Indarkeria polizialaren biktimen legea aurrera atera da, kritika artean

Laukoak azpimarratu du aitortza eta erreparazioa zor zaizkiela biktimei. UPNk, PSNk eta PPk auzitan jarri dute legea konstituzionala ote den

Maria Jurio PSNkoa hizketan, indarkeria polizialaren biktimen legeari buruzko otsaileko eztabaidan. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Auzitegi Konstituzionalaren itzal luzea gainean duela, parlamentuak aurrera atera zuen atzo indarkeria polizialaren biktimen legea. Lau alderdiek eurek baiezkoa eman zioten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak hitzartutako eta bultzatutako legeari. PSN abstenitu egin zen, eta UPNk zein PPk kontra bozkatu zuten. Ez ziren kritikak falta izan, alde batetik zein bestetik. Iazko udan Konstituzionalak 2015eko legea baliogabetu ondotik, laukoak azpimarratu zuen oraingo legeak biktimei segurtasun juridikoa eman diela, baina hain zuzen horregatik gabeziak dituela kritikatu zuten. Tramitazio osoan egin bezala, UPNk, PSNk eta PPk auzitan jarri zuten legea konstituzionala den ala ez.

Mariano Rajoyren gobernuak helegitea jarri zion parlamentuak 2015ean onartutako legeari, eta iazko uztail amaieran haren eduki nagusia baliogabetu egin zuen Auzitegi Konstituzionalak —dena den, bost magistratuk legea babestu zuten boto partikular bidez—. Lege hark egia eta erreparazioaren batzorde independente bat osatzea bultzatu zuen, baina Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen, sistema judizialaren eremuan sartzen zela arrazoituta. Gauza bera ez gertatzeko, atzo onartutako legeak epaiaren argudioak aintzat hartu ditu.

Legean, aitortzaren eta erreparazioaren batzorde bat aipatzen da, baina organo hori Nafarroako Gobernuaren menpe egongo da, eta prozedura administratibo batez argituko da biktima bakoitzaren kasua. Legeak ondo bereizi nahi ditu administrazioaren esparrua eta justiziarena, eta argi uzten du ez duela «inondik ere» zigor xederik; erasotzaileei baino, biktimei erreparatuko die.

Legearen gabeziak

Eztabaidan, Geroa Baiko Koldo Martinezek onartu zuen lege horri esker aitortza eta erreparazioa emango zaizkiela motibazio politikoko biktimei, nahiz eta beste hainbat kanpoan utzi. «Memoriaren kudeaketa oso baten aldekoak gara. Biktimak aintzat hartuko dituen memoria babesten dugu, bai, baina baita ere hilketen egileak: nork eragin zuen, nork egin zuen zaintza lana, nork eman zuen agindua, nork gauzatu erasoa, nork atera etekina...». Indarkeria ororen biktimek egia ezagutu behar dutela defenditu zuen; bere ustez, Konstituzionalak «mugak» ezarri dizkie.

Epai horretan, auzitegiak aldarrikatu zuen zigor arloan kasu horiek ikertzeko erreserba bat dagoela, baina EH Bilduko Bakartxo Ruizen ustez, argudio hori auzitan jar liteke juridikoki: «Bost magistratuk, tartean Conde Pumpidok [Espainiako Fiskal Nagusi ohiak], aipatu zuten ez zutela ezagutzen erreserba hori». Ruizen aburuz, Konstituzionalaren epaia oso kontuan hartu behar izan dute legea egitean: «Nahi duguna esan dezakegu, baina lehen eta bigarren mailako biktimak daude, eta lege honek ez du bultzatzen bigarren mailakoak lehen mailako izatera pasatu daitezen».

Hala ere, PSNko Inma Juriori «zalantzak» eragiten dizkio legeak, «biktimei baino gehiago erasotzaileei erreparatzen zaiolako». Jurioren ustez, alderdi batzuen xedea izan da Espainiako Gobernuak errekurtsoa jartzea .

UPNren arabera, Madrilgo gobernuak errekurtsoa aurkeztu beharko luke, «konstituzioaren kontrakoa delako zantzu argiak daudelako». Haien ustez, Nafarroako Gobernuaren helburuetako bat da «indarkeriaren kontakizuna berridaztea». PPko Ana Beltranen ustez, legeak ez du aurrera egingo «hurrengo gobernuak baliogabetuko duelako edo konstituzioaren aurkakotzat joko delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.