«Independentziarako jauzia» egitea proposatu nahi dute Aberri Egunean

Gernikan hainbat ekitaldi antolatuko dituzte Gernika Batzordeak eta Independentistak sareak. Euskal errepublikaren alde egin dute aldarri

Gernika Batzordeko eta Independentistak sareko kideak, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Aurki 80 urte beteko dira Gernikabonbardatu zutenetik, eta, horren harira, apiril osoan ekitaldi ugari antolatuko dituzte Bizkaiko herri horretan; apirilaren 16an egingo den Aberri Eguna ere ospakizun eta ekitaldi sorta horretan dago, antolatzaileek —Gernika Batzordea eta Independentistak sarea dira deitzaileak— uste dutelako badagoela lotura orduko eta oraingo egoeren artean: «menpekotasunean»oinarritutako iraganetik «independentziarako jauzia» egiteko deia egin dute.

Antolatzaileen izenean, Maite Aristegik azaldu du Gernika bonbardatzea «estrategia genozida baten barruan egindako gizateriaren kontrako krimena» izan zela, eta, horren ondorioz, gerraren izugarrikerien adierazpide bilakatu zela han egindako sarraskia; baina Pablo Picassok egindako margolanari esker «askatasunaren eta bakearen ikur» bihurtu zela Gernika mundu osoan. «Sarraskitik, sufrimendutik eta injustiziatik askatasunera egin du jauzi Gernikak», esan du.

Hori proposatzen dute, hain zuzen, oraingoan ere Gernikako Aberri Egunaren antolatzaileek: Euskal Herria «menpekotasuneko iraganari» lotzen duten «kateak apurtu» eta «etorkizunera jauzia egitea». Horregatik, aurtengo Aberri Egunak Askatasuna eta bakea, Euskal Herriak erabaki izango du goiburu, antolatzaileen izenean Maite Aristegik, Maria Luisa Manjadok, Txutxi Ariznabarretak eta Juanjo Molinuevok azaldu dutenez.

Ez da hori aurtengo Aberri Egunerako dagoen deialdi bakarra. Ipar Euskal Herriko abertzale talde batek Uztaritzera (Lapurdi) joateko deia egin du. EAJk, berriz, ekitaldi politikoa egingo du Bilboko Plaza Barrian, Lehen, orain eta beti aberria lelopean.

Estatu propioa

«Erabakiaren garaian bete-betean sartuta gaude», esan du Aristegik, aste hauetan hainbat herri eta eskualdetan antolatzen ari diren herri galdeketak gogoan. Eta hautatzean, ez dute dudarik egiten zein den «aukerarik egokiena» Euskal Herriarentzat: «estatu propioa» eratu eta «lehen euskal errepublika independentea» aldarrikatzea. «Dependentziaren kalteak egunero nozitzen ditugu, eta gure buruaren jabe izatea ezinbestekoa da gure herriaren etorkizuna eraikitzeko arlo guztietan», nabarmendu du Aristegik.

Era berean, Aberri Eguna baliatuko dute «gehiengo sozial independentista» herririk herri aktibatu eta eratzeko deialdia egiteko. «Sigla politiko eta sentsibilitate zehatzen gainetik» Aberri Egunean parte hartzeko deia ere egin dute, «iragana oroituz eta etorkizuna eraikitzeko konpromisoa partekatuz».

Ekitaldi ugari

Ekitaldi ugari izango dira apirilaren 16an Gernika-Lumon (Bizkaia), Aberri Egunaren kariaz. Garrantzitsuenak bi hauek izango dira: 12:00etan Udaletxeko plazatik abiatuko den manifestazioa eta hura bukatzean Pasealekuan egingo duten ekitaldi politikoa.

Ekitaldia amaitu bezain pronto, txosna handia eta bazkaria egiteko gunea irekiko dituzte Pasealekuan bertan, eta han otordua egiteko aukera izango da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, 2.000 oilasko izter izango dituzte prest hara jotzen dutenentzat.

Musikarako gunea ere izango da Pasealekua. 15:30ean hasita, erromeria antolatuko dute han, eta, gero, hainbat talderen musika emanaldiak gauera arte.

Umeek, berriz, Merkurio plazan izango dute euren gunea, eta 16:00etan Irrien Lagunen emanaldia egingo dute han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.