Indarkeria psikiatrikoaren kontra protesta egin dute Bilbon

Dozenaka lagun elkartu dira, eta terapia psikiatrikoak salatu dituzte. Elektroshockak eta euste mekanikoak erabiltzeari uzteko eskatu dute, 31 puntuko agiri batean.

Harro Zoro Erradikalaren Eguna, gaur, Bilbon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Harro Zoro Erradikalaren Eguna, gaur, Bilbon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Mikel P. Ansa - Gotzon Hermosilla
2024ko maiatzaren 25a
16:05
Entzun

Harro Zoro taldeak deituta, dozenaka herritar bildu dira Bilbon eguerdian, eta «indarkeria psikiatrikoa» deitoratu dute. Agiri bat plazaratu dute, 31 eskarirekin. Tartean, aipatu dute «nahitaezko ospitaleratzeak» eta elektroshockaren erabilera bertan behera utzi beharko liratekeela. Eredu «biomedikoaren» kontra egin dute, eta zehazki esan dute: «Sufrimendua ez dadila gaixotasuntzat hartu».

Zorotzat jotzen diren pazienteak tratatzeko moduekin kritiko agertu dira, eta, orobat, terapia psikiatrikoak «abolitzeko», psikologoen eta psikiatren elkargoak desegiteko eta auzi sozial ugari —kalean bidi ziren pertsonak, adingabeen unitateak, sexu-genero identitatearekin loturiko kasuak...— despatologizatzeko eta psikiatrizatzeari uzteko eskatu dute. Botiken erabilera eteteko ere bai.

Gogora ekarri dute psikiatrikoetan ez ezik zahar etxeetan, migratzaileak atxikitzeko zentroetan, adingabeentzako zentroetan eta kartzeletan ere jendeari eusteko tresna mekanikoak erabiltzen direla, eta horiek erabiltzeari uzteko ere eskatu dute. Baita historia medikotik aurrekari psikiatrikoak kentzeko ere, eta psikiatrizatutako pertsonen gaineko estigma ez indartzeko. Eta beste eskari zehatz askoren artean, oro har, «psikiatria abolitzea» galdegin dute.

Euskal Herrian, 2018tik

Mad Pride edo Zoro Harrotasunaren eguna 1993an egin zuten lehen aldiz, Toronton (kanada). Orduz gero, mundu osora zabaltzen ari da, eta Euskal Herrian 2018an egin zuten lehen aldiz. Gaurko manifestazioa Unamuno plazan hasi dute, eta Santutxun festa bat eginda bukatu dute Zoro Harro Erradikalaren Eguna.

Heiko Elbira Zoroa taldeko kide eta gaurko mobilizazioaren antolatzaileak adierazi du oraindik ere jendea «behartu» egiten dutela tratamendu batzuk izatera: «Giltzapetu egiten dituzte, euste mekanikoak ezartzen, eta abar». Eta gogora ekarri du Euskal Herrian elektroshocka erabili egiten dela oraindik; hamabost elektroshock baino gehiago jaso dituzten bi kide dituzte taldean.

Pazienteei errezetatzen dizkieten botikekin ere oso kritikoak dira: «Ez dute sendatzen, eta albo ondorioak izugarriak dira, batez ere luzera begira. Guk ez diogu inori esaten botikak hartzeari uzteko, norberaren erabakia da, baina uste dugu ez liratekeela lehen aukera gisa errezetatu behar».

Aldiz, gaur egun gaixotasun mentaltzat hartzen diren fenomeno askoren atzean baldintza sozialak daudela uste dute taldeko kideek: langabezia, lan prekarioak, indarkeria matxista... «Azken emaitza psikiatrizazioa da. Arazoa indibidualizatu egiten da: arazoa zeurea da, eta terapia behar duzu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.