Indarrak batu dituzte Parisen

Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituekin duen jarrera salatu du Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen dinamikak Parisen. Bilera bat egin dute ministerioarekin, baina neurri zehatzik ez da atera handik

Protesta, atzo, hizkuntzen bizi nahiaren aldeko aldarria lehen lerroan jarrita. BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Paris
2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Atzo goizean iritsi zen hizkuntza gutxituen aldarria Parisera. Frantziako Estatuaren menpe diren lurralde guztiak batu dira Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen dinamikaren sokan, eta Frantziako Gobernuak hartu dituen neurri «linguizidak» salatu zituzten, hezkuntzaren arloan izan diren erreformak gogoan izanik batez ere. Horregatik, Hezkuntza Ministerioaren ondoko plazan bildu ziren dozenaka eta dozenaka manifestari: bretainiarrak, korsikarrak, okzitaniarrak, alsaziarrak, katalanak, eta baita euskaldunak ere. Euskal Herritik, Euskal Konfederazioko, Seaskako eta Kontseiluko kideak zeuden protestan, besteak beste.

Gorabeheratsua izan zen goiza. Antolatzaileek azken momentuan jakinarazi zuten Parisko Prefeturak elkarretaratzea egitea debekatu zuela. Arrangura erakutsi zuten erabakiaren harira: «hizkuntzen aurkako eraso bat gehiago» dela adierazi zuten. Ondoren, giza kate bat egin nahi izan zuten Hezkuntza Ministerioko eraikina inguratzeko, baina Frantziako Poliziak eragotzi egin zuen ekintza hori. Protestan parte hartzen ari zirenen artetik delegazio bat joan zen ministerioraino. Manifestariek, ordea, ezin izan zuten ordezkaritza bururaino segitu; Poliziak bidea oztopatu zien. Debekuen gainetik, ehunka pertsonak parte hartu zuten protestan: Gure hizkuntzek bizi behar dute aldarria nagusitu zen, beste guztien gainetik.

Hizkuntzen desagertzea salatzeko ekintza sinboliko bat egin zuten. Hain justu, heriotza hori irudikatzeko, Frantziako bandera bat inarrosi zuten lurrean zeuden ikurrinak, esteladak, Okzitaniako gurutzea, Alsaziako bandera, Korsikakoa eta beste hainbeste ikur zapalduz. Diwan eskoletako zuzendaria da Anna Vari Chapalain, bretoierazko murgiltze eredua eskaintzen duten zentroen sareko ordezkaria; Frantziako Gobernuaren jarrera irmoki kondenatu zuen: «Gu erresistentzia egiten ari gara. Gure sarea hedatu nahi genuke eta horretan ari gara, baina estatuak ez digu posturik ematen, eta zailtasunak dauzkagu. Badakite arriskuan garela; larria da egiten dutena: linguizidio bat. Entzun behar gaituzte: haien betebeharra da, eta tokiko hautetsiek presio egin behar dute».

Dinamika bi hautetsik bultzatu dute, irailetik aitzina: Paul Molac Bretainiako diputatuak eta Francois Alfonsi Korsikako eurodiputatuak. Ministeriora joan zen ordezkaritzan parte hartu zuten biek. Alfonsik azaldu zuen Europan hizkuntza gutxituen aldeko berme batzuk badirela, baina Frantziak ez dituela errespetatzen. «Irailean hasi gara jendearengana joaten. Ulertu dugu bakoitzak bere borroka bere zokoan eramaten badu ez dugula ezer lortuko. Baina arazo berak dira; indarrak batu behar ditugu».Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria izan zen ministerioan egindako bileran parte hartu zutenetako bat. Oro har «balorazio ezkorra» egin zuen delegazioak. Ministerioan entzuteko prest direla esan bazieten ere, neurri konkreturik ez zen atera bileratik. Jorajuria arranguraz solastatu zen: «Ez dute ukatu egoera larria denik. Guk neurriak proposatu ditugu, baina ez dute deus egiteko asmorik». Hala ere, baikortzat jo zuen hizkuntza guztiek batera hasi duten elkarlana: «Bakoitzak bere borroka bere lurraldean eramaten duelarik, estatuak eskualdeko arazo bat bagina bezala ikusten gaitu; horiek badaki nola kudeatu. Aldiz, denak elkarrekin batzen bagara, estatu osoko arazo bilakatzen gara, eta gure pisua ez da berdina».

Fabiana Giovanni Korsikako diputatua da, eta bat egin zuen Jorajuriarekin. «Korsikera arriskuan den hizkuntza bat da. Gu, hautetsi gisa, saiatzen gara neurriak aitzinarazten. Baina betiko arazoa dugu: estatuak blokeatzen gaitu erabat. Garrantzitsua da hizkuntza guztiek bat egin dezagun bloke baten osatzeko gobernuaren aurrean».

Ofizialtasuna

Bretainiako jende asko bildu zen protestan. Tartean, Bak E Brezhoneg taldeko ikasleak zeuden —baxoa bretoieraz pasatzea aldarrikatzen dute—. Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren erreformak berehala alda daitezela eskatu zuten. Hain zuzen ere, erreforma horrek eragozten du baxoa bretoieraz pasatzea —edota beste edozein hizkuntza gutxitutan—. Gainera, hautazko ikasgaietan ere, haien hizkuntzak leku gutxiegi dauka. Lena Louarn Bretainiako Kontseiluko lehendakariordea da, eta herenegun Blanquerrek egin zituen adierazpenak salatu zituen. Ministroak esan zuen baxoko matematika azterketa bretoieraz egiten ahalko zela, baina berehala ezeztatu zuen esandakoa. Kontrol jarraikia bai, baina azterketa bera ez dute bretoieraz egiten ahalko ikasleek. Hortik Louarneren kexua: «Uste izan dugu Blanquerrek iritziz aldatu zuela baxoari begira, baina tronpatu egin da. Erakusten du ez duela ezagutzen hizkuntza gutxituetan egiten den hezkuntza: gure kasuak ez ditu menperatzen. Mespretxagarria da haren jarrera». Hautetsi, ordezkari, guraso eta ikasleei dei egin zien guztiek batera lan egiten segitzeko «hizkuntza guztien ofizialtasuna lortu arte».

Katalanezko murgiltze ereduan diharduten zentroen elkarteko (La Bressola) lehendakari Jean Sebastien Haydnek ere oroitarazi zuen ofizialtasunerako pausoak ematen segitu behar dela. «Hego Katalunian hizkuntzaren arloan eginiko aurrerapenak oso baikorrak dira. Koofizialtasunak laguntzen du, eta horretara iritsi behar dugu guk ere».

Protestaren ondotik, eragileekbilkura bat egin zuten, dinamikari segida bat emateko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.