Independentzia aldarriari aitortza

Duela hamar urte herri galdeketa bat egin zuten Etxarri Aranatzen. Herritarrei galdetu zieten Euskal Herri independente bateko kide izan nahi ote zuten, eta 804 lagunek baietz erran zuten. Bihar aitortza ekitaldia eginen dute.

Etxarri Aranatz herrian antolaturiko independentziaren aldeko herri galdeketa. Argazkian, lehendabiziko bozka eman duen herritarra, Nati Jauregi. IDOIA ZABALETA / FOKU
Etxarri Aranatz herrian antolaturiko independentziaren aldeko herri galdeketa. Argazkian, lehendabiziko bozka eman duen herritarra, Nati Jauregi. IDOIA ZABALETA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Izendu ginen, ga, ta izenen ga. Hausnarketa hori izan zen abiapuntua Etxarri Aranatzen (Nafarroa) independentziari buruzko herri galdeketa egiteko. 2014ko apirilaren 13an izan zen, A13 izeneko herri ekimenak antolatuta. Bihar hamar urte beteko dira data hartatik, eta egun osoko egitaraua antolatu dute. Herrian bozkatu zuten 851 herritarrei, eta ondoren etorri ziren 207 herriei aitortza egiteko eguna izanen da. Manu Gomez aritu zen duela hamar urteko ekinaldi hura antolatzen, eta biharkoa egun «berezia» izanen dela dio: «Orduan genituen printzipioak berriz ere plazaratzeko aukera bat da, ideia horiei bultzada bat emateko».

Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu? galdera egin zieten herritarrei. %42,55eko partaidetza izan zuen: 804 aldeko botoak izan ziren, hemezortzi ezezkoak eta hemezortzi zuriak, eta hiru baliogabeak. Galdeketarekin batera, egun osorako egitaraua antolatu zuten. Ariketa hartara «era naturalean» iritsi zirela erran du Gomezek, eta bi urte lehenago kokatu du abiapuntua. «2012an bi efemeride betetzen ziren gurean: batetik, Etxarri [Aranatz] sortu zela 700 urte betetzen ziren, eta, bestetik, 500 urte betetzen ziren Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenetik». Efemeride horiek abiapuntu izanik, Etxarri 2012 izeneko herri ekimena jarri zuten abian hainbat herritarrek, lelo batekin: Izendu ginen, ga, ta izenen ga. Hausnarketarako urtea izan zen hura: iragana, oraina eta etorkizuna aztertzekoa. Urte bukaeran batzar bat egin zuten, eta erabaki zuten «naturalena» zela etorkizunean izan nahi zuten horri heltzea. Pentsatu zuten egokiena zela herritarrei zuzenenean galdetzea.

«Orduan genituen printzipioak berriz ere plazaratzeko aukera bat da, ideia horiei bultzada bat emateko».

MANU GOMEZA13 Plataformako kidea

Herri galdeketa egiteko momentua iritsi zen, eta 2013an egin zuten lehenbiziko saiakera, udaletxearen bidez. 300 sinadura bildu zituzten, udalera eraman, eta hark prozesuarekin jarraitzea erabaki zuen. «Udalak Nafarroako Gobernuari bidali zion eskaria, baina gobernuak debekuaren bidez moztu zuen. Hau da, tribunaletara bidali zuen eskaria, hura geldiarazteko, eta udalean hartutako erabakia bertan behera uzteko», gehitu du Gomezek.

Egoera ikusita, hurrengo pausoa eman zuten: herri plataforma bat eratu, eta talde horren bidez egin galdeketa. Horrela eratu zen A13 plataforma, 2014an. Prozesu hartan gertatutakoa «oso polita» zela dio Gomezek, herrigintzan arlo anitzetako jendea ikusi baitzuten. Parte hartze hori galdeketen planteamenduarekin lotuta egon daitekeela uste du: «Galdeketak dira iritzi ezberdinen topalekuak, eta horri garrantzi handia eman genion. Gure ustez, iritzi guztiek zeukaten lekua galdeketan, horrela planteatu genuen, eta horrela izan zen».

Jende anitz mobilizatu bazen ere, Gomezek dioenez, ezezkoaren aldekoek apenas parte hartu zuten. «Egon ziren ezezko batzuk, baina emaitzak ikusita argi dago gehienak etxean gelditu zirela. Galdeketa ariketa demokratiko bat izan zen, ez zuen inolako ondoriorik, horri egozten diogu ezezkoa ez mobilizatzearen zergatia», zehaztu du.

207 gehiago

Etxarri Aranatz izan zen independentziari buruzko hausnarketa egin zuen lehenbiziko herria. Lehenbiziko bat egoteko, baina, bigarrenak eta hirugarrenak behar dira. Eta hori argi dute etxarri aranaztarrek: «Gu lehenengoak izan ginen, baina ez da gauza bera lehenengoak edo bakarrak izatea». Haien ondotik bertze 207 herritan egin zen galdeketa, eta horiek guztiek «garrantzi eta pisu berbera» dutela erran du Gomezek: «Bakoitzak bere prozesua egin du, eta uste dugu hori garrantzitsua dela».

Gure Esku egon zen galdeketa haien guztien atzean, eta haiek aurrera eramateko herri bakoitzaren «nahietatik» asmatzen jakin zutela dio Josu Etxaburu bozeramaileak: «Honelako prozesuak konplexuak izaten dira ondo egin nahi izanez gero. Horretarako, herrien heldutasunari eta gogoari begiratu genien, eta hortik abiatu ginen». Hau da, herri bakoitzaren errealitatea zein zen kontuan hartuta, herrietan planteatutako galderak aldatu egiten zituzten. 2016an, adibidez, Ispasterren (Bizkaia) eta Azpeitian (Gipuzkoa) egin zituzten galdeketak, bertzeak bertze. Leku bakoitzaren arabera aldatu egin zen galdera: bizkaitarrei galdetu zieten ea «euskal estatu burujabe» baten parte izan nahi zuten edo ez, eta gipuzkoarrei, «euskal estatu independente» batekoak izan nahi zuten edo ez.

207. galdeketa Donostian egin zuten: azkeneko saioa eta lehenbiziko hiria. Etxaburuk dio «pozik» gelditu zirela lortutakoarekin, bazekitelako horrelako hiri handi batean ateratako «emaitzak eta inplikazioa» ez direla herri txiki batean bezalakoak. «Halere, bagenekien erabakitzeko eskubidea hirietara iritsi behar zela, eta oso pozik bukatu genuen», borobildu du.

«Goraipatzeko eta eskertzeko moduko ariketa izan zen: ez zen erraza izan, baina asko ikasi genuen, izugarri ahaldundu ginen eta geure buruari erakutsi genion gai ginela».

JOSU ETXABURUGure Esku-ko bozeramailea

Donostiak itxi zuen Etxarri Aranatzen abiatutako zikloa, «ahalduntze ariketa kolektibo» hark bete zuelako galdeketen helburua. Etxaburu kontziente da giza kateak, mosaikoak edo antzeko ekinaldiak galdeketa batzuk baino ikusgarriagoak izan daitezkeela, baina zalantzarik gabe dio ekinaldi haiek Euskal Herriarendako «mugarri bat» izan zirela. «Goraipatzeko eta eskertzeko moduko ariketa izan zen: ez zen erraza izan, baina asko ikasi genuen, izugarri ahaldundu ginen eta geure buruari erakutsi genion gai ginela», erran du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.