Aginte makila eskuz aldatuko ote den ala jeltzaleen esku jarraituko duen. Horixe da Arabako Batzar Nagusietarako bozek igandean argituko duten galdera. Duela lau urte, Ramiro Gonzalezek eskuratu zuen agintea, eta urteetan PPren gotorlekua izandako instituzioa berreskuratu zuten jeltzaleek. PSEko bost batzarkiderekin koalizioa eginda, gutxiengoan gobernatu du EAJk ordutik.
Legealdiaren balantzeaz, aurrera begirako erronkez eta igandeko aurreikuspenez galdetzeko, Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztietako ahaldungai nagusiengana jo du BERRIAk. PPk eta Ciudadanosek ez beste hautagaiek erantzun dizkiete BERRIAren galderei.
1. Zer balantze egiten duzu amaitu berri den legealdiaz?
2. Zeintzuk dira zure alderdiaren erronka nagusiak hurrengo legealdirako?
3. Zer emaitza espero dituzu maiatzaren 26ko hauteskundeetan?
RAMIRO GONZALEZ EAJko ahaldungai nagusia
«Egonkortasunareneta akordioaren bidetik jarraitu nahi dugu»
1. «Oso balorazio positiboa egiten dut. Duela lau urte Arabak aldaketa behar zuen, konfrontazioa utzi, eta elkarlana, elkarrizketa, zetralitate eta egonkortasun politikak behar zituen. Politika egiteko modu berri hori ekarri dugu guk, eta emaitza onak izan ditu. Araba oparoagoa da orain; besteak beste, enplegua berpiztu dugu, 13.000 enplegu berri sortuta, zerbitzu sozialak hobetu ditugu eta lurralde kohesioa nabarmen hobetu dugu. Bi adibide: interneteko banda zabala Arabako azken herriraino eraman dugu, eta herrialdea estatuko eta Europako buruan jarri dugu. Horrez gain, segurtasuna asko hobetu dugu suhiltzaileen eskualdeetako unitateak 24 orduz irekita».
2. «Erronka politiko nagusi bat dugu: akordioaren eta egonkortasunaren bidetik jarraitzea. Populismoetatik eta erradikalismoetatik aldenduta lan egin nahi dugu, uste dugulako Arabak dituen helburu nagusiei aurre egiteko modu egokiena dela. Ekonomiaren susperraldian urratsak egiten jarraitu nahi dugu, langabezia tasa erabat desagertu eta kalitatezko enplegua sortu arte. Herritarren bizi kalitatea ere hobetu nahi dugu. Demografia aldatzen doa, gizartea gero eta zaharragoa da, behar handiagoak ditu, eta egoera horri aurre egiteko politikak martxan jartzen ari gara. 150 plaza dituen zahar etxe bat diseinatu dugu, adinekoak beren etxean ahalik eta denbora gehien bizi daitezen lortu behar dugu eta zaintzailearen figurari prestigioa eman.
Azkenik, lurralde kohesioari dagokionez, herrien bizi kalitatea hobetu nahi dugu. Teknologia eta berrikuntza gakoak dira herrietako bizi kalitatea hobetzeko eta ekonomia suspertzeko. Komunikazioak hobetu behar dira eta Araba Europako abangoardian kokatu behar dugu».
3. «Araba oso aberatsa da soziologikoki eta politikoki, eta ziur nago igandean indar politiko ugarik lortuko dutela ordezkaritza Batzar Nagusietan. Baina uste dut arabarrek sarituko dutela EAJk politika egiteko duen modua. Gorteetarako bozetan EAJk emaitza historikoak lortu ditu Araban, eta arabarrek saritu egiten dituzte egonkortasunaren eta akordioaren alde egiten duten proiektu politikoak.EAJk emaitza onak izango dituela ziur naiz».
KIKE FERNANDEZ DE PINEDO EH Bilduko ahaldungai nagusia
«Gobernantza irekia, parte hartzailea eta gardena nahi dugu»
1. «EH Bildun pozik gaude aurreko legealdian egindako lanarekin. Batetik, lehenbi urteetan gure eragina begibistakoa izan zen, eta ekimen eta aurrekontuen hitzarmenen bidez norabide aldaketa ahalbidetu genuen. Bestetik, oposizioaren erreferenteak izan gara, beste ezkerreko taldeekin elkarlana bultzatuz. Legealdiaren erdialdean, baina, Ramiro Gonzalezek biraketa egin eta PPrekin bat egin zuen EBBk diseinatutako hitzarmen politiko orokor bati jarraiki, eta kontraerreforma fiskala ezarri zuen. Handik aurrera, lurraldeak atzera egin du. Eskuko galga jarrita, ideia berririk gabe eta betiko errezeta zaharrekin aritu da. Foru gobernuaren kudeaketa kaskarra izan da, zerbitzu sozialetan bereziki».
2. «Bestelako gobernantza bat bultzatu nahi dugu: irekia, gardena, parte hartzailea eta deszentralizatua, kontzejuen eta udalen eskumenak handituz. Gure ustez, ziklo aldaketa bat bultzatu behar da Araban, eta prest gaude aldaketa horren gidaritza hartzeko. Aitzindariak izan behar dugu kalitatezko zerbitzu sozialetan eta zaintzaileen lan baldintza kaskarrak hobetzen. Aitzindariak eskubide sozialetan, berdintasunean, klausula sozialetan. Aitzindariak klima aldaketaren kontrako politiketan, karbonoan neutroa den lurraldea sustatuz, eta energia berriztagarriak bultzatuz. Aitzindariak elikadura burujabetza jomuga duen estrategia agroalimentarioan. Aitzindariak errentagarritasun sozial eta ekonomikoan oinarritzen diren azpiegituretan. Aitzindariak automozio industriaren birmoldaketan. Aitzindariak kultura sorkuntzan, ondarearen babesean eta euskararen sustapenean».
3. «Gogotsu gaude. Emaitza onak espero ditugu. Duela hilabete bat diputatu bat lortu genuen Araban, eta lehen aldiz utzi genuen kanpoan Espainiako eskuina. Orain, emaitza hobeak espero ditugu, Arabaren aldaketaren gidaritza eskuratzeko ».
CRISTINA GONZALEZ PSEko ahaldungai nagusia
«Araban liderrakizan nahi dugu politika aurrerakoiak garatzeko»
1. «Araba aurrera doa. Hori da legegintzaldirako nire titularra. Gizarte Segurantzan 13.000 afiliatu gehiago daude eta 7.000 langabetu gutxiago. Sozialistak nahitaezkoak izan gara emaitza horiek eragin dituzten politikak bultzatzeko. Gustura gaude, baina oraindik lanak daude egiteko. Gizarte justuago, batuago eta parekideago bat eraikitzea beti da bukatu gabeko lan bat».
2. «Bi erronka dauzkagu datorren legegintzaldirako: batetik, kalitatezko enplegua sortzea, eta, bestetik, mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko sistema sendotzea. Lana da arabarren kezka nagusia. Hori dela eta, lehentasuna izango dugu kalitatezko enplegua sortzea; kalitatezkoa egonkortasun eta soldata aldetik. Mendekotasuna duten pertsonen beharrizanak asetzeko sistema da bigarren erronka. Baliabide gehiago bideratu behar ditugu horretara, eta eraginkorragoak izan. Epe ertain eta luzerako hobetu eta modernizatu behar dugu».
3. «Emaitzarik onenak espero ditugu. Arabako erakundeetanliderrak izan nahi dugu gizartearen gehiengoaren alde politika egiteko. Ziur gaude sozialistek arabarrei proiekturik onena eskaintzen diegula, ez bakarrik hazteko, baita inor atzean ez uzteko ere. Azken lau urteotan erabaki politiko progresista asko hartu ditugu».
ARANTXA ABEZIA Elkarrekin Podemoseko ahaldungai nagusia
«Alderdi aurrerakoien arteko akordio baten alde egiten dugu»
1. «Etekinik atera gabeko legegintzaldia izan da alde askotatik. Batetik, zahar etxeen zerbitzuari kalte egin die EAJ eta PSEren gobernuak. Zerbitzua pribatizatu egin dute, ez diete langileen eskaerei erantzun eta zaharren egoitza pribatuek ez daukate herrialde mailako hitzarmenik. Bestetik, klima aldaketa errealitate bat den arren, ez dira beharrezko neurriak hartu. Azkenik, fiskalitatean atzerapauso garrantzitsuak eman dituzte: EAJ, PSE eta PPren akordioarekin lau puntu jaitsi da sozietateen gaineko zerga».
2. «Gastu publikoa mantentzeko baliabideak lortu behar dira, eta, horretarako, marko fiskal berri bat behar dugu. Bestalde, erakundeetatik herritarren beharrizanak aseko direla bermatu behar dugu eta gazteentzako talka plan bat osatu behar da. Lan prekario eta tenporalak dituzte, zailtasunak gurasoen etxetik joateko eta bizi proiektu bat garatzeko ezintasuna. Erronkarik zailenetako bat da gizartea zahartzen ari dela. Demografia arazo garrantzitsu bat daukagu Araban. Oraindik egin ez den aurreikuspen bat behar dugu, eta ganorazko planifikazio bat. Araba feminista bat lortzeko ere lan egingo dugu. Ikuspegi feminista gehitu behar zaie politika publiko guztiei, emakumeak ahalduntzea sustatu behar dugu eta indarkeria matxistarekin zero tolerantzia izan. Bestetik,lurraldearen kudeaketa eredu berri bat sortu behar dugu, besteak beste, energia garbiak sustatuz, zaborren kudeaketa hobetuz eta turismo jasangarria sortuz».
3. «Emaitza onak espero ditugu, baina badakigu oraindik ez dugula bakarrik gobernatzeko gehiengorik. Akordioak garrantzitsuak izango dira aurrean dauzkagun erronkei aurre egiteko. Indar progresisten akordioaren alde egiten dugu Arabak merezi duen foru gobernu bat sortzeko».
Udal eta foru hauteskundeak. Araba
Indarrak neurtzeko plaza
Jeltzaleek eutsi egin nahi diote Arabako aginte makilari; EH Bilduk lehen aldiz hartu nahi du gidaritza. PSEk eta EPk, berriz, emaitza onak espero dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu