INDEPENDENTZIA

Independentzia eskatu du Ernaik lau mendi martxatan

Gazte antolakundearen arabera, 1.000 gazte inguru batu dira Serantesera, Bianditzera, Urbiara eta Tafallara egindako martxetan. «Nahi eta behar» dutelako galdegin dute Euskal Herriaren independentzia, eta «egingo» dutela jakinarazi dute: «Zapalkuntzarik gabeko gizartea ahalbidetuko duen euskal errepublika dugu helburu, eta hau soilik borrokaz irabaziko dugu».

Hainbat gazte, gaur, Ernaik deituriko mendi martxetako batean. ERNAI
2021eko apirilaren 3a
18:17
Entzun

Koronabirusaren ondorioz Euskal Herri osoko gazteak elkartzerik izan ez badute ere, lau mendi martxa antolatu ditu aurten Ernaik Aberri Egunaren bezperarako. Ezker abertzaleko gazte antolakundeak jakinarazi duenez, 1.000 gazte inguru elkartu dira gaur goizean egindako lau mendi martxatan, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko. 09:30ean jarria zuten ordua toki guztietan: Zalduondon (Araba), Urbiara igotzeko; Arditurrin (Gipuzkoa), Bianditzera joateko; Santurtziko Kabiezes plazan (Bizkaia), Seranteserako bidea hartzeko; eta Erriberrin (Nafarroa), Tafallara arteko bidea egiteko.

Martxak egin ondotik Ernaik ohar baten bidez jakinarazi duenez, antolakundeko kideak ez daude «inoren zain» independentzia eskuratzeko: «Gure herriaren independentzia aldarrikatzen dugu gazteok, nahi dugulako, behar dugulako eta egingo dugulako». Azaldu dute ez dela «E egunik» egongo, eta bideari eman diote garrantzia: «Prozesu gisa ulertzen dugu, egunerokotasunean eta esparru anitzetatik eraiki behar duguna. Burujabetzak azaleratu, borrokatu eta lortuz egingo dugu herri burujabera bidea».

Era berean, Ernaik azaldu du sozialismoa eta feminismoa «gauzagarri» egingo dituen independentzia nahi dutela: «Zapalkuntzarik gabeko gizartea ahalbidetuko duen euskal errepublika dugu helburu, eta hau soilik borrokaz irabaziko dugu». Gazteak «pieza garrantzitsua» dira prozesu independentistan, gazte antolakundearen ustez: «Eta, gaur-gaurkoz, jada herria egiten ari gara. Testuinguruak eskatzen duen ardura gugan hartu dugu, gure indarra eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko aktibo bilakatuz. Martxan gaude, bagabiltza, eta inori itxaron gabe, gu geu gara bide honetan aktibo».

Horretarako, «borrokarako» deia egin diete gazteei: «Garairik nahasienetan ere, geure militantzia politikoan berresten garelako, borrokak egiten gaituelako aske eta aske izateko borrokatzen garelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.