Andeka Larrea Larrondo. Filosofoa eta antropologoa

«Indarra erdigunean kokatzeak arriskuak dakartza»

Bilboko metroa hiri erdigunearen beharrak betetzeko diseinatu zutela uste du Larreak, eta hasieratik inguruko auzoei ere zerbitzu eman behar ziela. Haren iritziz, halakoetan ikusten da garraio eta hiri ereduak eskutik doazela.

Bilbo
2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Hiria, hirigintza eta hiri aldaketa izan dituzte ardatz Andeka Larrea Larrondoren (Bilbo, 1972) ikerketek, bereziki euskal hiriei dagokienez. Egun, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide dabil.

Metroarekin hasi al zen Bilboren azken eraldaketa handia?

Lehen linean, balioa eman zitzaion estetikari, hiri zikloaren aldaketarekin lotuta: Guggenheimekin hasi eta Abandoibarra osorako aurreikusten zuten arkitekturaren aldeko apustua egin zuten metroan ere. Ematen zuen diseinua funtzioaren gainetik zegoela. Baina Bilbok ez zuen behar horrelako linearik: bilbotarrok erdigunera eramaten gintuen, baina ez zen oso zerbitzu garrantzitsua, jakinda zeintzuk ziren periferiako auzoen garraio eskariak.

Aldaketa arkitektoniko eta estetiko horren barruan diseinatu al zuten metroa?

Ziklo ekonomikoaren aldaketak eragin zuen hirien funtzio aldaketa. Bilbok apustua egin zuen zerbitzu eta kultur turismoaren alde. Prozesuarekin bat egin zuten metroak eta tranbiak. Garraioa Bilbo berriaren zerbitzura ipini zuten, erdiguneari eta ibaiaren erriberari mugatzen zitzaiela.

Hasieratik kritikatu izan da periferiako auzoetara ez iristea.

Auzo langileetara, periferiara. Linea hau iritsiko den auzoetara, eta gerora iritsiko denetara: Irala eta Errekalde. Azken horiek gabezia handia daukate: garraio publikoak ez dio eskariari erantzuten, oso populatuak baitira. Baina hirugarren linearen inaugurazioa marketin operazioa da. Periferiara hasieratik eraman behar zuten metroa, baina beste hiri askotako eredua kopiatu dute: erdigunea da garrantzitsuena. Funtzio ekonomikoa eta turismoa kokatzen dira han, eta haren arabera antolatu da garraioa. Prozesu hori osatu denean, orduan hasi da iristen metroa auzoetara. Poztekoa da hirugarren linea zabaltzea; auzokideen aspaldiko aldarrikapena da, baina langile auzoak dira, eta hasieratik eman behar zitzaien zerbitzua.

Prozesu horren barruan sartzen da Bilbo Zaharraren eraldaketa ere? Baliabide ekonomiko gutxiagoko gunea izan da, baina aldatzen ari da.

Bilbora lanera etorritako etorkin gehienak hartu izan ditu, baina politika publikoak ez dira adi egon egoera horrekin: jarduera ekonomikoaren beheraldian, auzoa bazterrera utzi da. Duela urte batzuk, udala ohartu zenean alde zaharraren luzapen naturala zela, jarduera ekonomiko berriak sartzen saiatu zen, baina erdipurdi atera zen. Orain, joera berriekin, auzoetako erdigune ekonomikoa ostalaritzan jartzeko modarekin, enpresa askok interes handia daukate bertan sartzeko. Baina ondorioak izaten ari da: erosteko ahalmen handiagoa daukatenek auzoan bizitzeko interesa dutenez, modan jartzen ari delako, alokairua igotzen ari da. Betiko auzokide eta saltzaileek igoera horri ezin aurre egin dabiltza, eta ixten ari dira. Horren atzean, higiezinen interes espekulatiboa dago. Beraz, populazioa lekualdatzea gerta liteke.

Garraio ereduak zerikusirik al dauka horrekin?

Oinarrizkoa da. Hiri baten garraio eredua diseinatzean, lehentasunak ezartzen dira. Lehentasuna bada erdigunea, albo batera uzten dira inguruko auzoak. Aukera zezaketen metrorako zirkulu formako linea, auzoak lotzeko, baina ez. Hirigileak beti ikusten du auzoetatik erdigunera mugitzen direla pertsonak. Bidaia mota ugariena da, baina zergatik ezin daitezke joan beste auzo batera? Ez dira errazten auzoen arteko harremanak: bakarrik auzoen eta erdigunearen artekoak.

Inguruko eskualdeetara ere zabalduz doa metroa; hiri handi baten eredura jotzen ari al dira?

Kultur eta kongresu turismoaren aldeko apustu hain handia egiten denean, hiriak milioi bat biztanle inguru izan behar du, enpresa handientzako erakargarria izango bada; egoitzak hor jartzeko interesa izan dezaten, batez ere ezagutzaren kulturarekin lotutakoak badira. Zorrotzaurreko penintsula da azken ukitua. Bilbok eta inguruko eskualdeek batera badaukate biztanle kopuru hori, eta garraioak zifra hori lortzea errazten du. Hiri metropolitar txiki baten aldeko apustua da. Bilbo industriala desagertu da; adituek diote espezializazio oso zehatzeko hirien aldeko apustua egin behar dela, eta Bilbok arreta jarri behar duela kultura, teknologia eta berrikuntzarekin lotutako zerbitzuetan. Epe ertain-luzerako apustua da; ikusiko da funtzionatzen duen edo ez.

Bizkaiko gainontzeko herriekiko haustura gero eta handiagoa al da?

Bai, Bizkaiko urbanizazioak Bilbora jotzen du, erdigunera, eta ahaztu egiten dira hiri txikiagoak eta herriak. Indarra erdigunean kokatzeak arriskuak dakartza. Horixe da Euskal Hiria: herriekin ahaztu, eta hiriak eta haien sarbideak indartzea. Hor badaukagu elementu bat: AHTa. Egituratzailea eta lehiakorra izango dela diote, baina hiriburuak baino ez ditu lotzen. Erdigune eta hirietarako joera indartuko du. Eredu desarrollista bat da. Herriak ez dira agertzen Eusko Jaurlaritzaren plan estrategikoan, eta ondorioak ekarriko ditu.

Ipar Euskal Herrian ere kostaldean kontzentratzen ari dira biztanleak, eta Nafarroan, hiriburu inguruan.

Nafarroan izugarria da nola ari diren herriak jendez husten. Arreta gabe geratzen ari dira: biztanle gutxiago, bitarteko gutxiago, zerbitzu gutxiago... eta proiektu alternatiboak garatzeko aukera gutxiago. Alternatiba asko sortzen da landa eremutik, baina ondare hori ere galtzen ari gara. Eta galduz gero, berreskuraezina izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.