Independentziaren alde bozkatuko lukete Gipuzkoako gazteen ia erdiek

Gipuzkoako gazteen eta politikaren arteko harremana ikertu du Aztikerrek, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat

Donostia
2009ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriaren independentziari buruzko erreferendum bat egingo balitz, Gipuzkoako gazteen ia erdiek independentziaren aldeko botoa emango lukete, eta hamarretik bik baino gutxiagok aurkakoa. Abstentziora joko lukete gazteen ia %20k. Hala erakutsi du Aztiker enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eginiko ikerketak (Gipuzkoako gazteak eta politika, 2009). Atzo aurkeztu zituzten emaitzak Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Iñaki Galdos Kiroletako eta Kanpo Ekintzako diputatuak eta Iñaki Iurrebaso Aztiker enpresako kideak, Donostian.

«Indarkeriari, terrorismoari eta errepresioari buruz» galdetuta, ondoko bi baieztapenek jaso dute adostasunik handiena galdekaturiko 15 eta 29 urte bitarteko 1.655 gazte gipuzkoarren artean: «Euskal Herrian, indarkeriaz harago, arazo politiko bat dago», eta «arazoa konponduko da indar politiko guztien elkarrizketa bidez eta adostuz nola gauzatuko den euskaldunen erabakitzeko eskubidea». Gatazka politikoa badelako ustea eta elkarrizketaren eta erabakitze eskubidearen aldeko jarrerak dituzte, horrenbestez, Gipuzkoako gazteek. Aldiz, indarkeriaren aldeko iritziek dute adostasunik txikiena. Hain zuzen ere, egoera batzuetan helburu politikoak lortzeko indarkeriak zilegitasuna duelako iritziak eta Espainiaren batasuna behar balitz indarra erabiliz defendatzearen aldeko iritziek jaso dute babesik txikiena inkestatuen artean.

Politikariak «gezurtiak, bizizaleak eta ustelak dira eta herritarrengandik urrun eta interes propioen alde aritzen dira», Gipuzkoako gazteen irudiko. Halere, jarrera orokor horien artean salbuespenak badirela diote %48,5ek.

Politikan, ezkerraldean kokatzen dira Gipuzkoako gazte gehienak, %35,9 zehazki. %10,2 zentroan,%5,5 zentro-ezkerrean, %3,1 ezker muturrean, %2,4 eskuinean, %1,6 zentro-eskuinean eta %0,5 eskuin muturrean. Inkestari erantzundako gazteen %33,2 euskal herritar soilik sentitzen dira, nazio sentimenduez galdetuta. %24,5 euskal herritar bezain espainiar, %22 euskal herritar gehiago, %3,8 espainiar gehiago eta %3,3 soilik espainiar. Hamarretik seik, beraz, errotuagoa du euskal nazio sentimendua, espainiarra baino.

Orokorrean politikarekiko interes urria dute, hala ere, Gipuzkoako gazteek, eta hala berretsi du Iñaki Iurrebasok, Aztikerreko kideak. Haren arabera, politikarekiko interesa txikia da, baina «tenperatura igo egiten da», besteak beste, errepresio, terrorismo eta independentzia gaietan. Hala, galdekaturikoen ia hiru laurdenek ez dute politikarekiko interes berezirik agertzen. Politikak eragiten dien interesaren ildo beretik doaz politikak eragindako sentimenduak ere. Asperdura, mesfidantza eta haserrea ageri dira lehen hiru postuetan. «Konpromisoa eta entusiasmoa», berriz, azken bietan.

Parte hartzean, kontraesana

Gazteek erakundeetan duten edo nahi luketen parte-hartzearen inguruan sorturiko kontraesana nabarmendu dute aurkezpenean. Erakundeek parte-hartzea behar adina bultzatzen al duten galdetuta, ezetz diote %62,7k. Baiezkoan dira %20,9. Galderari bira eman eta gehiago parte hartzea gustatuko ote litzaiekeen galdetuta, ezezkoan dira %56. Gehiago parte hartzea gustatuko litzaieke %27,1i eta nahikoa parte hartzen duela diote %8,1ek. «Parte hartu ahal izateko bide gehiago irekitzeko eskatzen dute gazteek, baina kontraesan batekin, ondoren parte hartzeko asmoa ez baitago horren zabaldua», nabarmendu du Iñaki Iurrebasok.

Gipuzkoako foru hauteskundeei begira, Batasunak edo ANVk izango luke boto gehien (%11,4). Atzetik leudeke PSE-EE (%9), Aralar (%6,7), EAJ (%6,6), EB (%1,5), PP (%1,2), EA (%1,1), Alternatiba (%0,3) eta H1 (0,2). Abstentziora joko lukete inkestatuen laurdenek. Dena den, hauteskunde motaren arabera edota beste arrazoi batzuk kontuan hartuta erabakitzen dute botoa nori eman Gipuzkoako gazteen ia erdiek. Aldiz, herenek beti alderdi politiko berari eman ohi diote botoa.

Azaroan edo abenduan emaitzak gazteekin aztertzeko asmoa iragarri du Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Era berean, abenduan politikariekin eta gizarteko beste hainbat eragilerekin bildu eta balorazioak egiteko asmoa ere azaldu du.



Euskararen aldeko taldeak begiko; alderdi politiko eta sindikatuak azken postuetan

Elkartez elkarte, Gipuzkoako gazteei talde horiekiko begikortasunaz galdetuta, zerrenda osatu du Aztikerrek. 45 talde ageri dira zerrendan, eta euskararen eta giza eskubideen aldekoak dira nagusi lehen zazpi postuetan: Ikastolak, SOS Arrazakeria, Tokiko kirol taldeak, Hiesaren aurkako taldeak, AEK, Amnesty International eta Euskal Herrian Euskaraz. Batetik hamarrera, zazpiko notatik gora lortu dute guztiek. Zerrendari atzealdetik begiratuz gero, alderdi politikoak eta sindikatuak dira nagusi. Puntuaziorik txarrena lortu dutenetatik abiatuta ageri dira, PP, Alternatiba, H1, EB, PSE-EE, EA, Elizak eta talde erlijiosoak, EAJ, UGT, CCOO, Aralar, Batasuna-ANV, Lokarri, ELA eta LAB. Bakar batek ere ez du gainditzen 4,5eko langa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.