Adingabeak

Indarkeriaren biktima diren hamar adingabetatik zortzi neskak dira

Save the Children erakundeak umeen kontrako sexu erasoei buruzko sententziak aztertu ditu, eta ondorioztatu du prozesu judiziala luzatu egin dela.

Biktimak deklaratzeko baliabide egokiak behar direla dio Save the Children erakundeak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urriaren 5a
13:43
Entzun

Adingabeen kontrako hamar sexu erasotatik zortzitan, erasotzailea familiako kide bat edo umearen ezagun bat izan ohi da. Hala dio Save the Children erakundeak argitaratu berri duen txosten batek: Por una justicia a la altura de la infancia (Haurtzaroaren pareko justizia batengatik). Dokumentua egiteko, adingabeen kontrako sexu erasoei buruzko 400 sententzia inguru aztertu dituzte, eta horietako 46 Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak dira.

Ikerketa aurrera eraman badute ere, datuak lortzea zaila izan dela aitortu du erakundeak. Izan ere, sexu indarkeria «haurtzaroaren kontrako indarkeria mota larrienetako bat» dela diote, baina oharkabean pasatzen dela. Hala baieztatu du Catalina Perazzo erakundeko eragin sozial eta politikoko buruak: «Datu horiek izebergaren punta besterik ez dira, sexu-abusu kasuen %15 bakarrik salatu ohi baitira. Uste da gisa horretako kasuak ez direla existitzen, eta gure inguruko ume bati erasotzen badiote nabarituko genukeela, baina datuek ez diote hori».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuak aztertuta, biktimen profila nahiko zehatza da: neska eta 10-14 urte bitartekoa. Biktimen %80 eta %63, hurrenez hurren. Erasotzaileari dagokionez, gehienak −%80 inguru− ezagunak izan ohi dira umearentzat, familiakoa izan ala ez. Eraso horiek salatzeko prozesua, berriz, biktimak berak eta haren amak aktibatu ohi dute.

2019-2020ko alditik prozesu horren iraupena nabarmen luzatu dela azpimarratu du erakundeak, horrek dakarren guztiarkein. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, erraterako, prozesuak bi eta hiru urte bitarte iraun zuen aztertutako kasuen ia %24ean. Tarte horretan kokatzen da, gainera, kasuen gehiengoa. Prozesu horretan biktimak deklaratu behar du, hori baita ebidentziarik garrantzitsuenetako bat. Forga hori jasotzen den moduaz hausnartu du Perazzok: «Garrantzitsua da baliabide egokiak izatea deklarazio hori jasotzeko eta epaiketan erabili ahal izateko. Ez da bidezkoa ume batek gertatutakoa behin baino gehiagotan kontatu behar izatea, baina gaur egun ohikoa da».

Hori ez gertatzeko, eta umeak deklarazioa behin bakarrik egiteko, aurretiazko froga delakoa eraman behar da epaiketara. Hau da, biktimaren deklarazioa grabatu egiten da, behin eta berriz ez dezan hitz egin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuen ia %80etan ez da froga mota horri buruzko aipamen bakar bat ere egiten. Hala ere, biktimaren deklarazioa epaiketen ia %70etan erabili zen. Prozesua luzea izanda ere, elkarteak dio gehiengoetan kondenak daudela −Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, kasuen %90etan− eta absoluzio gehienak froga faltagatik egin ohi direla.

Proposamena

Salatzen diren kasu bakan horien gehiengoetan erasotzailea kondenatzen badute ere, erakundeak argi du oraindik ezartzeko dagoela umeak sexu erasoetatik babesten dituen «justizia sistema espezializatu» bat. Hala, zenbait proposamen bildu dituzte txostenean: epaitegi eta talde tekniko espezializatuak beharrezkoak direla diote, batez ere probintzia auzitegietan. Horrez gain, esan dute umeak biktima diren kasu guztietan parte hartu beharko lukeela haurtzaroaren aurkako indarkerian aditua den fiskaltzak.

Aurretiazko froga egitearen garrantzia ere azpimarratzen du dokumentuak: «Hori egitea aukera bat da biktima urruntzeko epaitegiko instalazioetatik, horrek dakarren guztiarekin. Gainera, beharrezkoak ez diren deklarazioak eta azterketak ez egiteko aukera ere bada». Horrekin lotuta, erakundeak proposatu du Barnahus eredua ezarri dezatela: adingabe batek sexu eraso bat pairatzen duenean erantzuteko eredu bat da, arreta integraleko. Kasu horietan, esku hartu behar duten guztiak koordinatu egiten dira, eta leku berean egiten dute lan, biktima ez birbiktimizatzeko. EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, jada martxan dago proiektua: urtearen amaieran irekiko dute, Gasteizen.

Save the Childrenek egindako propsamenak ez dira berriak, haurrei egindako sexu erasoak nola kudeatzen diren aztertu baitzuten 2017an. Lau urte geroago, bertze dosier bat zabaldu zuten sistema judizialak adingabeek eskubideak errespetatzen dituen ala ez ikusteko. Izan ere, duela bi urte Espainian aurrerapen bat izan zen haurrak biolentziatik babesteko legedian −Hego Euskal Herrian ere eragina du−. 8/2021 Lege Organikoa onartu zuten, zeinean ezartzen den prebentzioa funtsezkoa dela indarkeria mota hori eragozteko. Hala ere, gaur egun ez dago adingabeak indarkeriaz babesten dituen lege espezifikorik, ez Hego Euskal Herrian, ez Espainian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.