Bi mobilizazioetan hedabideek funtzio garrantzitsua bete zuten; irrati kateek, batik bat. «Katalanok Baltikoen aldean beste garai teknologiko batean egin genuen katea, baina nolabait aspaldiko sasoietara itzuli zen jende asko, irrati aparatu zaharrak eramanda ibilbidera. Horrez gain, herri batzordeei eskatu genien soinu ekipamenduak eraman zitzatela errepidera», dio ANCko kideak. Catalunya Radio eta RAC1 bezalako irrati kate garrantzitsuek zuzeneko saioak egin zituzten —TV3k ere bai—. «Kataluniako hedabideei giza katearen proiektua aurkeztu genienean, zoratuta al geunden esaten ziguten. Baina ikusi zuten eurentzat ere ekitaldi handi bat izan zitekeela, eta parte hartu zuten. Zabalkunderako ez ezik, giza katearen koordinaziorako oso garrantzitsu bihurtu ziren».

Handiak izan ziren katalanen antolaketa zenbakiak: 24 aireplano doan lortu zituzten, 800 argazkilari aritu ziren irudiak ateratzen —zatiko, bat; bakoitzak 400 argazki atera behar zituen, gutxienez—, Diadan bertan ibilbidean bost mila boluntario —prozesu osoan, 30.000—, 250.000 elastiko saldu zituzten... ANCko kidearen iritziz, «herritarrek proiektu bat bere egiten dutenean, parte hartze handia lortzen da». Egun hartako irudiak gigafoto proiektu batean jaso dituzte: 107.000 ale denera; apiriletik ikusgai dira.

Giza katearen aurrekontua, Termesek dioenez, ehun mila euro izan zen. Beste datu harrigarri bat ere eman du hark: «Milioi eta erdi lagun pasa izan ziren, baina 112 larrialdi telefonoan zazpi dei baino ez zituzten jaso, eta ez ziren gertaera larriak, gainera».

Protesta sinbolikoak

Partali Estoniako hiriburuan egokitu zitzaion Baltikoko mobilizazioa. «Jendeak kezka zeukan, baina adorea erakutsi zuen. Tallingo une batekin oroitzen naiz bereziki: giza katea errusiar ortodoxoen katedral baten aurrean osatu zutenean, jendeak bizkarra eman zioen elizari, protesta gisa».

Estoniako eta Letoniako mugan, berriz, SESBek alemaniar naziekin egindako ituna gaitzesteko svastika handi bat erre zuten, hileta sinboliko batean. Datu batzuen arabera, Lituaniak biziki pairatu zuen 50 urteko okupazioa: sei herritarretik bat deportatu, errepresaliatu, erbesteratu, fusilatu edo atxilotua izan zen. Egoera hura bukatu nahi zuten. Baltikoko hiru herrialdeen artean, aurrena Lituaniak aldarrikatu zuen independentzia: 1990ean. Urtebete aitzin, 1,2 milioi lituaniarrek SESBen «okupatze eta menderatze indarrak» kanporatzearen alde sinatu zuten —3,5 milioi biztanle zituen herrialdeak—.

Baltikoan, hango 19:00etan hasi zuten giza katea. Katalunian, 17:14an —1714an tropa borboitarrek Bartzelona konkistatu zutela gogoratuz—. Laburrak izan ziren biak: ordu laurdenekoa Baltikokoa, 46 minutukoa Kataluniakoa. Irismen luzekoak biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.