Ugariak izango dira gaur indarkeria matxistaren kontra egingo dituzten mobilizazioak. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak kaleak hartzeko deia egin du. Indarkeriarik gabeko bizitzak! Bizirik, libre eta antolatuta lelopean, manifestazioak antolatu dituzte Euskal Herriko bost hiriburutan eta beste hainbat herritan. Indarkeria matxista ororen aurka mobilizatuko dira, eta argi utziko dute «aski» dela.
Hiriburuetako lehenengo manifestazioa Donostian egingo dute: Bulebarretik abiatuko da, 12:00etan. Ordu erdi geroago, Gasteizen hasiko dute protesta, San Antonen. Beste hiriburuetako manifestazioak arratsaldean egingo dituzte. Baionan, Askatasuna plazatik hasiko dira, 17:00etan. Iruñean, Gazteluko plazan ekingo diote mobilizazioari, 18:00etan. Eta Bilbon, berriz, Jesusen Bihotza plazan, ordu berean. Mugimendu feministak aste honetan bertan adierazi du gainontzeko herrietako eta auzoetako deialdiei adi egoteko.
EAEko Arartekoak bat egin du indarkeria matxistaren kontrako aldarriarekin, indarkeria horrek «egunero» eraso egiten baitie «emakumeen duintasunari eta oinarrizko eskubideei», modu askotako adierazpenen bitartez. Halaber, esan duenez, nahiz eta erakundeek eta gizarteak berdintasunaren aldeko ahalegin handia egin duten, azkenaldian «belaunaldi berriak kultura matxista hori modu kezkagarrian» bereganatzen ari dira: «Ustez gainditutako balio matxista zaharrek oraindik kutsatu egiten dituzte emakume eta gizon gazteen arteko harremanak; are gehiago, baita nerabeen artekoak ere».
Sexu indarkerian jarriko du arreta aurten Nafarroako Gobernuak. Sexu indarkeriak. Gertatzen ari dira lelopean, emakumeen askatasuna aldarrikatu nahi dute, eta «berariazko onespena» funtsezkoa izan dadila harreman afektibo-sexualetan. Patricia Abad Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendariaren arabera, emakumeen onespena ez da kontuan hartzen: «Haien desioak eta espektatibak gutxietsi egiten dira; sarri, gizon batek bere desioak eta espektatibak inposatzen ditu, eta, beraz, emakumeari eraso egiten dio».
Kalitatezko sexu heziketa
Emakundek emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko «eguneroko jarrera aktiboa» izatera animatu ditu herritarrak, eta gaurko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, indarkeria hori da «emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren sinbolorik gogorrena». Berdintasun politikak aldarrikatu ditu, «arazo hori amaitzeko».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzio publikoekin batera, Emakundek pornografia izan du hizpide aurtengo kanpainan. «Indarkeria eskola bat» dela salatu dute. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak kanpainaren aurkezpenean emandako datuen arabera, gazteen herenek uste dute pornografiak «eragin handia» duela beren sexu harremanetan. Hala, esan zuen pornografia hegemonikoa «iruditeria erotiko kolektibo bat» eraikitzen ari dela, «non emakumeen aurkako jarrera bortitzak normalizatzen diren». Izan ere, eszena pornografikoen %88,2k emakumeen kontrako indarkeria erakusten dute, «bai fisikoa, bai hitzezkoa».
Egoera horren jakitun, Elgarrestak argi utzi du ezin dela onartu «umiliazioa eta menderakuntza erotiko bihurtzea, indarkeria naturalizatzea, sexua eta bortizkeria nahastea». Nerabeei «kalitatezko sexu heziketa» eman behar zaiela adierazi du.