Kateak hautsiz, herria defendatu. Independentzia! lelopean, dozenaka jendek protesta egin dute Donibane Lohizunen (Lapurdi), Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatzeko. Hondartza bazterreko pasealekuan eta hiri erdiko karriketan ibili dira, askotariko aldarrikapenak oihukatuz, eta zenbait higiezin agentziaren kontra ere egin dute. Antolatzaileek ez dute adierazpenik egin.
Frantziako Errepublikaren egun nazionala da uztailaren 14a, 1789ko iraultzan gertatu zen Bastillaren hartzearen eguna. Ipar Euskal Herrian, protestak antolatu izan dituzte urteetan ezkerreko abertzaleek; iaztik, U14 kolektiboak hartu du bere gain mobilizazioa antolatzea, «borroka egun» izendatuta. Iazko mobilizazioa istilu batzuekin bukatu zen, Jean François Hirigoien auzapeza herriko etxeko hesian eskegita zegoen pankarta kentzen entseatu zenean. Bultzaka aritu zen manifestari batzuekin, eta irain keinu bat eginez lekutu zen azkenean. Handik aste batzuetara, lau gazte atxilotu zituen Frantziako Poliziak, auzapezari eraso egitea leporatuta; baina kargurik gabe aske utzi zituzten azkenean.
Horiek horrela, ikusmina zegoen aurtengo manifestazioari begira. 17:00etarako deitua zuen protesta U14 kolektiboak. Uda giro betean, jendetza zegoen, atzo arratsaldean, Luis XIV.aren plazako ostatuetako terrazetan. Inguruan, uniformedun polizia andana plazako sarrerak zaintzen: manifestaziora joateko itxura zutenak miatu zituzten, baita kazetariak ere. Pixkanaka, jendea biltzen hasi zen plazan, eta, momentu batean, pankarta atera eta manifestazioan abiatu ziren «uztailak 14 borroka eguna» oihuen artean.
Manifestariak hondartza bazterreko pasealekuan sartu ziren lehenik, Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarrikapenak oihukatzen zituztela. Manifestazioa pasatu ahala, harrituta begiratu zieten hondartzako turista askok: batzuk telefonoarekin grabatzen, beste batzuk amorratuak; eta izan ziren begirunez hartu zituztenak ere. Manifestazioak aurrera egin ahala, burua estalia zuten manifestari batzuek independentziaren aldeko pankarta bat atera zuten hondartza bazterrean, bengala batzuk piztuta.
Hondartza bazterretik urrundu, eta hiri erdiko karriketan barna abiatu ziren ondoren. Momentu horretan, pinturaz betetako arrautzak bota zituzten zenbait higiezin agentziaren kontra; horietako batzuk turismorako etxebizitzak alokatzera berezituak dira. «Euskal Herria ez da salgai» oihuekin babestu zuten ekintza protestan parte hartzen ari zirenek.
Herriko etxearen aitzinera iritsi zirenean, iaz bezala, manifestariek pankarta bat eskegi zuten hango hesietan. Frantziako poliziaren batzuk zeuden bertan, prest, baina ez zuten esku hartu, eta auzapeza ere ez zen agertu. Eusko gudariak kantatu ondotik, manifestariak inguruko karriketatik sakabanatu ziren.
Independentzia eskatu dute Frantziaren besta egun nazionalean
Jende andana bildu da Donibane Lohizunen egin duten protestan. Askotariko aldarrikapenak oihukatu dituzte, eta pintura bota dute higiezin agentzien kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu