Euskal presoak

Indarkeriaren zenbait biktimak bat egin dute Sareren manifestazioarekin

«Ez dugu nahi gure isiltasuna inork erabil dezan beste inori sufrimendua eragiten jarraitzeko»

Ezkerretik, Ibon Garate, Rosa Rodero eta Unai Romano. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko abenduaren 16a
12:01
Entzun

Indarkeriaren hiru biktimak agerraldia egin dute, Sarek urtarrilaren 7rako antolatu duen manifestazioari babesa emateko. Rosa Rodero (ETAk 1993an hildako Joseba Goikoetxea Ertzaintzako buruaren alarguna), Unai Romano (Guardia Zibilak torturatu egin zuen 2001ean) eta Ibon Garate (haren anaia Ruben Garate auto istripuz hil zen 2000ko otsailean, Alcala Meco espetxean preso bat bisitatzetik zetorrela) agertu dira hedabideen aurrean. Asun Lasak, GALek 1983an hildako Joxean Lasaren arrebak, bat egin du gainerako biktimen adierazpenekin, agerraldian egoterik izan ez badu ere.

Biktimek gogorarazi dute ez direla politikariak, ez dutela beste inor ordezkatzen, eta beste hainbat arlotan seguru asko ideia eta pentsamolde oso desberdinak dituztela. «Baina hori ez da garrantzitsua», esan dute. «Guztiok jasan dugu indarkeria, eta hemen gaude esateko ez dugula nahi gure isiltasuna inork erabili dezan beste inori mina eta sufrimendua eragiten jarraitzeko».

Batez ere, bi eskakizun plazaratu dituzte biktimek. Alde batetik, uste dute «aitortzeko eta laguntza emateko neurriak» aplikatu behar zaizkiela «indarkeria guztien biktimei, salbuespenik egin gabe». Haien ustez, indarkeria jakin batek eragindako mina ez da beste batek eragindakoa baino handiagoa edo txikiagoa: «Ezin da denbora gehiago pasatu guztiei neurri berak aplikatu gabe».

Beste aldetik, lau biktimek uste dute euskal presoen auziak «konponbide justu eta legezkoa» behar duela. «Hamarkada askoan presoek eta batez ere haien senideek jasan duten urruntze politika atzean geratzeko bidean dago», gogorarazi dute; «garaia da legea eta justizia salbuespenik gabe aplikatzeko eta, beraz, etxera itzultzeko bidea has dezaten, legeak hala ezartzen badu».

Urtarrilaren 7an, goizean, Sarek topaketa bat antolatuko du Bilboko Euskalduna jauregian, indarkeria pairatutako zenbait biktimaren artean, «elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko premiak batuta». 17:00etan, berriz, Sarek manifestazioa egingo du Bilbon; han egongo direla iragarri dute biktimek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.