Gaurtik indarrean da txertatze ziurtagiria Iparraldean, eta osasun ziurtagiria ordezkatuko du leku gehienetan. Derrigorrezkoa da ostatuetara, kulturguneetara, kirol egituretara eta distantzia luzeko garraio publikoetara sartzeko. Gainera, leku horietako langileek ere behar dute, eta eskubidea dute —«dudak» baldin badituzte— bezeroen nortasun agiria ere kontrolatzeko, ziurtagiriarekin batera. 16 urtetik gorakoei eskatuko zaie, baina 15 eta 16 urtekoek ez dute indartze dosirik behar txertatze ziurtagiria lortzeko.
Haatik, zenbait salbuespen izango ditu neurriak. Izan ere, osasun egituretara sartzeko ez da txertatze ziurtagiririk eskatuko, baina bai osasun ziurtagiria; PCR edo antigeno probek balio dute horretarako. Bestalde, 12 eta 15 urte artekoek osasun ziurtagiria erakutsi beharko dute, eta ez txertatze ziurtagiria. Txertorik hartu ez duten herritarrek «familia edo osasun larrialdi» bat justifikatu beharko dute distantzia luzeko garraio publikoak erabiltzeko.
Txertaketa pauta osoa hartu ez duten herritarrek behin-behineko txertatze ziurtagiria eskuratzen ahalko dute, baina balekoa izateko PCR edo antigeno proba negatibo bat ere beharko dute. Zehaztekoa da COVID-19a bildu duten herritarrentzat kutsatze ziurtagiria balekoa izanen dela proba positiboa egin eta 11 egunera, sei hilabetez.