Iñaki Martinez de Luna: «Independentzia eta euskara? Ikusi behar da norekin, eta nola, eta zer»

Manuel Lekuona saria jasoko du Martinez de Luna soziolinguistak, Gasteizen; gaztea zenetik erruz aldatu den eremu soziolinguistikoa da, euskararen garapenaren adibide argia. Soziolinguista gisara, begirada zoliz aztertu du bilakaera hori.

Iñaki Martinez de Luna. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iñaki Martinez de Luna. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun

Gasteizen sortua da Iñaki Martinez de Luna, 1950ean; euskararen oihartzuna ahula zen Araban sasoi hartan. Euskaldun berria dela «harro» azaldu ohi du, eta, soziolinguista gisara, adi erreparatu ahal izan dio euskarak izan duen bilakaerari: Eusko Ikaskuntzan, Euskaltzaindian, EHUn, Garabiden, Soziolinguistika Klusterrean. Aitortza jasoko du hilaren 11n, Gasteizen: Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Ilarduian (Araba) bizi da; hantxe hartu du solaserako tarte bat. «Eremu euskaldunenetan» ikusten duen «arriskuetako» bat du hizpide: «Hizkuntzaren kode aldaketatik hizkuntza ordezkapenera erraz pasatzea». Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariak aspaldi egin zuen iragarpena: «Martxa honetan aurki erdaraz hitz egingo dugu, euskaraz ari garelakoan». Gipuzkoan, bereziki, «argi eta garbi» ikusten du arriskua. Aurreiritzi askoren aurka, Araban eta tankerako eremu soziolinguistikoetan joera ez da hori: «Haiek, eremu oso euskaldunetakoek, nolabait ere justifikatu behar dute badirela mundu globalizatukoak, ez direla baserritarrak; guk demostratu behar dugu bagarela euskaldunak. Uste dut mekanismo bera dela, baina kontrako norabidean». 

Euskara ikasteko bidea egin duzue askok: ahalegina. Horrek badu eragina hizkuntza ordezkapena saihesteko, ezta? 

Bide hori egin baduzu, ba, hortik aurrera ere jarraitu beharra sentitzen duzu. Euskara erraz eta doan eskuratu duten horiek, ba, merke, eta baloratu ez. 

Euskal Herrian soziolinguistikaren oinarriak jarri dituzten adituetako bat izan zara. Besteak beste, Soziolinguistika Klusterraren sortzaileetako bat izan zinen, eta lehen lehendakaria. Egun zer arkitektura dago hizkuntza politiken oinarriak jartzen joateko ezagutza lortzeko?

Zer hobetua beti dago. Baina Garabide elkartean nago [lehendakaria da gaur egun], eta, han ikastaroetara-eta etortzen direnen artean, behin eta berriz beren ohiko zera izaten da: «Baina hau ere egin duzue?». Hori egundoko aitortza da guretzat. Eta guk erantzuten diegu: «Bai, baina duela 50 urte zuek orain zaudeten tokian geunden. Orduan, hau posible da». Egun daukagun arkitektura horretan igual ahulena da teknologia berriekin lotutakoa. Ez ezer egiten ari ez delako alor horretan... Baina eremu hori da niretzat agian arriskutsuena: teknologia berriena, globalizaziorena. 

Eta euskararen inguruko diskurtsoak zelan ikusten dituzu?

Ni toki guztietan esaten ari naiz trebakuntza sustatu behar dela. Euskalgintza prestatua dugu, indartsua, norabide onean, planteamendu estrategiko egokiekin, baina ghettotxo batean itxia. Hortik aurrera zer? Askotan, analisi sendo batetik abiatzea falta da, taberna mailako inpresioekin jarduten da, eta hori ez da serioa. Aurrera egite aldera, euskalgintzakoek irakurketa, balorazio eta estrategia egokiak planteatzea behar da, eta gizartean horien berri ematea: euskaldun euskaltzaleei klabe batzuetan, erdaldunei beste klabe batzuetan... Espainiar sentitzen direnengana ez gara joango esanez: «Euskaldunon hizkuntza bakarra euskara da, eta bestea inposizioa da». Urrundu egingo dira euskaratik. Hurbil gaitezen haiengana esanez Unescok munduko hizkuntzen gaineko kezka baduela, euskara hemen kokatzen dela, arrisku hauekin, aukera hauekin. Horretarako, oso inportantea da, era berean, erdarazko komunikazioa euskararen inguruan. 

Prestakuntza falta dela esan duzu, tabernako solasaldien parekoak direla euskararen inguruko iritzi asko. Baina hor gakoak ere falta izan dira usu nagusitu diren diskurtsoetan, ezta? Orain erreparatu zaio, adibidez, hiztunen gaitasunak duen garrantziari. Denbora askoan ez da ezkutuan egon aldagai hori?

Oinarrizko bi elementu daude. Gaitasuna da bat. Eta gaitasuna ez da ulertu behar tituluen mailan bakarrik. Ez, gaitasun erlatiboa da: zein hizkuntzatan moldatzen garen hobeto. Hori inportantea da. Gero beste aldagaia da, eta Iñaki Iurrebasok perfektu planteatu du bere doktore tesian, zera: harreman sarea. Zona euskaldun petoetan hori gaindituta dago. Baina euskaldunen proportziorik handiena ez da halako eremu euskaldunetan bizi, bestelakoetan baizik. Orduan, euskarak dauzkan bi arazo nagusiak dira gaitasun erlatibo mugatua eta harreman sare sendoak osatzeko zailtasuna. 

Eta kontzientzia ere ez da aldagai garrantzitsua?

Noski. Bai bata eta bai bestea kontzientziarik gabe, alferrik.

Eta ez da ahaztuxea geratu hori ere urteotan egin diren politiketan?

Bai, baina zein klabetan? Garai batean, gu gazteak ginela, oso erraza zen: frankismoaren kontra jotze aldera euskararekin identifikatu: besterik gabe. Baina kontzientzia gaur beste parametro batzuetara ekarri behar dugu. Lehen esandakoa: segmentazioa egin behar da gizartean eta interesa pizteko behar ditugu argudio berriak, eta komunikazio estrategia ongi diseinatuak, eta ez dugu pentsatu behar edozein lelo inozorekin denok bilduko garela. Ez, ez. Hau gauza serioa da, eta enpresa baten produktuaren inguruko marketina balitz bezala landu behar da. Edonori ezin diogu esan: «Abertzaletasuna eta euskara. Independentzia eta euskara». Bai, perfektu. Ni ere independentista sentitzen naiz. Baina zoaz migratzaile batengana, edo espainiarra sentitzen den norbaitengana. Independentzia eta euskara? Bai, bai. Niretzat balio du horrek. Baina ikusi behar da norekin, eta nola, eta zer. 

«Segmentazioa egin behar da gizartean eta interesa pizteko behar ditugu argudio berriak»

Arabako datuak ere badira inspirazio iturri: 1981ean, 5 urtetik gorakoen artean, herritarren %4 ziren elebidunak; orain, %30,1. Zer lezio atera behar da?

Arabako eskarmentua oso polita da kontuan hartzeko. Garabideren eskutik hona heldutako neska kolonbiar bat Arabako Lautadako herrixka batean izan zen, eta esan zidan han andre batek esan ziola: «Hemen ez da inoiz euskara hitz egin. Inposatu egin digute». Hortik abiatu gara Araban. Eta nik uste dut gakoetako bat arabarren izaera izan dela: ez gara oldartzen, apal-apalak gara, eta nolabait ere ereiteko errazagoa zen lurra. Eta gero, zorionez, maila politikoan eraman zen hizkuntza politika ez zen agresiboa izan. Bestela, sentituko zen emakume horrek esan zuena: euskara «inposizioa» izan zela. Eta hori, gaur egun, nire adinetik behera inork ez dizu esango. Euskara barneratu da gauza natural bat balitz bezala. 

Aroan parte hartu duzu, Eusko Jaurlaritzak datozen urteotarako euskararen inguruko bideak zedarritzeko landu duen estrategian. Goraipatu izan duzu haren taxua. Zergatik?

Bai, dinamikan parte hartzaile guztiak ez gara saiatu zer egin behar den esaten, baizik eta gako estrategiko batzuk planteatzen, gero hortik abiatuta egokitu behar diren planteamenduak norberak egin ditzan. Hori da egokia, zeren eta askotan udal guztiek ez dituzte baldintza berdinak lan mota bera egiteko; ez kalean, ez barruan, ez maila politikoan, ez teknikoan... Eta udalek bezala, elkarteek, edo lan munduak. Orduan, bakoitzak azter ditzala gako horiek, eta gara ditzala. Eta gero, bai, beharrezkoa da prozesu bat horren jarraipena egiteko, eta horretarako oso inportantea da elkarren berri izatea. Bestela beti bolbora asmatzen dugu herri guztietan. Baina, bai, abantaila bat da horrelako diseinu malgu bat denon esku jartzea.

Euskalgintza sendo dago?

Oso sendo. Oso prestatua. Gainera, hor uztartzen dira profesionaltasuna eta militantzia, biak, eta hori lan bat aurrera ateratzeko harribitxi bat da. Nik miretsi ditut asko hizkuntza aholkularitzak: Emun, Elhuyar, Ahize... Behin esan nien: «Gu euskalgintzan eroso gaude gure konfort egoera honetan, gure mundutxo honetan, elkar ulertuz, baina zuek misiolariak zarete, eta salto egiten duzue erdal mundu horretara: kristautzera. Misiolariak zarete». Aholkularitzen lanak ekarpena egin zion euskalgintzari planteamendu inozo batzuk errealitatera ekartzeko, neurrira ekartzeko. Orduan, euskalgintzan gaur egun egiten diren irakurketak oso sendoak dira: neurrikoak, egokiak. 

«Aholkularitzen lanak ekarpena egin zion euskalgintzari planteamendu inozo batzuk errealitatera ekartzeko»

Ezagutza unibertsalizatzeko eskea egin berri du Euskalgintzaren Kontseiluak. Garranzitsua da hor eragiten segitzea?

Oso. Eta horretarako mekanismoak jarri behar dira: gaitasun erlatibo nahikoa lortze aldera. Bilera bat izan nuen orain gutxi hizkuntza politikakoekin Arabako Foru Aldundian.  Zer egin? Zer ez egin? Hor bertan dituzten langile euskaldunekin gaitasuna areagotzeko plan bat antolatu behar dutela esan nien, titulua daukaten horiekin, ez dadin tituluan gera: izan dadila gaitasun praktiko erreala. Gaitasuna areagotzeko aukerak sortu behar dira erakundeetan; borondatez, edo nolabait sarituz.

«Gaitasuna areagotzeko aukerak sortu behar dira erakundeetan; borondatez, edo sarituz»

Ezagutza ez dadin mugatu ikasketa prozesuetara. Baina hor hainbat mezu faltsuk indarra izan dute: esaterako, eskolan euskalduntzen dira haurrak.

Bai, diskurtso faltsua baino, okerra: intentzioa ez zen faltsua. Baina, bai, argi eta garbi, eta egun ja horretan adostasuna badela uste dut: eskolak bakarrik ez du euskalduntzen.

Baina mezu hori gizarteratzeko ez da ahalegina egin behar oraindik?

Gizartea hezi egin behar da: bai, bai. Globalizazioak dakarren arriskuaren berri ere eman behar da; ahaleginik egin ezean dena kontra daukagula argi eta garbi planteatu behar da. Eta umeen kasuan, bai, hezkuntzako gaitasunarekin bakarrik ez dela nahikoa azaldu behar da, eta ulertarazten oso erraza da: matematikaz edo fisikaz jakingo duzu zer esan, baina eguneroko hitz jarioa, esamoldeak gizartean jasotzen dira. Giro eta harreman aukera euskaldunik ez duen horrek jai du, ez ditu barneratzen, eta beti motz ibiliko da. 

«Ahaleginik egin ezean dena kontra daukagula argi eta garbi planteatu behar da»

Lan mundua euskalduntzea da erronka nagusietako bat?

Bai. Zorionez edo zoritxarrez gure gizartearen zutabe nagusia eremu sozioekonomikoa da, horren bueltan ibiltzen gara denok: politika, eta kontsumismoa bera. Eta eremu sozioekonomikoa mugitzen da bezeroaren arabera. Azkenean, palanka, bezeroen eskuetan dago: gizarteko euskaldun kontzientziadun, konbentzimendudun eta formakuntzadun horien eskuetan. Ia alferrikakoa da lantegiekin eta komertzioekin-eta eskaintza areagotzeko ahaleginak egitea eskaeraren aldetik erabilerarik egiten ez bada. Aktibatu egin behar da gizartea. 

 Erreparatu izan diezu migratzaileei. Nola heldu haiengana?

Badago arriskua gizarte baztertzaile eta zatitua sortzeko. Nik horrekin kezka handia daukat. Garabideren hirugarren lan lerroa da, adibidez, eskoletan etorkinei-eta galdetzea zein hizkuntza dakizkiten, eta azaltzea gu ari garela euskararen alde lan egiten. Bide horretatik konplizitatea bilatu behar da euskararentzat. 

Etorkinak lanerako euskalduntzea ere giltzarri da. Nola lortu politika egokiak bide horretan?

Bai, eta gure aldetik ere landu behar da: zeren eta beltz bat ikusten dugu, eta erdalduna dela uste dugu. Inposizio moduan ulertzen badute, atzera egingo dute. Eta gainera esango dute: eta hemengo askok eta askok zer? Eta, noski, ondo neurtuta. Oñatin bada programa etorkinekin-eta jarduteko, arrakastatsua: oso ona. Hori bera aplikatu nahi izan zuten Agurainen: porrota. Normala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.