Independentistak sareak Aberri Egunera deitu du, «demokrazia jokoan baita»

Manifestazioaren ibilbidea aldatu dute, eta Sarasate pasealekuan hasi eta bukatuko da. Kataluniako egoeraren larritasuna salatu dute

joxerra senar
Iruñea
2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Ikurrinak eta senyerak. Ezinbestean, Kataluniako egoerak presentzia handia izango du Aberri Egunean. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia Alemanian atxilotu berri, kontua «gero eta larriagoa» dela salatu zuen atzo Txutxi Ariznabarretak, Independentistak sareko eledunak. «Espainiako Estatuaren inboluzio politikoa egunetik egunera handitzen ari da», gaitzetsi zuen, eta horregatik egun «demokrazia bera jokoan» dagoela uste du Ariznabarretak. Haren ustez, auzia ez dagokio Kataluniari soilik, baita Euskal Herriari ere. «Estatuko botere faktikoek politikaren lema hartu dute, eta atzerakada honek egoera larri batera garamatza».

Ariznabarretaren ustez, Kataluniako prozesuak agerian utzi duez direla errespetatzen eskubide politiko oinarrizkoak. Era berean, gogora ekarri du Frantziako Gobernua Madrilgoarekin lerrokatu dela. «Inoiz baino gehiago, burujabe izatea hobe. Epe luzera, Espainiako Estatuan eta Frantziako Estatuan ez da aukerarik behar dugun burujabetza lortzeko».

Menpekotasunetik askatasunera, burujabe hobe izango da aurtengo Aberri Eguneko lelo nagusia. Independentistak sareak hitzorduaren berri eman zuen atzo, foruen monumentu aurrean, igandean ekitaldi politiko nagusia egingo den toki berean. Aurreko urteetan Golemetik atera izan direnez, Ariznabarretak ohartarazi zuen aurten ibilbidea aldatu dutela: Sarasate pasealekuan hasi eta bukatuko da.

Herritar Batasunaren mezua

Aberri Egunari begira, Herritar Batasunak agiri bat kaleratu du. «Katalunian gertatzen ari denak argiro frogatzen du klase borroka nazio askapenaren bihotzean kokatzen dela». Independentzia eta iraultza sozialista lotuta daudela dio agiriak, eta igandean Bilbo Zaharreko plazan egingo den batzar irekira deitu du aurrera begirakoaz eztabaidatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.