Indarkeriaren «mila aurpegiak» salatzera

Larunbatean bortizkeria sexistaren aurkako nazio manifestazioan parte hartzera deitu du mugimendu feministak

Mugimendu feministako kideen agerraldia, atzo, Bilbon, manifestaziora deitzeko. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Emakumeen aurkako indarkeria egiturazkoa bada, horren kontrako borrokan egitura bera aldatu behar da. Hori iritzita, «eredu politiko, ekonomiko eta ideologiko» berriaren alde egingo du Euskal Herriko mugimendu feministak datorren larunbatean Bilbon, 18:00etan, Arriaga plazatik abiatuko den manifestazio nazionalean. Indarkeria sexistak mila aurpegi. Erantzun! lelopean, andreen aurkako bortizkeriak «forma eta esparru asko» dauzkala salatuko dute: «Makineria sozial, politiko, kultural, juridiko eta ideologiko osoan dago presente».

Zerrenda luzea dakar emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak aipatzeak, baina feministek beharrezkotzat dute, «bikote harremanen barruko hiperindarkeria soilik erdigunean jartzeak beste indarkeria batzuk itzalean utzi baititu». Hala, eraso eta erasotzaile ugari nabarmendu dituzte: polizia etxeetan emakumeek salatutako tratu txar eta torturak, nagusi eta lankide gizonek langileei egiten dieten sexu jazarpena edo gutxiespena, lan berdinagatik soldata baxuagoak, zaintza eta ugalketa lanean egindako orduen aitortza ekonomiko eta sozialik eza, andreek utzitako ondare historikoa ezkutatzea...

Feministek gogoan izan dute, halaber, andre etorkin asko babes gabe daudela, «justiziarako biderik ez dutelako», baina sistema judiziala ere ez da haien kritiketatik kanpo geratu: «Indarkeria egoerak justifikatzeko, andreei erasoak probokatzea egozten diete epaile eta fiskalek». Hedabideez ere mintzatu dira, emakumeak «gizonek kontsumitzeko objektutzat» agertzen dituztela salatzeko, baina indarkeriaren aurkako lanean sakon dezaten eskatzeko ere bai: «Komunikatzeko eredua aldatzeko lan egiten dugu, emakumeen ohiko rol gutxiagotua mantentzen laguntzen duelako».

Indarkeriari aurre egiteko emakumeen jabekuntzaren aldeko apustua egin du mugimendu feministak, autodefentsaren eta emakumeen arteko elkartasunaren bidez: «Emakumeok, bakarka eta taldeka, defendatzeko eta indarkeriari erantzuteko ahalmena eta gaitasuna dugu. Kalean, esparru publikoan zein pribatuan, libre izan nahi dugu». Baina erakundeei ere ardura eskatu die: «Andreen bizi-baldintzak hobetuko dituzten kalitatezko neurriak eta baldintzak galdatzen ditugu».

Era berean, bikote barruko indarkeriaren oinarrian «familia patriarkalaren instituzionalizazioa» dagoela salatu dute feministek. Eliza katolikoaren ikusmoldetik urrundu beharraz jardun dira, bestelako eredu bat eraikitze aldera: «Gure aldarrikapenek pertsona libreen arteko harremanak planteatzen dituzte, familiaren loriarako ezarritako araudi heterosexualetatik at».

Euskal Herri osoko 40 talde feminista baino gehiagok egin dute manifestaziorako deia; tartean daude Bizkaiko eta Arabako emakumeen batzarrak, Medeak, Bilgune Feminista, Plazandreok, Garapen, Munduko Emakumeak, FeministAlde, Argitan edo Lanbroa. Datozen egunotan eragile politiko, sozial eta sindikalen atxikimendua jasoko dute.

Sei gizon atxilotuta

Genero indarkeria delituak egotzita, Ertzaintzak sei gizonezko atxilotu ditu azken egunotan Bizkaian eta Gipuzkoan, horietako hiru urruntze aginduak urratzeagatik. Ostiralean izan ziren atxiloketok: 33, 36 eta 21 urteko gizon bana atzeman zituzten Sestaon, Trapagaranen eta Bilbon.

Ostiralean 36 urteko gizon bat ere atzeman zuten ertzainek Errenterian, kalean bikotekidea bortxatzen saiatzen ari zela. Erasotzaileak bortxaz erantzun zien poliziei, «emaztea» zela esanez, eta ertzainek «indarra» erabili zuten gizona mendean hartzeko. Biktimak poliziei eraso zien, gizona eraman ez zezaten, eta emakumea ere atxilo hartu zuten ertzainek. Gainera, 34 urteko gizon bat atzeman zuten Barakaldon, bikotekide ohiari etxean eraso ziolakoan. Adin bereko beste gizon bat atxilotu zuten atzo Lasarte-Orian, bikotekidea eskaileretan behera botatzea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.