BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeak azken manifestazioa egin zuen atzo, Bilboko kaleetan. ETAren jardun armatua amaituta, jai giroan egingo zutela aurreratu zuten, eta hala egin zuten, poztasun eta ilusio handiz. BAKen azken mobilizazioa hastapenetan hasi ziren bezala amaitu zuten, «egin ahal genuenaren duintasunarekin, geunden tokian eta geneukan apurrarekin», adierazi zuten manifestazioaren amaieran. Aspalditik lortu nahi zuten etorkizunera heldu direla azpimarratu zuten. «Emozio berezia ez ezik, ibilbide luzea ere egin izanaren harrotasuna senti dezakegu».
25 urteko ibilbidean, hainbat kilometro egin dituzte pankartaren atzean, milaka minutu isilik, «bakezko elkarbizitza sendotzeko, zuzenbide estatuaren oinarri etikoak babestuz». Atzo, azken kilometroa egin zuten ehunka herritarrek Bilboko Kale Nagusian zehar, eta ,udaletxe parean, minutu bateko azken isilunea egin zuten, Koordinakundearen 25 urteko ibilbidean hildako pertsona guztien oroimenean.
Azken manifestazio horrek, beraz, atzera begirako kutsua izan zuen. Horren lekuko, 25 urteetan egindako elkarretaratzeetan kalera ateratako 10 pankarta jarri zituzten berriz ere agerian, iraganeko mezuak azken aldiz berreskuratuz. Pankarta horietan guztietan azkena, atzoko manifestazioari leloa eman zion Lortu dugu jartzen zuena zen. Haren atzean, herritarrak, eta EAJ, PSE-EE, PP eta Ezker Anitza-IU alderdietako ordezkariak, eta hainbat eragileetako aurpegi ezagunak ere bildu ziren.
25 urteko lanaren aitortza
BAKi hainbeste urtez egindako «lan isil eta askotan bakartua» eskertu zioten politikariek atzoko mobilizazioan. «BAKek inork baino hobeto irudikatzen du euskal gizartearen gizalegea, askotan bakartua egon arren. Horregatik omenaldia zor diogu», Patxi Lopez lehendakariak adierazi zuenez. Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak ere esker oneko hitzak izan zituen koordinakundearentzat, «behar izan genuenean euren babesa jaso baikenuen beti». Horregatik, atzoko egunean bertan egotea beharrezkotzat jo zuen.
Mikel Arana Ezker Anitza-IUko koordinatzailea, bestetik, haratago joan zen. «BAKek urte hauetan guztietan antolatu dituen kontzentrazioetan parte hartutako pertsonak omentzeko aukera paregabea da gaurkoa», haren hitzetan.
Etorkizunari begira
«Gure lana eginda dago, baina oraindik gauza asko dago egiteko», Xabier Askasibar BAKeko koordinatzaile ohiaren esanetan. Ildo politiko, sozial eta etikoan oraindik egiteko lan handia dagoela azpimarratu du, «baina etorkizunak memorian oinarrituta» egon behar duela gogorarazi du. Baina alde bietako biktimak aintzat hartuta.
Espetxe politikan ere aldaketak egin beharrekoak direla uste du, baina «gauzak pixkanaka egin behar dira». Izan ere, biktimak gogoan izan behar direla adierazi du, beraz, «aldaketak ezin dira azkar eta gaizki egin, aldaketa guztiak pixkanaka egin beharko dira».
Duela mende laurden hasitako bidean, «ez dugu sekula mendeku eta gorrotoaren iturrietan egarria ase», adierazi dute manifestazio amaieran. «Demokrazia eta giza balioen defentsa oinaze gehien eman digutenentzat ere aplikatzen dugu». Horregatik, indarkeria «zuritzen eta azaltzen» jakin dutenek aurrerapausoak eman behar dituztela adierazi dute. Eta, era horretan, euren buruari eta euskal gizarteari «kartzeletan galdutako bizitzak, eta euren ekintza hilgarriek galarazitako bizitzek» zertarako balio izan duten azaldu beharko dutela ohartarazi dute.
Behin manifestazioa amaituta, pankarta guztiak bildu zituzten, betiko. 25 urtean aldarrikatutako bake eskaera orain errealitate da. «Orain, bakezko elkarbizitzaren hastapenei balio berezia emateko unea da. Izuaren tunelaren iluntasuna ahazteko unea, baita hodeiertz garbiari diosala egitekoa ere».
Indarkeriak zertarako balio izan duen azaltzeko eskatu du BAKek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu