Azkenaldian manifestazio jendetsuak izatera ohitzen ari da Iruñea. Hala izan zen greba orokorraren egunean, eta hala izan zeniragan igandean ere. Independentistak sareak egindako deiari erantzunez, milaka herritarrek parte hartu zuten Aberri Egunean. Zanpantzarrak eta ikurrin erraldoi bat aurretik zela, azken urteetako manifestaziorik handiena hasi zen igande eguerdian, Iruñeko Donibane auzotik Sarasate pasealekuraino. Manifestazioan, sinbolismo bereziko lekuan (foruen monumentu azpian), inoiz baino ozenago entzun zen independentziaren aldeko aldarria.
Ez eguraldi txarra, ez poliziaren presentzia, ez ziren oztopo izan. Euskal Herri osoan bezala, igande goiz grisa eta euritsua izan zen Aberri Egunekoa. Eta Poliziaren presentzia ohi baino handiagoa izan zen. Poliziaren dozenaka furgonetak ireki zuten manifestazioa. Ez zen inongo istilurik izan; baina atzo egindako azterketan, Garbiñe Bueno Independentistak sareko kideari esanguratsua iruditu zitzaion «presentzia» hori, eta «onatezina»; «urteetan entzun dugu ideia guztiak defenda daitezkeela demokratikoki; baina soilik independentisten mobilizazioetan bidaltzen dituzte poliziak, presionatzeko. Ez da normala, eta ez dugu normaltzat hartu behar espainiar poliziek halako azpijokoan aritzea».
Aurtengo Aberri Eguna berezia izan da, beste zentzu batean. Aurten Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena izango dira, eta bi gertaera horien oroitzapena present egon zen ekitaldi politikoan. Duela bost mende Albako dukeak nafarren errendizioa exijitzeko idatzi zuen agiria irakurri zen, etaNo-Do-ko esatariak duela 75 urte Gernikako bonbardaketari buruz esan zuena entzun ahal izan zen bozgorailuetatik. «Gezurrak, beti gezurrak», oihukatu zuten Floren Aoizek eta Maylis Iriartek.
Ororen gainetik, independentziaren aldeko mezua izan zen igandekoa. «Ez gara hona etorri izan garena gogoratzera, izan nahi duguna aldarrikatzera baizik», aldarrikatu zuen Iriartek. Euskal diasporako euskaldunen izenean, duela bi mendeko Argentinaren independentzia gogoan osatu zen ereserkiak («Entzun kate hautsien soinua») dioena gogora ekarri zuen Veronica Domingok. «Guk ere soinu hori entzun nahi dugu Euskal Herriarentzat», esan zuen Domingok.
Txutxi Ariznabarretak hartu zuen gero hitza. Independentistak sareko eledunaren ustez, gaur egungo erronkei aurre egiteko, «bideragarria, komenigarria eta beharrezkoa» da independentzia. Horrez gain, independentzia hautu demokratikoa da, «eta ez inposizio bat». Azkenik, nabarmendu zuen Europan «aurrera doan joera» dela. Ariznabarretaren ustez, «ez da erokeria bat, edo kimera bat. Lorgarria da, eta, egingo dugun lanari esker, are lorgarriagoa da». Era berean, haren ustez, euskal errepublika ezarrita, Euskal Herriak dena du irabazteko: «demokrazia, subiranotasuna eta askatasuna».
Krisi ekonomikoa ere aipatu zuen. «Non hartzen dira erabakiak? Nork sartu gaitu orain lehertzen ari diren burbuiletan? Euskal Herritik kanpo hartzen dira erabakiak, gu aintzat hartu gabe, gure interesak ahaztuta. Estatua behar dugu, inposatzen diguten hondamendiari aurre egiteko». Hain justu ere, independentzia euskal herritarren araberako erantzunak emateko hautu demokratikoa dela nabarmendu nahi izan zuen Ariznabarretak.
Ikerne Badiola EAko komunikazio idazkariaren ustez, igandean «XXI. mendeko independentismoaren oinarriak» jarri ziren, eta han parte hartu zutenek Euskal Herriaren nazio eraikuntzarekiko konpromisoa agertu zuten.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, bere blogean mezu independentisten «arriskuaz» jabetzera aholkatu zituen euskal herritarrak. «Hamarkada oso batez gure indarrak xahutu egin ditugu identitateen lokatzetan sartuta, eta hara itzultzeko arriskua dugu berriro». Lopezen ustez, independentziak euskal lurraldea eta gizartea «zatitu» besterik ez du egingo.
Aberri Eguna
«Independentzia bideragarri, egingarri eta komenigarria da»
Jende uholdeak bete zituen Iruñeko karrikak Independentistak sareak antolatutako Aberri EguneanPoliziaren presentzia «onartezintzat» jo, eta parte hartze handia goraipatu du sareak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu