bateragune auzia

"Indarrak bilduta, posible da estatu independente bat eraikitzea"

Arnaldo Otegirekin-eta ezker abertzalea estrategia politiko-militarretik soilik politikora bideratzeko lan egiteagatik Espainiako Estatuak azken sei urteetan preso eduki ditu Sonia Jacinto (Donostia, 1977), Arkaitz Rodriguez (Donostia, 1979) eta Miren Zabaleta (Iruñea, 1981), ETAko kidetzat jota. Urteotako sentipenak kontatu dizkiote BERRIAri. [youtube]https://youtu.be/E9991nKGuWk/[/youtube]

enekoitz esnaola
2015eko urriaren 19a
08:23
Entzun

Joan den larunbateko 13:15ean jarri genuen hitzordua Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta Bateragune auziko preso ohiekin, Donostian. Ordubeteko elkarrizketaren ostean, gose ziren. "Sei urtean kartzelan ordu batean bazkaldu dugu –hor bai dela Espainiako Estatua Europakoen parekoa...–, eta ia 14:30 ditugu orain", zioen Rodriguezek. 17:30ean zen hastekoa manifestazioa, eta tarte horretan bazuten bestelako eginkizunik, bazkaltzeaz gain. Urriaren 11n atera ziren libre; hirurak elkarrekin lehen aldiz larunbatean batu ziren.

Nola gogoratzen duzue Bateragune auziko atxiloketako unea, 2009ko urriaren 13 hartakoa?

ARKAITZ RODRIGUEZ. Ni Donostian nintzen Polizia etorri zenean, LABen egoitzan. Rafa Diezekin nengoen, haren bulegoan, eta biok han atxilotu gintuzten, nahiz eta hasiera batean Rafa atxilotzeko agindurik ez zuten, eta hala esan zioten, gainera, ez kezkatzeko eta joateko LABeko kideengana, baina ia ordu erdi batera, poliziaburuak dei bat egin ostean, jakinarazi zioten atxilotuta zegoela. Egoitza berean ziren Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto eta Rufi Etxeberria, eta haiek ere atxilotu zituzten. Nire lehen sentipena izan zen estatuak, akaso, lortuko zuela gelditzea ezker abertzaleak esku artean zeukan hausnarketa estrategikoa. Baina 2009ko urriaren 13an bertan, gu atxilotu baino ordu erdi bat-edo lehenago posta elektronikoz zabaldu genuen eztabaidarako txostena, 300-400 bat lagunekin hitz egin ondoren osatu genuena.

SONIA JACINTO. Guk bagenekien egunen batean izango zela gure kontrako operazioa, bagenekielako estatuak ezker abertzalearen estrategia aldaketa zapuzteko asmoa zuela. Zorionez, gertatu zenerako haientzat beranduegi zen: txostena egina zegoen, eta zabalduta. Baina ez genekien zer gertatuko zen, ordura arte eztabaida guztia barne mailan izan zelako, ez publikoki.

MIREN ZABALETA. Orduko Barne ministroa [Alfredo Perez Rubalcaba] Euskal Herriko eragileei esaten ari zen ezker abertzalearen ahalegina beste iruzur bat izango zela. Bazegoen kanpaina mediatiko bat ezker abertzalearen apustuaren sinesgarritasuna kolokan jartzeko; azken batean, gure pausoa geldiarazteko. Puzzle haren pieza nagusietako bat gure atxiloketak ziren. Ni Iruñean atxilotu ninduten. “Iritsi da”, nioen neure artean, itxaroten ari ginelako. Nabarmena zen helduko zela, egunero genuelako polizien jazarpena.

RODRIGUEZ. Nire lehen inpresio ezkor hura baztertu egin nuen jakin nuenean operazioaren aurkako manifestazio zabala eta handia izan zela Donostian, eta eztabaidarako txostena dozenaka milaka lagunek hartu zutela Internetetik.

Txosten hura atxiloketak baino pixka bat lehenago Interneten zabaldu ez balitz, zer?

RODRIGUEZ. Posible izango zen txostena desagertzea. Eztabaida-aurre hartan jende askorekin hitz eginda geunden, zirriborroak erabili ziren, eta, diskrezioak-eta hala aginduta, eztabaidarako txostena ez zen zabaldu urriaren 13ra arte. Guk uste operazioa orduan egitearen arrazoia, besteak beste, hori izan zela.

Zergatik ez zuten egin operazioa lehenago?

RODRIGUEZ. Operazioa baino urte eta erdi bat lehenagotik bagenituen jarraipenak; lauzpabost itzal genituen, eta estatuak bazuen nahikoa informazio zertan ari ginen jakiteko. Zergatik egin zituen egun hartan atxiloketak eta ez lehenago? Saiatu, saiatu ziren. Estatuaren ahalegina ezker abertzalea apurtzea zen. Rubalcabak oso lelo esanguratsu batekin laburbiltzen zuen: “Edo botoak, edo bonbak”. Inondik inora espero ez zutena zen ezker abertzaleak era batu eta kohesionatuan botoen aldeko eta estrategia independentista soilik politiko eta demokratiko baten hautua egitea. Ikusi zutenean hori horrela izango zela eta, beraz, ez zela apurketarik izango, momentu hartan erabaki zuten eten beharra zegoela, bertan behera utzi beharra zegoela.

Kartzelan zinetela, Otegiren, Diezen eta boston izenean gutun esanguratsu baten berri eman zenuten berehala, urriaren 25ean datatutakoa, “beste fase bat, beste estrategia batzuk, beste tresna batzuk” eskatuz.

JACINTO. Eztabaidarako txostena egin genuen, baina aurkeztu ez. Gu kartzelan ginenerako idatzia publikoa zen, ikusi genuen babesa jaso zuela, eta kartzela barrutik animoak emateko gogoa geneukan. Hori zen sentitzen genuena, eta, era berean, gure atxikimendua berretsi nahi genuen. Esan nahi genuena zen txosten hura ez zela justu gurea, herriarena baizik.

ZABALETA. Eztabaidaren parametroak babesteaz eta indartzeaz gain, garrantzitsua zen guk geure ahotik hitz egitea. Baziren gure sinesgarritasuna kolokan jarri nahi zuten iritziak, interpretazioak zeuden, eta, beraz, egiten genuen apustu zintzoaren eta gardenaren berri geure izenpean ematea erabaki genuen. Gutuna argitaratu ondoren [azaroaren 7an] esanguratsua izan zen estatuaren erantzuna: Estremerako kartzelan geunden bostok, eta sakabanatu egin gintuzten, bostok elkarrekin ez segitzeko. Sakabanaketaren erabilpenaren adibide gordin bat izan zen.

Sei urte hauetan zer harreman mota izan duzue bostok?

RODRIGUEZ.Otegi eta biok Logroñoko kartzelan egon gara, eta harreman handia izan dugu. Besteekin –eta haiek gurekin–, gutunez komunikatu gara, baita senideen bidez ere.

Txostena zabaldu zenetik aurrera nahiko azkar joan zen guztia: 2010eko otsailean plazaratu zuen ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria adierazpena, eta 2011ko urrian jakinarazi zuen ETAk jarduera armatua betiko utzi zuela.

ZABALETA. Txostena zabalduta, prozesuak bizitza propioa hartu zuen. Baina bizitza ez zion eman bakarrik ezker abertzaleko egituretan zegoen jendeak; kaleko jendeak ere eman zion, ezker abertzaleko militanteek-eta, eztabaidetan parte hartuz eta txostena bozkatuz. Zazpi mila lagun inguruk parte hartu zuten batzarretan. Gu geu artean libre ginela jendearekin egoten ginenean, abiada handiagoan joan nahian bezala zen jendea; baliteke erantzun batzuk euren baitan eduki izana ordurako.

RODRIGUEZ. Nolabait esanda, ezker abertzalean aurretik egina zegoen eztabaida bat zen; agian, modu informal eta desordenatu batean zegoena zen. Gu hartu izan gaituzte apustu honen aitzindari edo ikurtzat, baina guk ez genuen deus asmatu. Bai, ale bat jarri dugu, baita ordaindu ere kartzelarekin, baina eztabaida egin baino urte batzuk lehenago bazen behar bat, nahi bat, eta adostasun handia zegoen ezker abertzalearen oinarrietan eta militantzian, baita euskal gizartearen parte handi batean ere. Gure lana izan zen horri denari kutsu ofiziala ematea, bideratzea. Euskal gizartean oso errotuta zegoen sentsazio batekin konektatzea lortu zen.

JACINTO. Oso azkar joan zen dena. Entzutea, entzutea eta entzutea izan zen guk egin genuena. Jendeak bazuen iritzia, ikuspuntuak bildu egin genituen, eta txosten batean jarri. Horrek sekulako abiadura hartu zuen, gu espetxeratu arren.

Euskal presoen kolektibo EPPKren adierazpena, ETAren erabakitik bi urte pasara heldu zen: 2013ko abenduan.

ZABALETA. ETAk jarduera armatua utzi arren, estatuak sakabanaketari eutsi zion, eta horrek zaildu egin zuen presoen eztabaida behar zen sakontasunarekin egitea, eta zailagoa izan zen azkarrago egitea. Estatuaren apustua aurreko jokalekuko eskema ahal den gehien luzatzea da, uste baitu galarazi egingo duela Euskal Herriak independentziaren bidea hartzea.

Oraindik 400 euskal preso pasa daude.

ZABALETA. Niri duela zortzi urte galdetu zidaten presoen auziaz –oraindik espetxean egon gabe nengoen–, eta esan nuen ezker abertzalearen eta, orokorrean, Euskal Herriko askapen mugimenduaren bihotza espetxeetan dagoela. Bihotz hori aske ez dagoen bitartean, gure gorputza ere ez da aske izango, eta hori etsaiak badaki, eta saiatzen da nolabait bihotz hori giltzapean izaten gorputzak aurrera egin ez dezan.

RODRIGUEZ. 400 bahitu politikotik gora izanda, estatuaren asmoa da herri honek Kataluniaren bideari jarrai ez diezaion lortzea, hori galaraztea. Gure eginbeharra da ahal den bahitu gehien ateratzen hastea kartzeletatik. Ez dugu atsedenik hartuko azken presoa etxera ekarri arte.

Duela urtebete Otegik BERRIAko elkarrizketan zioen: “Gure estrategia orokorraren ardatza prozesu independentistan jarri behar da, eta [gatazkaren] ondorioen agenda hor kokatu”.

ZABALETA. Estatuak bahitu moduan erabiltzen ditu presoak, horren bidez prozesua gelditzeko giltza duelakoan. Kontua da bake nahia nola bihurtzen dugun bultzada batean askatasunerako bidean.

JACINTO. Askapen prozesuak berak ekarriko ditu presoak etxera. Biak batera egin behar dira. Askapen prozesua gero eta gehiago aurreratu, presoak lehenago ekarriko ditugu etxera.

RODRIGUEZ. Estatuak orain artean neurri batean asmatu du, presoak bahituta edukirik prozesua trabatuz etsipen sentsazio bat zabaltzea nahi izan duelako. Saiatu behar dugu eskura ditugun bitarteko guztiekin motxila hori arintzen, baina, batez ere, askapen prozesuan aurrera eginez, independentziarako prozesu baterako oinarriak gaurdanik lantzen. Horrek indartsuago egingo gaitu, eta estatuak, ahulago. Zutik Euskal Herria-n marraztutako filosofia esaldi horretan laburtu daiteke. Ez du misteriorik. Esaten genuen: erlatiboki erraza da; egunez egun independentista gehiago izatea lortu behar dugu, eta, bide batez, horrela estatua behartuta sentitzeko espetxeetako ateak zabaltzeko. Prozesu mota hori martxan jarriz, hurbilago legoke preso guztien askapena.

Azken urteetan egon dira gertaera berriak. Adibidez, Nafarroako aldaketa. Iruñekoa zara zu, Miren.

ZABALETA. Erregimena erortzearen gako bat izan da gure indarretan konfiantza izatea, eta elkarlanerako erakutsi den gogoa, borondatea eta gaitasuna izatea. Hau da, ikusi da ez zela PSN bezalako indar baten zain egon behar. Geure buruan konfiantza badugu eta dagoeneko baditugun baldintza soziopolitikoak behar bezala baliatzen badira, gai gara prozesu oso bat bideratzeko. Ez bakarrik aldaketa instituzionalera bideratua, baizik eta herri honen askatasun osora bideratua. Estrapolatu ditzagun instituzio batzuetan lortu ditugun aldaketak prozesu orokorrera. Emaitza argia da: geure buruan konfiantza izanda, eta fronte independentista eta ezkertiar bat behar bezala antolatuta, posible da nahi ditugun helburuak erdiestea.

RODRIGUEZ. Estatuaren etengabeko eraso honetan, propaganda eta gerra psikologiko horrekin hedatu nahi duen etsipenaren aurrean, onena da atzera begiratu eta sei urte hauetan lortu dugun guztiari erreparatzea, egindako aurrerapausoak izugarriak direlako. Sei urteotan independentismoak lortu du aurreneko indarra izatea, eta hori lehen pentsaezina zen. Parot doktrina delakoa bertan behera uztea ere lortu da. Independentzia prozesu bat abiatzeko duela sei urte baino baldintza hobeak daude, baldin eta, Mirenek esan duen bezala, nahikoa sinesmen badugu herri honen indarrengan.

Katalunia da azken urteetako beste berritasun bat. Zuek atxilotu baino hilabete lehenagoko Diadan egin zuten ordura arteko manifestazio independentistarik handiena: 30.000 lagunekoa.

JACINTO. Harridurarekin bizi izan dut Kataluniakoa, eta poztasun handiarekin eta ilusioarekin ere bai, iruditzen zaigulako eredu bat izan daitekeela Euskal Herriarentzat. Badakigu Kataluniak eta Euskal Herriak ezberdintasun handiak dituztela, baina hemen baldintzak egon badaude, eta, agian, Kataluniakoak baino hobeak izan daitezke momentu batean. Guk ere hori egin dezakegun konbikzioa ematen digu hangoak. Estatuak badaki ezker abertzalea eta independentismoa inoiz baino indartsuago daudela kalean eta instituzioetan.

ZABALETA. Kataluniak bi kontu erakutsi ditu. Batetik, gakoa herrian dagoela. Behetik gorako prozesuak CDC bidegurutze batean jarri zuen, hautua egiteko berriz ere Madrilerako bidearen edo askatasunerako bidearen artean, eta bigarren hori hautatu du. Mugiarazi egin dute independentismora. Aldebakartasuna da beste gakoa, konfrontazio demokratiko baten terminoetan eginda eta herriaren bultzadarekin. Gako horiek aplikagarriak dira Euskal Herrian ere, eta formularik egokienak bilatu beharko dira.

RODRIGUEZ. EAJren aldetik indar gehiago egiten da Kataluniaren eta Euskal Herriaren ezberdintasunetan, antzekotasunetan baino. Ezaugarri desberdineko herriak dira biak, baina egin behar denaren artean ez dago halako diferentzia handirik ere. Ezker abertzalearen estrategia aldaketara arte esaten zuten aritzeko Katalunian bezala bide demokratikoen eta politikoen aldeko apustuan, eta, orain, Katalunian prozesu independentista bururaino eramatear direnean, esaten dute Kataluniak ez duela zerikusirik Euskal Herriarekin... Asko dugu ikasteko Kataluniako prozesutik. Bi gauza erakutsi dizkigu. Batetik, litekeena da Espainiako Estatuak erremediorik ez izatea; alegia, haren demokratizazio sakon bat ameskeria hutsa izatea eta sekula ez onartzea estatu barruko izaera nazioaniztuna eta, beraz, herrien erabakitzeko eskubidea. Ezin da egon estatua noiz demokratizatuko, eta prozesu independentista bat martxan jarri behar da. Kataluniak hori egin du. Geuk ere jarri beharko genuke; hartara, bion artean indar handiagoa egin dezakegu. Eta soil-soilik horrek beharbada eraman dezake estatua bere burua demokratizatzera. Estrategia horrek abantaila bat luke: zuk bi kasuetan irabazten duzu. Eta bigarren ondorioa da Kataluniako prozesuak erakutsi digula Zutik Euskal Herria-n egin genuen hausnarketa zuzena dela: gaur eta hemen posible da indar independentista nahikoa bilduta estatu independente bat eraikitzea. Horren aurrean estatuak ez dauka zereginik, mehatxuak eta indarra erabili arren.

Otegi zer moduz dago, Arkaitz?

RODRIGUEZ. Beti bezain irribarretsu. Arnaldok bere burua baikor antropologiko moduan definitzen du, eta, zinez, halakoa da. Hark askotan esan izan du gure jendeak eta ideia batzuekiko sinesmen sendoak laguntzen diola tinko mantentzen, preso denei gertatzen zaien bezala. Beti bezain tinko eta gogoz dago orain arte bezala behar diren ekarpenak egiteko.

Hemendik aurrera zer egiteko asmoa duzue?

JACINTO. Jendearekin egon nahi dugu, entzun, ezagutu. Sei urte hauetan komunikazio eskasarekin eta mugatuarekin egon gara, eta orain, batez ere, jendea entzun nahi dugu, eta ikusi zer dagoen herrian.

ZABALETA. Gu sinetsita geunden ezker abertzalea aldatuz Euskal Herria aldatu egingo zela, eta, kartzelatik bezala, egun hauetan ikusi dugu aldaketa sakonak eman direla. Orain aldaketa horiek sentitzeko garaia dugu, eta, bereziki, askatasunerako bidea nola egin ikusteko iritziak entzuteko eta jasotzeko garaia. Horretarako gogo handiarekin gaude hirurok.

RODRIGUEZ. Kartzelan sartu gintuztenean bezain gogotsu gaude, edo gogotsuago. Preso egon garen aldian irakurtzeko eta formatzeko aukera eman digu estatuak... Aurrera begira, geure ahalen araberako ekarpenak egingo ditugu, eta herriak esango du zein den gutako bakoitzaren tokia.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.