Burujabetza

Independentzia eskatu dute Donibane Lohizuneko karriketan eta hondartzan

Jende andana elkartu da U14 kolektiboak antolatu duen protestan. Askotariko aldarrikapenak oihukatu dituzte, eta pintura bota dute zenbait higiezin agentziaren kontra

Donibane Lohitzunek hondartza bazterreko pasealekutik igaro da manifestazioa. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko uztailaren 14a
18:49
Entzun

Kateak hautsiz, herria defendatu. Independentzia! lelopean, dozenaka jendek protesta egin du Donibane Lohitzunen (Lapurdi), Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatzeko. Hondartza bazterreko pasealekuan eta hiri erdiko karriketan ibili dira askotariko aldarrikapenak oihukatuz, eta zenbait higiezin agentziaren kontra ere egin dute. Antolatzaileek ez dute adierazpenik egin.

Frantziako Errepublikaren egun nazionala da uztailaren 14a, 1789ko iraultzan gertatu zen Bastillaren hartzearen eguna. Ipar Euskal Herrian, protestak antolatu izan dituzte urteetan ezkerreko abertzaleek «besta egun arrotzaren» kontra; iaztik, U14 kolektiboak hartu du bere gain mobilizazioaren antolaketa, «borroka egun» izendatuta.

Iazko mobilizazioa istilu batzuekin bukatu zen, Jean François Hirigoien auzapeza herriko etxeko hesian eskegita zegoen pankarta kentzen entseatu zenean. Bultzaka aritu zen manifestari batzuekin eta irain keinu bat eginez lekutu zen azkenean. Handik aste batzuetara, lau gazte atxilotu zituen Frantziako Poliziak, auzapezari eraso egitea leporatuta; kargurik gabe utzi zituzten aske.

Horiek horrela, ikusmina zegoen aurtengo manifestazioari begira. 17:00etarako deitua zuen protesta U14 kolektiboak. Uda giro betean, jendetza zegoen Luis XIV.aren plazako ostatuetako terrazetan. Inguruan, uniformedun polizia andana plazako sarrerak zaintzen: manifestaziora joateko itxura zutenak miatu dituzte, baita kazetariak ere. Pixkanaka jendea biltzen hasi da, eta momentu batean, pankarta atera eta manifestazioan abiatu dira «uztailak 14 borroka eguna» oihuen artean.

Manifestariak hondartza bazterreko pasealekuan sartu dira lehenik, Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarrikapenak oihukatzen zituztela. Manifestazioa pasatu ahala, harrituta begiratu diete hondartzako turista askok: batzuk telefonoarekin grabatzen, beste batzuk amorratuak; eta izan dira begirunez hartu dutenak ere. Manifestazioak aurrera egin ahala, burua estalia zuten manifestari batzuek independentziaren aldeko pankarta bat atera dute hondartza bazterrean, bengala batzuk piztuta.

Hondartza bazterretik urrundu eta hiri erdiko karriketan barna abiatu dira ondoren. Momentu horretan, pinturaz betetako arrautzak bota dituzte hainbat higiezin agentziaren kontrako; horietako batzuk turismorako etxebizitzak alokatzera berezituak dira. «Euskal Herria ez da salgai» oihuekin babestu dute ekintza protestan parte hartzen ari zirenek.

Herriko etxe aitzinera iritsi direnean, manifestariek pankarta bat eskegi dute hango hesietan. Frantziako Poliziaren hesi bat zegoen prest, baina ez dute esku hartu, eta auzapeza ere ez da agertu. Eusko gudariak kantatu ondotik, manifestariak inguruko karriketatik sakabanatu dira.

Goizean, Xuti Gaztek Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu du Irun eta Hendaia arteko mugan. Bi pankarta zintzilikatu dituzte Santiago zubitik: Independentzia leloa zeraman ikurrin bat eta Gure lurraren, hizkuntzaren eta bizitzen defentsan, independentzia! zioen beste bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.