Independenteen txanda, gero

EH Bildu funtsean koalizio bat izan da, eta, oraingoz, Iriarte eta Juaristi izango dira alderdietan afiliatu gabeko bakarrak Mahai Politikoan. Independenteak indarra hartuz joango dira; batik bat, zerrendetan

enekoitz esnaola
2017ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Alderdietan afiliatuta ez dauden herritarrak —independenteak— EH Bilduko egituran sartzearen alde egin du koalizioak, Arnaldo Otegik atzo esan zuen milaka izan daitezkeela pauso hori emateko prest egon daitezkeenak, baina, oraingoz, EH Bilduren hilaren 17ko I. kongresutik aurrerako Mahai Politikoan —zuzendaritzan—, betiere biltzarrerako izena emandakoek proposamena ontzat joz gero, botoa edukiko duten hogei kideetatik bi baino ez dira izango independenteak: Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko taldeko bozeramailea eta Josu Juaristi europarlamentaria. Ordea, horrek badu esplikazio bat, koalizioko ordezkariek diotenez: orain arte, funtsean, alderdien koalizio bat izan da EH Bildu, azken hauteskundeetako zerrendetan modu soltean sartu izan dira alderdietan afiliatu gabeko herritarrak, eta, ondorioz, EH Bilduko egituretan presentzia txikia dute independenteek. Boz gehiago izan ahala edukiko lukete aukerarik.

Mahai Politikoa lau urtez egongo da indarrean, II. biltzarrera artean. Dimisiorik edo kargu uzterik, alderdietako ardura aldaketarik edo hauteskunde aurreraturik ez bada, hurrena han kideak berritzekotan Nafarroako Parlamentuko taldeko koordinatzailea eta eleduna —egun Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz Sortuko kideak daude postuotan— eta Europako ordezkaria izango dira: 2019an.

Epe ertainera, independenteek EH Bildun batik bat hauteskunde zerrendetan izango dute presentziarik garrantzitsuena —udal eta foru bozak bi urte barru izango dira—. Izan ere, hilaren 17ko kongresuko txosten politikoaren proposamenak dakar bilkideek —EH Bilduko militanteek— aukeratuko dituztela «instituzio nagusietako» hautagaien erdiak. Dena dela, figura berri horretan, independenteak egoteaz gain, alderdietako afiliatuak ere egon ahalko dira.

Alderdien eskaera zehatza

Kongresuko prozesuko araudiak dioena betez, oraingo Mahai Politikorako alderdiek zuzenean proposatu dutena ardura nagusiko sei laguneko taldea izan da: Otegi koordinatzaile nagusiak, Gari Mujika zuzendari nagusiak, Ainhoa Beola programa zuzendariak, Koldo Castañeda komunikazio zuzendariak, Maider Karrere barne antolaketako zuzendariak eta Juaristi nazioarteko zuzendariak osatutako taldea. Hautagaitza alternatiboak aurkezteko aukerarik bazen, baina ez da batere agertu. Otegi, Mujika eta Castañeda Sortuko kideak dira; Karrere, EAkoa, eta Beola, Aralarrekoa —Juaristi, esan bezala, independentea—, baina koalizioko iturriek diote Mahai Politikoan ez direla norberaren alderdiaren ordezkari gisa ariko. Otegik iragarri du datorren astean EH Bilduko koordinatzaile nagusi hautatzen badute utzi egingo diola Sortuko idazkari nagusi izateari. Segituko du Sortuko Kontseilu Nazionalean, baina ez da haren ordezkaria izango EH Bilduko zuzendaritzan.

EAko bi ildoek joan den asteburuko kongresuan lortutako akordio politikoak dio independenteek ordezkari bat izan behar dutela EH Bilduko Alderdien Mahaian—ildo kritikoaren eskaera izan zen—, baina proposamena koalizioan nekez aterako da aurrera, beste alderdiek ez dutelako ongi ikusten. Dena dela, independenteen figurari garrantzia emanik, Otegik atzo nabarmendu zuen EH Bilduk iazko azaroan independente bat —«eta emakumea»— proposatu zuela Jaurlaritzarako lehendakarigai: Iriarte.

Hurrengo asteko kongresuaren ostean, irailaren bukaeran edo urri hasieran egingo du EH Bilduk I. konferentzia politikoa. 2019ko bozak prestatzen hasiko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.