Apirilaren 1ean, Aberri Eguna Iruñean ospatzera deitu du Independentistak sareak, eta atzerrian dagoen euskal komunitateari ere mintzatu zaio, tokian-tokian gauza bera egin dezatela eskatzeko. Komunikabideetara bidali duten oharrean, Independentistak sareko kideek azaldu dute Nafarroako hiriburuan egingo diren ekitaldietan uztartuko dituztela aldarrikapena eta ospakizuna. Jakinarazi dute eguerdian manifestazio bat egingo dutela, eta ondorenerako «egitarau zabal bat» prestatzen ari direla. «Euskal herritar guztiak» deitu dituzte ekitaldietan parte hartzera, «sigla eta familia politikoetatik harago». «Munduari adieraziko diogu gure etorkizuna askatasunean, demokrazian, justizia sozialean eraiki nahi dugula, eta, horretarako, burujabetza osoa behar dugula».
Aberri Egunerako deia egiteaz gain, egungo egoeraren analisia egin du Independentistak sareak. Salatu du Espainian eta Frantzian «inboluzio politiko bat» gertatzen ari dela, eta Kataluniako prozesuan Espainiak erakutsi duen «ultranazionalismo bortitz eta ukatzaileak inoiz baino argiago» uzten duela agerian zein den Euskal Herriarentzako etorkizuna. «Menpekotasunean ez dugu etorkizunik. Burujabetza berreskuratzeko bideak sakon aztertu, urratsak zehaztu eta ibiltzen hasteko ordua da», azpimarratu dute sareko kideek.
Independentistak sareak Iruñean ospatuko du Aberri Eguna, apirilaren 1ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu