Indarrez eraman dute kartzelara

Gernikako merkatuan zela, gertukoenen besoetatik aterata eraman dute ertzainek Jone Amezaga Zaballako espetxera

Amezaga, kaleko jantzitako ertzainek airean daramatela. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Gernika-Lumo
2014ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Atzo atxilotu zuen Ertzaintzak Jone Amezaga, Merkatu plazan, familiarekin eta hurbilekoekin zela. Azoka eguna zen Gernika-Lumon, eta jendez beteriko gunera joan ziren ertzainak Amezagaren bila. Kaleko jantzitako zenbait polizia hurbildu ziren lehenengo, eta Amezaga besarkatzen zegoen jende multzoaren aurka egin zuten. Bilduta zeudenak indarrez ateratzen hasi zirenean, tentsio uneak izan ziren. Amezagarengana heltzeko zailtasunak izan zituzten kaleko jantzitako ertzainek, eta uniformez jantzitako dozena bat ertzain ere sartu ziren plazara, jendeari oldartuz.

Handik minutu batzuetara eraman zuten gaztea, bultzada, kolpe eta oihu artean, airean hartuta. Urtebete eta erdirako sartu zuten kartzelara, pankarta bati eusteko makila batean zegoen zelo zati batek haren hatz marka zuela-eta. Zaballako presondegian sartu zuten atzo.

«Itzela izan da», zioen edadeko andre batek, giroa baretu ostean. «Halako leku batera etortzea neska gazte bat atxilotzera, nik neuk itsusi ikusten dut. Gainera, ez du holakorik merezi». Ikara gorputzean zuten atxiloketa unean ondoan zeuden postuetako andreek: «Ikara gainean daukat oraindik». Ondoan zeukan beste emakume bat barazkiak bere lekuan jartzen laguntzen ari zitzaion: «Beste modu batera egin zezaketen, ez horrela. Jakinez gero hemen dagoela, itxaron. Beraiek [poliziak] asko izan dira, eta binaka edo hirunaka banatuta zaindu ahal izan dute plaza».

«Hemen ezin daiteke holakorik egin—zioen beste andre batek—, ez da lekua, mahaiak ere apurtu dituzte. Oso gaizki dago, modu baketsuan atxilotzea bazeukaten».

Apurtutako postu baten aurrean zegoen edadeko beste andre batek salmahaiak babesten jardun zuela kontatu zuen: «Sakaka ibili gara; beraiek harantz sakatzen gintuzten, guk honantz». Ertzainen jokabideari buruz ere hitz egin zuen: «Ez dago eskubiderik. Neska bat horrela eramatea, ez dakit zenbat polizia etorri diren ere, hogeitaka».

Aurreko postuko mutilaren iritziz ere, ertzainen moduak ez ziren egokiak izan. «Kaleko jantzitako ertzainek Jone ezin izan dute eraman, eta orduan beltzak agertu dira, eta kolpeka hasi». Alde bakoitzak bere errua izango duela zioen beste andre batek. «Baina holakorik ezin daiteke egin merkatu plaza batean».

Zaurituak

Bultzakaden eta kolpeen artean, 95 urteko andre bat zauritu zuten ertzainek; beso bat apurtuta dauka, eta hankan eta eskuetan ere zauriak ditu. Haren familiak Ertzaintzaren kontrako salaketa jartzeko asmoa du. Azokan saltzen zegoen beste emakume bat ere jo zuen Ertzaintzak, eta saihetsa apurtuta dauka.

Atzoko oldarraldian ertzainek borra luzagarriak erabili zituztela salatu dute Jone Libre plataformakoek, besteak beste. Iluntzean, jendetza bildu zen ertzainek erabilitako indarkeria eta Amezaga atxilotu izana gaitzesteko. Mila bat lagunek manifestazioa egin zuten Gernikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.