Indarkeriei buruzko txostena egin dute Errenterian

2015eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Memoriaren Egunaren harira, Memoria partekatu baterantz, Errenterian 1956tik 2013ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria ekintzei buruzko txostena aurkeztuko dute asteartean Errenterian (Gipuzkoa). Iaz, Argituz elkarteari eskatu zion udalak lan hori egiteko, eta udaleko alderdiek aho batez onartu dute emaitza zabaltzea. 19:30ean Niessen aretoan egingo duten ekitaldian aurkeztuko dute txostena, eta mahai inguru bat ere egingo dute, Nazioarteko Zuzenbidean doktore Felipe Gomez Isa eta dokumentuaren egile Sabino Ormazabal eta Bertha Gaztelumendirekin.

Txostena egiteko, bederatzi lagun elkarrizketatu dituzte: besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde eta Errenteriako alkate izandako Miguel Buen, eta herrian zinegotzi izandako HBko, EAJko, EAko, PSE-EEko eta PPko eta EBko kideak.

Beste hainbat udalerritan ere egingo dira Memoriaren Eguneko ekitaldiak. Hernanin (Gipuzkoa), esaterako, udaleko alderdi guztiek —EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Orain Hernani— deitu dute ekitaldi batera: 19:00etan egingo dute, Ave Maria parkean. Azpeitian (Gipuzkoa) ere ados jarri dira udalean ordezkaritza duten alderdiak—EH Bildu eta EAJ—, Eudel Euskal Udalen Elkarteak egindako deialdiarekin bat egiteko. Bilkura isilera deitu dute: asteartean, 19:00etan, herriko plazan. «Uste dugu udala osatzen dugunon artean pauso bat gehiago eman dezakegula», esan zuen atzo Eneko Etxeberria alkateak. Herritar denei egin zien gonbita, «elkarbizitzan» aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.