Tania Martinez Portugal. Politologoa eta ikertzaile feminista

«Indarkeria sexista ez da jartzen beste bortxa politikoen mailan»

Komunitate aktibistetan bortizkeria sexista nola gertatzen den aztertu du Martinezek. Nabarmendu du ikerketa horiek tresna «paregabea» direla biolentzia horren «estereotipo eta mitoen» aurka egiteko.

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Sexismoaren aurkako diskurtsoa txertatua duten testuinguru aktibistetan ere «errepikatu eta legitimatu» egiten dira: gizarte mugimenduetan, sindikatuetan, gobernuz kanpoko erakundeetan, hedabide alternatiboetan, alderdi politikoetan…. Halako egoeretan gertatutako kasuak ikertu ditu Tania Martinez Portugal ikertzaile feminista eta politologoak (Etxebarri, Bizkaia, 1983), Emakunderen diru laguntza baten bitartez. Indarkeria sexista pairatu duten eragileen bizipenak jaso ditu, aurrez aurre, eta beste iturri akademiko batzuekin elkarrizketan jarri ditu. «Parte hartu duten emakumeek ekoiztu dituzten ezagutzen balioa nabarmentzeko helburua izan du ikerketak».

Zer hipotesi zenuen ikerlana hasi zenuenean? Zein zen zure abiapuntua?

Ikerketa hasi nuen nik bizitako esperientzia bati esanahia bilatu nahian. Urteak dira mugimendu sozialetan ahots kritikoak daudela gai horri buruz. Horrek prozesu sortzaile oso garrantzitsuak ahalbidetu ditu, eredugarriak; horietatik asko ikas dezakegu bortizkeria kasuak kudeatzeko orduan. Ordea, indarkeria sexista pairatu duen emakumearentzat oso gogorra izan daiteke bere kolektibora jotzea justizia bila eta halakorik ez jasotzea. Hau da, kanpoan gertatzen diren portaera berberak gertatzen direnean.

Alegia, komunitate aktibista, sexismoaren aurkako diskurtsoa bere egin arren, heteropatriarkatuaren esparruaren arabera mugitzen da?

Bortxa sexista ahalbidetzen duten logikak gizartean edonon gertatzen dira, baita testuinguru aktibistetan ere. Bortizkeria egiturazkoa dela esaten dugu, baina zaila da ikustea horrek nola funtzionatzen duen geure buruan. Elkarrizketatutako aktibista batek esan zuen pertsona askoren bizitzaren zati garrantzitsua dela militatzen duen kolektiboa, eta gogorra dela aitortzea talde horren barruan gizartearen jokabide berberak daudela. Komunitate aktibistetan bortizkeria sexista erreproduzitzeko moduak aztertzeak aukera paregabea ematen du mito horiek desegiteko modua ikusteko. Asmoa ez da mugimendu sozialen kontra egitea, baizik eta errealitate hori eraldatzeko tresna bat sortzea.

Elkarte edo sindikatuen barruan gertatutako indarkeria sexistako kasuetan ezaugarri bereziak antzeman dituzu.

Zehaztasun horiek emakumezkoaren bizipenak baldintzatuko dituzte. Adibidez, tratu txarrak ematen dituen pertsonaren estereotipoa. Irudi hori ez dator bat mugimendu sozialetan bere jarduera politikoa gauzatzen duten gizonezko militante erreferenteekin, ezta gizon horiek igortzen dituzten balioekin ere. Bestalde, bere burua feministatzat duen emakume batentzat gogorra da horrelako egoera batean ikustea bere burua. Bizi izandako hori indarkeria sexista gisa definitzeko prozesua luzea da. Halaber, elkarrizketatu ditudan emakumeek beren bizipenak bihurtu zituzten eraldaketa sozialerako tresna.

Ikerketaren ondorioetan hiru baldintza zehaztu dituzu.

Aurrez zehaztu nahiko nuke komunitate aktibistak heterogeneoak direla. Kolektiboen barruan ere askotariko jarrerak daude. Beraz, orokortzeko arriskua kontuan izanda, hiru mito antzeman ditugu. Batetik, uste izaten da indarkeria sexista komunitate aktibistetatik kanpo gertatzen dela: askotan pentsatzen da ezkertiarra eta feminista izanez gero sexismoa gainditua dagoela, eta ez da hala. Bestetik, borroken mailaketa dago. Historian behin eta berriz gertatu izan da hori: feminismoarekin lotutako gaiak bigarren mailan gertatzen dira. Indarkeria sexista ez da jartzen beste bortxa politikoen mailan.

Hirugarren berezitasun gisa, indarkeria jasan duten emakumezko ekintzaileen subjektibitate feminista aipatu duzu. Nola gertatzen da hori?

Indarkeria sexistaren inguruan gailentzen diren estereotipoek ideologia heteropatriarkalari erantzuten diote. Emakume batek pairatu duenari izena jarri nahi izatea erresistentzia seinale bat da. Ordea, bilatzen dituen esanahiak ez datoz bat indarkeria ahalbidetu duen iruditeria sozialean daudenekin. Ezbaian jarri behar da iruditeria horren neutraltasuna. Hori da erresistentzia: emakume horien bizipenak iruditeriaren gainetik jartzea; esanahiak zehaztea.

Aipatu duzu hainbat sektoretatik lan egiten ari direla iruditeria hori desegiteko. Zeintzuk izan daitezke ildo nagusiak komunitate aktibisten barruan?

Mugimendu feministarekin aliantzak egitea, adibidez. Aspalditik, mugimendu feministak aurre egin die heteropatriarkatuaren esanahiei. Lan erabakigarria egin dute, baita gizarte mugimenduetan lan egiten duten emakume feministenak. Horiek egin duten presio politikoak modua ekarri du gauzak aldatzen hasteko. Mugimendu mistoen agenda politikoan gai feministak jorratzea ekarri du lan horrek. Hasteko, horri garrantzia aitortu behar zaio. Halaber, ardura berezia eskatu behar zaie gizonezkoei. Konpromisoa izan behar da, diskurtsotik harago.

Ikerlanaren aurkezpenean pribilegioen gaineko hausnarketa aipatu duzu.

Prozesu zaila da, luzea, eta, benetan ondo egin behar badugu, kolektibo osoaren konpromisoa beharko da. Prozesuen artean maila asko daude: ekinaldi puntualetatik —hizkuntza barneratzailea izatea, adibidez—, militantzia eredu berriak sortu behar direla eta horretan ari direnetara arte.

Argudiatu duzu indarkeria sexistaren iruditeriari aurre egiteko emakumeen ahotsak erdigunean jarri behar direla. Ikerlanean ildo horri jarraitu diozu?

Emakumeen ahotsak erdigunean jartzea, teoria garatzeko premisa gisa. Ikerketa egiteko metodologiak lotura zuzena du horrekin. Emakumezkoen lekukotzak informazio gisa erabiltzen ditugu, baina haien ahotsei aitortza ere egiten diegu, garatu dituzten hausnarketei eta ikasketei teoria maila emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.