Ekitaldi «historkoa» eta «hunkigarria» izan da gaur iluntzean Iruñeko Baluarte aretoan: Nafarroako Gobernuak antolatuta, eskuin muturreko taldeek eta polizia indarrek eragindako motibazio politikoko lehen biktima taldearen aitortza eta erreparazio ekitaldia egin dute. Ana Ollo lehendakariorde eta Oroimen eta Bizikidetza kontseilaria izan da gobernuaren ordezkari gorena omenaldian. «Badakigu aitortza hau berandu heldu dela zuentzat, eta ez dela osoa. Zauri hauek ixtea zaila den arren, espero dut ekitaldi honek lagundu egingo duela luzaroan itxaron duzuen aitortza eta erreparazio horretan», esan die biktimei.
Hamabi pertsona omendu dituzte, ofizialki aitortutako lehen biktima taldea. Horien artean dira Mikel Arregi eta Mikel Zabalza, Guardia Zibilak 1979an eta 1985ean hilak, hurrenez hurren. Haien arrebek hitza hartu dute ekitaldian, eta esker ona adierazi. «Orain arte erabat gutxietsi gaituzte instituzioek, bai Nafarroakoek bai estatuak», gogoratu du Txaro Arregik. «Urte luzeak izan dira ilunean, eta iritsi da aurrerapauso inportante hau», gehitu du Idoia Zabalzak. Biktima guztiak egon dira ordezkatuta ekitaldian.
«Badakigu aitortza hau berandu heldu dela zuentzat, eta ez dela osoa».
ANA OLLONafarroako Gobernuko lehendakariordea eta Oroimen kontseilaria
Omenaldiaren garrantzia nabarmendu du Ollok ere: «Iraganean indarkeria ilegitimoa eta justifikaezina jasan zenutenoi aitortza egiteko eta erreparazioa emateko ekitaldia da hau. Gobernuan uste dugu orain min hori aitortuz soilik eraiki ahal izango dela etorkizunean gizarte egiaz demokratiko eta baketsu bat». Aitortza eta Erreparazio Batzordeko buru Martin Zabalzak, berriz, bidea txalotu du: «Aitortza eta erreparazio prozesu historiko batean gaude, bizikidetza demokratikorako esparruak eraikitze aldera». Ekitaldia urtero egiteko asmoa agertu du gobernuak, Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak eskatu bezala.
«Desberdintasunak gainditzeko» deia
Hain justu, bi talde horiek ere «garrantzitsutzat» jo dute motibazio politikoko biktima nafarrak aitortzeko gaurko ekitaldia. Egiaren garaia da. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat ekinaldiaren izenean, adierazi dute horrelako ekitaldi instituzional batek «indarkeria politikoaren biktimen eremuan dauden desberdintasunak gainditzen laguntzen» duela.
Bi erakundeek jakinarazi dute «garrantzia sinboliko handiko ekintza» dela biktima gisa aitortzen dituzten horientzat; «besarkada bat, hurbiltasuna eta konpromiso instituzionala sumatuko dituztelakoan gaude», esan dute ohar batean. Elkarte biek uste dute gaurkoaren moduko ekitaldiek «agerian» uzten dutela «ezinbestekoa» dela «giza eskubideen urraketen biktimei aitortza ofiziala eta erreparazioa emateko prozesua, 16/2019 legearen bidez».
Hala Egiari Zor-ek nola Nafarroako Torturatuen Sareak uste dute aspaldian hasitako prozesua espero zituzten «emaitzak» ematen ari dela. «Hasierako mesfidantza gainditzen ere lagunduko duela uste dugu. Izan ere, gogoratu behar dugu estatuaren biktimok ez dugula oroitzapen egunik, eta egokia bezain beharrezkoa dela urraketa berak jasan dituzten biktima guztiei eskubide berak bermatzea». Argumentazio horri jarraikiz, Egiaren garaia da. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat ekinaldiaren izenean eskatu dute Baluarten estreinakoz egin den aitortza ekitaldia «urterokoa» bihurtzea.
Hamabi biktima
Apirilaren 18an, Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko lehen hamabi biktimak aitortu zituen. Horiek dira gaurko erreparazio ekitaldian aitortza jaso dutenak. «Lehen aitortza horien bidez, babesa eman ahalko diegu eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publikoen biktima horiei. Orain arte ez zuten bermatua egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea», adierazi zuen Ollo kontseilariak, ebazpena plazaratu zenean.
Biktimen lehen zerrenda horretan dira indarkeriaren ondorioz hildako bi pertsona, Guardia Zibilak eraildakoak biak: Mikel Zabalza eta Mikel Arregi dira. Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten, eta, Intxaurrondon torturak jasan ostean, haren gorpua Bidasoa ibaian agertu zen. Arregi, berriz, Lakuntzako zinegotzi zen, eta 1979ko azaroaren 11ko gauean, beste lau lagunekin Ziorditik Lakuntzara itzultzen ari zela, guardia zibilek tirokatu zuten. Bertsio ofizialaren arabera, kontrol bati ihes egin zion. Baina ikerketa batzorde batek argi utzi zuen bertsio hura gezurra zela.
Gaurko ekitaldira iristeko, bide luzea egin behar izan da. 2023. urtearen hasieran, Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeak lau urte eta erdiko epea ireki zuen motibazio politikoko biktimek aitortza eskaerak egiteko. Oraindik epemuga urrun badago ere, hamalau hilabeteotan hirurogei espediente aztertu ditu batzordeak, eta apirilean heldu ziren lehen ebazpenak. Martin Zabalza Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia denetik, espediente kopuruak nabarmen egin du gora: urtarrilaren 31n, 41 espediente zituen esku artean, eta, orain, berriz, beste hemeretzi.