Independentistek Martxa Berdea eginen dute Iruñean

Hilaren 12an izanen da, eta Erdi eta Hego Amerikako herritarrei parte hartzeko deia egin diete, bereziki

edurne elizondo
Iruñea
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Mexikarra da Jose Luis Aldasoro; Carlos Parra, berriz, Txilekoa. Biek, Independentistak sarearen izenean, erakunde horrek hilaren 12rako Iruñean antolatu duen Martxa Berdean parte hartzera deitu dituzte euskal herritarrak. Euskal Herrian bizi diren Erdi eta Hego Amerikako herritarrei egin diete bereziki deia, herri horietan Espainiarekin zuten lotura apurtu, eta independentzia lortzeko prozesuak hasi zirenetik bi mende beteko baitira orain.

Martxa Berdearen aurkezpenean, hain zuzen, Txileko, Mexikoko, Uruguaiko eta Ekuadorko hainbat ordezkarik parte hartu dute, bai eta Nigeriakoak eta Bulgariakoak ere. «Nazioa eraikitzeko prozesuan Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten herritar guztiek parte hartu behar dute, haien elkartasunak eta lanak aberastuko baitu bidea», azaldu du Independentistak sareko kide Txutxi Ariznabarretak.

Martxa Berdea hilaren 12an izanen da, Iruñean. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, Golem zinemen ingurutik. «Urriaren 12an Espainiak Hispanitatearen Eguna ospatzen du. Inposatutako besta da hori, data horrek hasiera eman baitzion kulturen deuseztatzeari, lurren lapurretari, esplotazioari eta Amerikako herrien kontrako sarraskiari», azpimarratu du Aldasorok.

Besta giroan

Egun horri lotutako bestaren izaera erabat aldatu nahi du Martxa Berdeak, eta herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatu. Antolatzaileen asmoa da parte-hartzaileek arropa, bandera edo bertze edozein elementu berde eramatea. «Besta giroan eginen dugu», erran du Ariznabarretak, baina gaineratu du «desobedientzia puntu bat» agertu nahi duela martxak: «Ez dugulako Hispanitatea ospatu nahi». «Azaldu nahi dugu etorkizuna denen artean eraiki behar dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.