Gazteak eta gimnasioak

«Indarrak, itxura onak eta sare sozialek koktel perfektua osatzen dute gazteentzat»

Kirolak eta bereziki indarra lantzeko jarduerek gazteentzat oso erakargarriak diren osagaiak dituzte, adituen ustetan. Gainera, iritzi diote umetan kirola egiteko ohitura hartuz gero aukera handiagoa izaten dela heldutan horri eusteko.

Javier de Maria, Bizkaiko Foru Aldundiko Jolas Kiroleko arduraduna. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Javier de Maria, Bizkaiko Foru Aldundiko Jolas Kiroleko arduraduna. MARISOL RAMIREZ / FOKU
kristina martin
2025eko apirilaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Javier de Maria Bizkaiko Foru Aldundiko Jolas Kiroleko arduradunaren esanetan, gazteentzat oso erakargarriak diren osagaiak biltzen dituzte gimnasioek: estetika, indarra eta osasuna. Eta nahasketa horrek arrakasta itzela lortu du. Berretsi du kirola egiteko ohitura areagotu egin dela gazteen artean. Haren hitzetan,  itxura ona izatea eta osasuntsu egotea kezka nagusien artean azaltzen dira inkesta guztietan. Pandemia, gainera, mugarria izan zelakoan dago. «Gaixorik ez egoteak izugarrizko garrantzia hartu zuen, eta kirola egiteak modua ematen zuen osasuntsu egoteko», adierazi du. Kontuan hartuta sare sozialetan ere etengabe azaltzen direla mezu horiek eta sareek izugarrizko eragina dutela gazteengan, ez da harritzekoa mezua hainbeste barneratu izana.

Kirola egiteko ohiturak ere aldatu dira, eta horrek zerikusia du gimnasioen arrakastarekin. «Orain dela hamar bat urte, kirola mugimendu aerobikoarekin lotzen zen nagusiki: korrika egitea, ibiltzea, iraupen luzeko jarduerak egitea... Orain, indarra lantzeak hartu du nagusitasuna». Hortaz, «indarra, estetika eta sare sozialak batzen baditugu, koktel perfektua sortzen da gazteak joera horretan bete-betean sartzeko».

De Mariaren iritziz, eskola kirolak eragin handia izan du gazteen artean kirolerako zaletasuna errotzeko bide horretan. «Kirola egiteko ohitura umetan hasten da. Umetan maiz aritzen bazara horretan eta zure bizitzaren parte bihurtzen bada, probabilitate handia dago heldua zarenean ere kirola egiteko. Harra sartuta dago jada».

«Duela 30 urte, ez zegoen ondo ikusita emakumeek giharrak oso markatuta edukitzea. Orain, ordea, puri-purian dago, eta osasuntsu egotearekin lotzen da»

JAVIER DE MARIABizkaiko Foru Aldundiko Jolas Kiroleko arduraduna

Kirolzaleen kopuruak asko egin du gora eta, neurri handi batean, emakumeei esker dela uste du De Mariak. Emakumeak indarrez sartu dira kirolean, eta, bereziki, indarra lantzeko jardueretan. Eredu estetikoaren bilakaerak ere izan du eragina horretan: «Duela 30 urte, ez zegoen oso ondo ikusita emakumeek giharrak oso markatuta edukitzea. Orain, ordea, puri-purian dago, eta osasuntsu egotearekin lotzen da».

Erakundeek kirola sustatzeko egindako lanak ere lagundu du ohitura errotzen, bestalde. «80ko hamarkada arte, federatutako klubei laguntzen zitzaien nagusiki. Gero, erakunde publikoak hasi ziren beste kirolak eta oro har jarduera fisikoa sustatzen. Jarduera fisikoa denen eskura jarri behar zelako ideia zabaldu zen; herri guztietan kirol instalazioak egin, eta udalak kirol eskaintza sustatzen hasi ziren».

Hain zuzen, foru aldundiek eskola kirolaren eskuduntza dute eta kirol federazioak finantzatzen dituzte, eta udalek, bestalde, herritar guztientzako kirol eskaintza eta azpiegiturak kudeatzen dituzte. Eskaintza publikoa zabala den arren, jendeak gero eta gehiago ikusten du kirola ezinbestekoa dela ongizaterako, eta, ondorioz, eskaera ezin asebete dabiltza erakundeak. Hor dago gimnasioen azkenaldiko goraldiaren gakoa. Eta horiek ere gainezka daude. «Arduradun batzuek esan didate erabiltzaile gazteen kopurua mugatu behar izaten dutela gimnasioa betetzen dietelako. Gainera, gimnasio pribatuetan etekin ekonomikoa dute helburu, noski, eta diru gehiena uzten duten bezeroak eta fidelenak ez dira gazteak».

Julen Tizon monitorea da Donostiako Bentaberriko eta Altzako udal kiroldegietan. Berretsi du gero eta gazte gehiagok erabiltzen dituztela kirol azpiegitura publikoak. «Beti izan dira gazteak gimnasioan. Indartzeko nahi hori ez da berria. Baina orain dela bizpahiru urte hasi zen boladan jartzen», esan du. Spinning, body pump, cross training eta beste diziplina batzuetako ikastaro gidatu batzuk ematen ditu, baita gimnasioan begirale lanak egin ere. Hamar bat urte daramatza profesionalki jarduera fisikoari eta kirolari lotuta. Haren ibilbidean ikusi du muskulazioak eta kulturismoak erakartzen dituela gehienbat gazteak: giharra sortzeak, alegia. Horretarako, pisu librea eta makinak baliatzen dituzte.

Lesio gutxiago izateko egokia

14 edo 15 urterekin indarra lantzea hastea egoki ikusten du Tizonek. Diziplina lantzeko balio du, lesioak prebenitzeko, eta buruari ere laguntzen dio. «Futbolean, adibidez, esprintak egiten dituztenean ere indar lana egiten ari dira. Indarra landuz gero, min hartzeko arrisku txikiagoa izango dute beste kirol batzuetan ari direnean». Gainera, haren aburuz, aisialdian kirola egitea «plazan erretzen edo edaten egotea baino hobea da». Eta kirolaren onura fisikoa bezain garrantzitsua da buruari egiten dion mesedea: «Arazo bat izan eta entrenamenduak lasaitzen lagundu dizula ikustea, hori bai garrantzitsua!».

Julen Tizon, Donostiako Bidebietako eta Altzako kiroldegietako monitorea. BERRIA
Julen Tizon, Donostiako Bidebietako eta Altzako kiroldegietako monitorea. BERRIA

Gimnasiora joaten direnean, baina, nola egiten dituzte ariketak gazteek? Laguntza eskatzen dute, edo beren kasa aritzen dira? Tizonek esan duenez, monitoreak izaten dira laguntza emateko prest, baina denek ez diete laguntzarik eskatzen. Heldu hasiberriek eskatzen diete laguntza gehienbat, neska batzuek ere bai, baina mutil gazteek, ez hainbeste. «Kuadrillan datozen mutilek ez dute guregana jotzen. Instagramen eta Tiktoken influencer-ek jarritakoa ikusi, eta ariketa horiek egiten dituzte».

«Ikusten dugu gazte batzuek ariketa sail gehiegi egiten dituztela, bolumen handiegia hartzen dutela, eta orduak eta luzaroegi aritzen direla ariketa egiten. Gehiago aritzea ez da beti onerako»

JULEN TIZONDonostiako udal kiroldegietako monitorea

Haiek gerturatzen ez bazaizkie ere, «ikusten badugu astakeriaren bat egiten ari direla, pisu gehiegi altxatu nahi dutela edo ez direla ariketak ondo egiten ari, haiengana joaten gara», azaldu du. Esperientzia pertsonalaren bidez eta trebatuz ikasitakoa jartzen dute erabiltzaileen eskura. Tizonek argitu duenez, ez da arrisku bera izaten makinetan arituta edo pisu librea hartuta. Makinetan arriskua txikia da: pisua egonkortuta dago, eta patroia finkoa da. Pisu librean, aitzitik, bai. «Teknika ez baduzu ondo menperatzen, mina hartzeko arriskua duzu».

Hasiberrientzako oinarrizko aholkua: norberaren ezaugarrien arabera aritzea eta ez saiatzea besteek egiten duten gauza bera egiten. «Ikusten dugu gazte batzuek ariketa sail gehiegi egiten dituztela, bolumen handiegia hartzen dutela eta luzaroegi aritzen direla ariketa egiten. Gehiago aritzea ez da beti onerako». Neurrian dago gakoa. Eta atsedena ere oso garrantzitsua dela gogorarazi du. «Ez da onuragarria gimnasioan aritzea eta gero 02:00ak arte sakelako telefonoarekin ohean egotea eta behar beste lo ez egitea. 18 urte dituztenez, uste dute guztiari aurre egin ahal diotela, baina lasai hartu behar da. Poliki-poliki aritzea da garrantzitsuena. Egoa gimnasiotik kanpora!», gomendatu du.

Esfortzua zer den ikasi

Aitziber Rubio fisioterapeuta bat dator Tizonekin. Pazientzia da kirola egiteko ezinbesteko osagaia. Kirol arloko zerbitzu berezia eskaintzen du Usurbilgo Mabiok zentroan (Gipuzkoa), eta, oro har, kirolaren eta gazteen arteko harremana ona dela uste du. «Esfortzua zer den ikasten dute, eta haien garapenerako ere lagungarria da». Gainera, azaldu du gazteen artean denbora gutxiago behar izaten dela lesioak sendatzeko. «Gorputza garatze bidean dute oraindik, eta, beraz, hezurren bat hausten badute, adibidez, helduak baino lehenago osatzen dira. Metabolismo azkarragoa dute gazteek».

Aitziber Rubio fisioterapeuta. BERRIA
Aitziber Rubio fisioterapeuta. BERRIA

Kirola modu seguruan egiteko hiru gomendio ematen ditu: karga kontrolatzea eta teknika menperatzea dira lehenengo biak. «Ezin duzu karga handitu teknika menperatzen ez baduzu». Eta hirugarren aholkua da gorputzari behar duen atsedena ematea. Hanketako bikiak landu nahi badituzu, garrantzitsua da ulertzea egun batean landu eta hurrengoan atseden hartu behar duzula, eta beste atal bat landu. «Funtsezkoa da hori; bestela, min hartu, eta jarduera fisikoa utziko dute azkenean».

«Gazteen gorputza garatze bidean dago oraindik, eta, beraz, hezur bat apurtzean, adibidez, helduak baino lehenago osatzen dira. Metabolismo azkarragoa dute gazteek»

AITZIBER RUBIOFisioterapeuta

Ganoraz jokatuz gero, beraz, ez du aparteko arriskurik ikusten. «Arazoa da batzuek ez dakitela nola entrenatu: zenbat aldiz astean, zenbat pisu altxatzea komeni zaien, beroketak eta luzaketak nola egin...». Rubioren iritziz, entrenamenduak diseinatzen adituak diren profesionalen eginbeharra da hori, baina fisioterapeutek ere badute zeresana: «Gomendioak eman ahal dizkiegu, jakin dezaten zer ariketa den egokiena beren gorputzerako edo daukaten lesioa sendatzeko».

Ohitura desegokien ondorioak ere ikusi ditu zenbait kasutan. «Kontsultan izan zaizkigu gazteak zuntz hausturekin. Gehienetan, behar bezala ez aritzeagatik hartu dute min; giharretako arazo gehienak gainkargaren ondorio dira. Lehen egunean hamabost kiloko halterak altxatzea ez da komeni, nahiz eta berez gaitasuna eduki horretarako», ohartarazi du. «Beste batzuek izena ematen dute lasterketa gogor batean nahiz eta prestatuta ez egon, eta, horrelakoetan, ezin dugu miraririk egin. Crossfit-ean ere min hartzeko aukera handiak daude ondo prestatuta ez bazaude. 'Nik egin dezaket' pentsatzea ez da nahikoa. Barne ariketa bat egin behar da, eta zentzuz jokatu».

Prebentzioaren garrantzia

«Gehienetan, behin min hartuta daudela etortzen dira guregana, baina prebentzioan jarri nahi dugu indarra», dio. Adibidez, «korrika egiten hasi nahi baduzu, ezinbestekoa da gluteoak lantzea; bestela, belaunak hondatuko dituzu». Hipertrofiarako hau da, giharrak handitzeko, denbora, entrenamendua eta diziplina zorrotza behar dira emaitzak lortzeko. Azaldu duenez, batzuek berehala lortu nahi dituzte emaitzak, eta horretarako bide bakarra da testosterona hartzea da. «Hipertrofia lortuko dute, baina helduaroan gaitz asko sortzeko arriskua izango dute».

Kulturismoaren eta ongizatearen influencer-ak, gazteen idolo berriak

Joel de Francisco psikologoak nerabeekin lan egiten du. Gazteek gimnasioaz eta irudi pertsonalaz hitz egitea ohikoa dela dio. Hori, berez, ez da arazo bat, baina arlo horretako influencer-ek ematen dituzten mezuen arriskuez ohartarazi du.

Gasteizko Ediren osasun kooperatibako kidea da De Francisco, eta nerabeekin egiten du lan. «Kontsultan edo eskoletara joaten garenean, ohikoa da nerabeek gimnasioaz eta itxura fisikoaz hitz egitea», azaldu duenez. Irudi pertsonalaren gaineko ardura handia dute gazteek, eta gorputza lantzeko joera horrek ertz asko ditu. Psikologoak argitu du gimnasiora joatea ez dela, berez, arazo bat; horrek gazteen bizitzan zein funtzio betetzen duen aztertu behar da.

Joel de Francisco psikologoa. BERRIA
Joel de Francisco psikologoa. BERRIA

«Gimnasioa kirola egiteko eta lagunekin elkartzeko topagunea baldin bada, ondo dago», iritzi dio psikologoak. Zeintzuk dira, orduan, kezkatzeko seinaleak? «Nerabe batek on egiten dioten ekintzak egiteari uzten badio, adibidez, lagunekin egoteari uzten badio gimnasiora bakarrik joateko eta bakartu egiten bada, badago kezkatzeko arrazoirik», ohartarazi du.

«Zenbait gazte saiatzen dira gimnasioaren bidez kanporatzen barruan duten ezinegon emozionala»

JOEL DE FRANCISCOPsikologoa

Psikologoaren esanetan, kontuz ibili behar da sare sozialetako edukiekin. «Multimedia eduki asko eta asko fitnessarekin eta kulturismoarekin lotuta daude, eta bideo horietan sustatzen den ‘autohobekuntza’ horrek kaltea eragin ahal die arazo emozionalak dituzten gazteei. Sareetan fitnessarekin eta kulturismoarekin lotutako sortzaileak eta ongizatearekin lotutako coaching edukiak nahasten direla azaldu du De Franciscok. «Zenbait gazte saiatzen dira gimnasioaren bidez kanporatzen barruan duten ezinegon emozionala». Bideo horietako batzuetan, mezu hau zabaltzen da: «Zure ongizatearen erantzukizun guztia zure gain dago. Deprimituta baldin bazaude, zu zara erruduna: ez zara nahiko saiatu».

De Franciscok ohartarazi duenez, lehen futbolariak, musikariak eta aktoreak ziren nerabeen idoloak, eta, orain, kulturismoaren inguruko influencer-ak dira jainko. Milaka jarraitzaile dituzte, eta erabiltzen dituzten hitzak eta mezuak gazteen artean txertatu dira. Psikologoaren esanetan, arazoa da influencer horietako asko ez direla eredugarriak. «Batzuek mezu arriskutsuak ematen dituzte, matxistak eta eskuin muturrekoak», gogorarazi du. Eta, bestalde, uste du arriskutsua izan daitekeela sustatzen duten itxura eredua lortu nahi izatea ere.

kirol lanbideak profesionalizatu nahian

Sektorea izugarri garatu da, baina modu desordenatuan, eta, ondorioz, kirolean aritua baina trebakuntzarik gabea den jende ugari ari da lanean. Horregatik, sektorea profesionalizatzeko asmoz, jarduera fisikoaren eta kirolaren lanbideak arautzeko legea onartu zuen Eusko Jaurlaritzak 2022an. Lau lanbide jasotzen ditu: gorputz hezkuntzako irakaslea, kirol monitorea, kirol modalitate bateko entrenatzailea eta kirol zuzendaria. Legezko betebeharretara egokitzeko planak jarri ziren martxan, eta 2026rako bete beharko dira. De Mariaren esanetan, «langileak, duela hiru urtetik hona, ikastaroak egiten ari dira, eta tituluak ateratzen. Legearen helburua da sektorea profesionalizatzea, eta, horretarako, aritzen direnek beharrezko formakuntza izan behar dute, baina inor kanpoan utzi gabe». Nafarroan, 2019an onartu zuten Kirolaren Legea, eta aurtengo irailetik aurrera eskatuko dituzte lanbide horietan aritzeko beharrezkoak diren prestakuntza eta titulazioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.