Independentzia giltza hezkuntza propiorako

Egungo hezkuntza sistemaren gabeziez eta sistema propio eta burujabearen beharraz mintzatu dira Hamaika Gara egitasmoak eta BERRIAk antolatutako solasaldian. Ideia bat argi dute: helburua lortzeko, Euskal Herriak independentzia behar du.

Hamaika Garak eta Berriak antolatutako solasaldia, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun

Gure hezkuntza sistema ez da batere burujabea». Pedro Macho Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ikuskariaren hitzak dira, atzo Hezkuntza sistema propio eta burujabe baterantz solasaldian esandakoak. Hamaika Garak eta BERRIAk antolatuta, egungo hezkuntzaren gabeziak mahai gainean jarri zituzten Machok, Ane Ablanedo irakasle eta heziketa librean adituak eta Nora Salbotx Amaiurko eskolako zuzendari eta Hik Hasiko kideak, Ainhoa Latatu Gure Esku-ko zuzendaritzako kideak gidatuta. Argi dute euskal hezkuntza sistema propio bat izateko ezin dela Espainiaren nahiz Frantziaren zain egon; alegia, independentzia beharrezkoa dela. Hala azaldu du Ablanedok: «Gure hezkuntza nahi duena jar dadila herri honen independentziaren bidean, ez baita bide zuzenagorik». Euskara salbatzeko beste modurik ere ez du ikusten: «Txalotu egiten dugu frantses estatuak guri ematea gure hizkuntzari buruzko baimentxoa, lotsagarria denean».

 

[YouTube]https://youtu.be/xBYq8JgV7lA[/YouTube]

Egungo sistemaren gabeziak azaleratuz ekin diote: «Frantses sistemak frantsestu egiten du, eta espainolak espainiartu egiten du, euskaraz egiten badu ere», ohartarazi du Ablanedok. Machok erantzun dio euskalduntzen duela, baina Ablanedok ez du guztiz bat egin: «Euskaldundu egiten dugu hizkuntzaren zentzuan, baina ez dugu gaitasunik komunitate eta herri bezala haurrei transmititu beharko genizkiekeen klabe soziopolitikoak transmititzeko». Kritiko agertu da Salbotx ere: «Diseinu bat egin digute, eta gu, herri bezala, bagara nor horri erantzun intsumisoak, desobedienteak ere artikulatzeko».

Nolakoa izan behar luke?

Aletu dituzte euskal hezkuntza sistema propio horrek izan beharreko ezaugarriak ere. «Hezkuntza neutralik ez dago», azpimarratu du Machok. Eta Salbotxek argi definitu du bere ustez hezkuntza burujabeak nolakoa izan behar lukeen: «Izan beharko du euskalduna, feminista, neoliberalismoaren atzaparrez gaindikoa; justizia soziala, eskubideak eta pribilegioak zer diren ondo erakusten duen hezkuntza sistema bat beharko genukeela uste dut, eta, gainera, dimentsio publiko eta komunitarioa uztartzen dakiena». Eta hau erantsi du: «Politizatu behar dugu hezkuntza erroetaraino».

Esaldi batean egin du laburpena Machok: «Nik beti esaten dut: euskal hezkuntza sistema burujabea bai, baina ez burugabea». Eta bata bestearen atzetik bota ditu haren ustean izan beharreko ezaugarriak: heteropatriarkatuak tokirik izango ez duena, ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeak onartuko ez dituena, segregaziorik egongo ez dena... Azken ideian sakondu du: «Niretzat ikastetxeen sare bakar bat egon beharko luke. Sare bat baino gehiago egotea berez segregatzailea da: bereizketan oinarritzen da, eta bereizkeria sustatzen du, sortzen du, areagotzen du». Beste ikuspuntu bat eskaini dio Ablanedok. Independente izanda, sare bakarra irudikatzen du berak ere, baina sare hitza entzundakoan «susmoa» hartzen du ez ote diren ari orain dagoenari buruz, eta hor bat hobestearen inguruan. «Nik hemen denak ikusten ditut espainolak eta han frantsesak, euskaldunik ez dut inon ikusten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.