Independentziaren aldeko martxa egingo dute Ernaik eta Aitzinak Larhunera

Gaur egingo dute Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko mendi martxa, «Euskal Errepublikan berdinen arteko herria» eraiki nahian

Aitzina gazte antolakundeak eginiko mobilizazio bat. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Frantziako besta nazionala ospatzen dute gaur, eta, hain zuzen, Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek «jaiegun inposatu» hori hautatu dute Larhun gainera igo eta «Euskal Herriaren eraikuntzan mugarria» jartzeko. Urruñatik (Lapurdi) abiatuko dira batzuk (10:00); Beratik (Nafarroa) beste batzuk, eta gailurrean egingo dute topo. Ekitaldi bat eginen dute «gazteok independentziaren bidea berresten» dutela gogora ekartzeko. Osasun krisia dela eta, segurtasun neurriak betetzera deitu dituzte parte hartzaileak.

Ondorio politikoak ere ekarri ditu azken hilabeteetako egoerak, gazteen iritziz. «COVID-19aren ondoriozko itxialdian, Euskal Herria bi estaturen artean banatua dagoela errepikatu diegu enegarren aldiz; burdinazko hesiz, kolore guztietako uniformez eta armaz itxi zituzten mugako bideak, Hendaiatik Otsagabira». Itxialdian eta azken asteetako konfinamendu arintzean ere, «askatasun indibidual eta sozialen gibelaldi larria» nabaritu dela diote.

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek salatu dute murrizketa aplikatzen hasi zaizkiela itxialdian «agintari guztien txaloak jaso zituzten» osasun langileei. Haien ustez, tenorea iritsi da «leihoetako txaloaldiak karriketako mobilizazio bilakatzeko», eta nabarmendu dute «heldu den krisia» ez dutela «gazte prekarioek» ordainduko. «Behin betiko bihurtu diren behin-behineko kaleratzeak eta ohi baino are prekarizatuagoak dauden udako lanak ikusten ari gara jadanik, azken hamarkadetan ikusitako krisirik gordinena iristear dagoen honetan».

Independentzia «ezinbestekoa» da gazteen hitzetan, «Euskal Errepublikan eraikiko baitugu berdinen arteko herria». Oroitarazi dute 1958an eta 1978an plantan ezarritako «konstituzio zapaltzaileak» agintzen duela Euskal Herrian. Hortaz, «bizitza eredu berri bat» aldarrikatzen dute, «politika sozialez beterikoa, ama lurrarekiko errespetuzkoa eta parekidetasunean oinarritutakoa», baina azpimarratu dute ezinezkoa dela Parisen eta Madrilen teilatupean halakorik sortzea. «Bi bide egingo ditugu: bide berean eta noranzko berean independentziarantz goaz; eta batera ekingo diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.